Madrilek ez du kuotarik ezarriko migratzaile adingabeak hartzeko
Ez du onartu foru aldundien eskaera. Bi milioi euro jasoko ditu EAEk, eta 228.000 euro Nafarroak
Berria, , 27-10-2018Espainiako Gobernuak baztertu egin du kuoten sistema bat ezartzea babesik gabe dauden migratzaile adingabeak banatzeko autonomia erkidegoen artean. Hala jakinarazi zuen atzo Isabel Zelaa bozeramaileak, Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian. Erabaki horrekin, entzungor egin dio Eusko Jaurlaritzak eta, bereziki, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eginiko eskaerari. Dena den, Zelaak iragarri du dekretu baten bidez 40 milioi euro jarriko dituela gobernuak gazte horien harrera programak garatzeko, eta hori banatuko duela kontuan hartuta zenbat handitu den 2018an administrazio bakoitzaren zaintzapean dauden gazteen kopurua. Era berean, beste erkidegoetakoak hartzen dituztenek %25eko diru gehikuntza jasoko dute adingabe bakoitzeko, «agertutako elkartasunaren aitortza gisa».
Dekretuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak 275 migratzaile adingabe gehiagori egin die harrera aurten, eta, beraz, bi milioi jasoko lituzke, baina ez du beste erkidegoetako gazteak hartzeko konpromisorik agertu. Nafarroak, berriz, iaz baino hemezortzi adingabe gehiago ditu bere zaintzapean, eta beste erkidegoetako hamar hartzeko asmoa dauka: 227.981 euro jasoko lituzke.
Barne Ministerioaren arabera, 1.009 migratzaile adingabe daude Hego Euskal Herrian —irailaren 30ekoa da datua—: 970 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 39 Nafarroan. EAE da adingabe gehien jasotzen duten erkidegoetan laugarrena, Andaluzia (5.621), Melilla (1.090) eta Kataluniaren (1.074) atzetik. Hala gogoratu zuten aldundietako ordezkariek irailaren 5ean, Adingabe Atzerritarrei Buruzko Lurralde Arteko Koordinazio Mahaian, Madrilen. Horiek modu «bidezkoan eta solidarioan» banatzeko eskatu zuten, kuoten sistemaren bidez.
(Puede haber caducado)