Etorkin gehienen osasun fisikoa ona da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Berria, 04-05-2006

ERREDAKZIOADONOSTIA

Osasun fisiko ona dute baina gabeziak dauzkate. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etorkinei ateratako argazkia da hori. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko eta Medicus Mundi Gobernuz Kanpoko Erakundeko ikertzaileen artean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etorkinen egoera aztertu dute. Gizartearekin eguneroko harremanetan eta emoziozko harremanetan dituzte gabezia nagusiak etorkinek. «Hala ere, datuon atzean, ondorio nagusia beste bat da: etorkin guztiak zaku berean ezin direla sartu. Izan ere, alkoholaren kasuan, esaterako, musulmanek ezin dute alkoholik edan, eta europarrek edo latinoamerikarrek bai. Talde bakoitzaren arabera, datuak ere aldatu egiten dira». Elena Rodriguez Osasun Komunitarioan katedradunaren hitzak dira.

EAEko etorkinei egindako osasun inkesta izeneko ikerketatik atera dituzte datuok, eta datorren astean, astelehenean eta asteartean, Bilboko enpresaritza eskolan egingo dituzten EAEko etorkinen Osasun eta Gizarte Epidemiologiari buruzko nazioarteko jardunaldietan aurkeztuko dute txosten osoa. «Etorkin guztiak zaku berean sartu ezin direnez, jardunaldietan ere, tokian tokiko adituak eta sendagileak egongo dira, euren egoera eta arazoak hobeto ezagutu ahal izateko», zehaztu du Rodriguezek.Dena den, Rodriguezek onartu du ikerketa egiteko Txina, Latinoamerika eta Afrikako etorkinak izan dituztela bereziki kontuan.

Muga sozioekonomikoeta kulturalak

Ehun galderatik gorako galdetegia prestatu zuten ikertzaileek, eta ikerketa horren emaitzen arabera, etorkinak sarritan joaten dira osasun zentroetara, baina dituzten gaitzak osatzera soilik; badaezpadako edo prebentzio neurri gisa ez dituzte baliatzen osasun zentroak. Hori aintzat hartuta, etorkinek osasun sistema baliatzeko oztopo diren muga sozioekonomiko eta kulturalak identifikatzea ezinbestekoa dela uste dute ikerketa egin duten adituek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)