Etorkinek aukera gutxiago eta baldintza gogorragoak dituzte etxeak alokatzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta SOS Arrazakeriak ikerketa bat egin dute etxe agentzietan, atzerritarren diskriminazioa aztertzeko
Berria, , 30-10-2018Tokiko jatorria duten herritarrei eskaintzen zaizkien etxebizitzen laurdenak soilik ematen zaizkie aukeran etorkinei. Datu hori nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, SOS Arrazakeria elkartearekin elkarlanean egindako azterketa batetik. Horrez gain, aldundiak azpimarratu du alokairu kontratuak egiteko eskatzen dizkieten baldintzak ere «gogorragoak» izan ohi direla.
Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako Berdin Sarea proiektuaren barruan egin dute proba. 26 testatze egin dituzte: Bergarako eta Arrasateko sei bulegotan, Errenteriako zortzitan, Tolosan bostetan eta Irungo zazpitan. Hemezortzi herritar boluntariok parte hartu dute —bederatzi emakumek eta bederatzi gizonek—; horietatik hamahiru etorkinak ziren.
SOS Arrazakeriako Maitane Arnosok azaldu duenez, «ohikoagoa» da etorkinei etxe agentziek eskatzea epe luzerako lan kontratuak izatea; gutxieneko diru sarreren ziurtagiriak; eta berme, abal eta ez-ordainketa aseguru handiagoak. «Horrez gain, zenbait kasutan gertatu da gizarte laguntzak jasotzen dituztenei ukatu izana etxebizitza bat alokatzeko aukera». Beste adibide bat ere jarri du SOS Arrazakeriakoak: bulegoetara joandako asko hartu dituztela atean bertan edota aulkietan esertzeko aukera eman gabe.
Diskriminazio estalia
«Ekintza hauek diskriminazio estali deitzen zaien horietan kokatzen dira, eta, horregatik, arreta berezia behar dute erakundeen aldetik. Jarrera hauek gizartean dauden aurreiritzi eta esamesen ondorio zuzena dira, eta, herritarren artean dauden moduan, etxe jabeen artean eta alokairurako agentzietan ere izaten dira», azpimarratu du Maribel Bakero Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendariak. Diskriminazio kasuak «detektatzearekin» batera, azaldu du gobernua lanean ari dela «formakuntzan eta praktika onen hedapenean», eta, horren harira, azaldu du aurten lan saioak antolatu dituztela udaltzainentzat, gizarte zerbitzuetako langileentzat eta udaletako teknikarientzat. Diskriminazioarekin loturik, Bakerok iragarri du aldundiak «aurki» aurkeztuko duela lurraldeko LGTBI + kolektiboari buruzko ikerketa bat, eta jatorri atzerritarra duten etxeko langileen egoerari buruzko beste bat ari dela egiten. Gaineratu du ijitoei buruzko beste bat egin asmo dutela legealdi hau amaitu aurretik.
(Puede haber caducado)