«Zodiakean 62 lagun sartu gintuzten, eta ni, bi umeekin»

Urtebeteko eta 2 urteko bi haurrekin heldu da Mariama Irungo plazara; bikotekidea Bordelen du, eta muga igarotzeko zain daude. Marokoko igaroaldia izan da gogorrena harentzat.

Berria, Maite Asensio Lozano, 31-10-2018

Begirada aldatu zaio Marokoko Poliziaz mintzatzean: «Arazo asko izan genituen haiekin». Ez du besterik esan nahi. Gainerako emakumeek bezala, Irungo harrera sareko kideek diotenez: han jasandakoaz hitz egiteko goizegi da andreentzat, zauriak sakonegiak dira. Egiaz, migrazio prozesuaz aritzea bera da mingarria. Labur erantzun die galderei Mariamak —izen asmatua da—, erdi barrez, edo lotsaz, bere testigantza hedabide batean argitaratzeko modukoa ez balitz bezala. Ginea jaioterrian ehunka pertsonak egin duten bezala, emigratzea erabaki zuen Mariamak duela urtebete. 22 urte zituen, eta alboan eraman zituen bi umeak: hilabete gutxi zituen txikienak, eta urtea betea zuen zaharrenak.

Libre utzi ditu Mariamak bi haurrak San Juan plazan: baloiarekin, haurrentzako karrotxoarekin, sareko kideren baten txakurrarekin edo boluntarioren batekin jolasten ari dira. Bertan dauden guztien arreta erakartzen dute, hain txikiak izanik. Ez dakite, baina muga zeharkatzeko zain daude. «Bordelera goaz. Han dago nire bikotekidea, lanean; harekin batzera goaz».

Azken-aurreko geralekua da Euskal Herria hirurentzat. Bide luzea egina baitute orain arte. «Gineatik autobusez iritsi ginen Marokora. Hangoa izan zen gogorrena». Berriro isiltasuna. Iberiar penintsulara itsasoz iritsi ziren: «Zodiak batean sartu gintuzten 62 lagun. Ontzi txikia zen, eta ni bi umeekin nindoan. Galdu-edo egin ginen, eta itsas salbamendukoek etorri behar izan zuten gure bila». Malagan lehorreratu ziren, eta Gurutze Gorriak autobusez bidali zituen Donostiara.

Goizaldean agertu dira Irunen. «Hotz handia egiten du», dio Mariamak. Berokiak eta txanoak eman dizkiete, baina goizegi da oraindik berotasuna barneratzeko, babesa sentitzeko. Telefonoari begira dabil une oro; deitu diotenean amaitu du solasaldia.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)