Baionan aterpe bat irekiko dute, eta hara mugitu autobus geltokia
Herriko etxeak bere eraikin bat egokitu du horretarako, Lesseps kaiaren inguruan. «Bidea jarraitu nahi dutenentzat» da zentroa
Berria, , 27-10-2018«Migratzaileek ez badute autobus geltokitik mugitu nahi, geltokia mugituko dugu». Lesseps kaiaren ingurura, hain zuzen ere. Hala iragarri du Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidente eta Baionako auzapezak. Aipatu lekuan dago Herriko Etxearen Gizarte Ekintzaren eraikin bat, eta egokitu dute migratzaileentzako larrialdietarako zentro gisa: ezingo dute denbora luzez egon. Han geldituko dira, halaber, Frantziara doazen autobusak. Etxegaraik azpimarratu duenez, Baiona «pasabide» bat da migratzaileentzat. «Autobusak galtzeko beldur dira; ez dute geltokitik urrundu nahi, eta ez dute Baionan geratu nahi ere».
Azken asteetan migratzaileez gainezka egon da Euskaldunen plaza; han dago Baionako geltoki nagusia, eta handik hartu dituzte autobusak Frantziako hiri handietara mugitzeko. Herritar sare bat antolatu da haien inguruan, eta egunero joaten dira hara etorkinei jatekoa eta edatekoa, arropa beroak eta lotarako lekua eskaintzera. Pertsona horien lana eskertu du Etxegaraik.
Aterpe bat egokitzeko erabakia harturik, urriaren 19an emandako hitza bete du auzapezak, neurri batean bederen. Egun horretan bildu zen herriko kontseilua, eta oposizioak eta migratzaileekin lanean diren taldeek eskatu zioten egoerari aurre egiteko neurriak hartzeko, eta migratzaileei harrera duina egiteko; besteak beste, aterpe bat irekitzeko eskatu zuten.
«Frantzia mailako auzia»
Baionako tren geltokitik gertu dago zentro berria. Eraikin zaharkitu bateko lehen solairua egokituko dute horretarako. «Komun batzuk eta jateko mahaiak jarri behar ditugu, eta tapakiak banatuko ditugu», azaldu du Etxegaraik. Medikuen artarako espazio bat ere egokituko dute.
Azken egunetan gizarte arloko profesionalekin bildu dela jakinarazi du auzapezak, eta gaia haiekin lantzen jarraituko duela. Azpimarratu duenez, arazoa ez da soilik Baionakoa. Frantziako Gobernuari eragiten dion auzi bat dela nabarmendu du, eta asmoa agertu du gobernuko eta Pirinio Atlantikoen Departamenduko ordezkariekin biltzeko.
(Puede haber caducado)