Etorkinen harrera kasuz kasu aztertzeko eskatu du PSFk
Berria, 04-05-2006Erredakzioa – BAIONA
Bigarren egunez jarraian Frantziako Parlamentuak immigrazio legearen azterketari ekin dio. Sozialistek ez dute begi onez ikusten Nicolas Sarkozy Frantziako Barne ministroak aurkeztu xedea, eta bertan behera uzteko eskatu diote atzo. Laurent Fabius PSFko diputatuak etorkin bakoitzaren kasua aztertzea hobetsi du, deliberatzeko ondoren bizitzeko agiriak eman behar zaizkion edo ez.
Sarkozyren xedea gaitzetsi badute ere, sozialista guztiek ez dute bat egin Fabiusen proposamenarekin. Dominique Strauss – Khanek, adibidez, adierazi du ez dela etorkinak masiboki lege barruan sartzearen alde. Eskuin muturraren politika bere egin nahi duela leporatu diote sozialistek Sarkozyri. «Zure asmoa ez da etorkinen harrera arautzea, eskuin muturreko hautesleentzako alternatiba berria bihurtzea baizik», adierazi du Bernard Roman sozialistak.Sarkozyk sozialisten ezadostasunak nabarmendu ditu, eta Fabiusen jarrera gaitzetsi. Nahiz eta lege egitasmoan etorkin kuotak jartzea ez aipatu, mintzaldian horren beharra dagoela nabarmendu zuen atzo.Lutte Ouvriere taldeko Arlette Laguillerrek gogor gaitzetsi du Sarkozyren egitasmoa. «Sarkozy, Le Pen eta Villiers lehia hertsian murgildu dira eskuin muturreko bozak bereganatzeko asmoz, eta immigrazioa gizarte gaitza balitz bezala aurkeztu nahi dute». Laguillerrek nabarmendu du ez direla etorkinak langileak kanporatzen dituztenak, ekoizpenak Europatik kanpo bidaltzen dituzten enpresa buruak baizik.
(Puede haber caducado)