«Frantziak bere egin nahi ditu herri pobreetako adituak»

Berria, 04-05-2006

Aitor Renteria – HENDAIA

Cimade erakundeak laguntza ematen die atxikitze zentroetan dauden etorkinei. Christophe Piedra Hendaiako zentroan ari da lanean, egotziko dituzten etorkinekin. Immigrazio Legeak eragin ditzakeen ondorioak nabarmen txarrerako izanen direla uste du.

Zer deritzozu Sarkozyk proposatu duen immigrazio xedeari?

Ongi kokatzeko ohar historiko bat egin nahi nuke. 1945. urtea aitzin ez zegoen deus arauturik. Gerra bukatu berria zen eta jendea behar zuen Frantziak. 1974an mugak ixtea deliberatu zuen, ordea, ez zuelako behar hori. Geroztik ekin dio Frantziak etorkinen kopurua mugatu nahi eta arautzeari. Baina ez da politika jarraikia, lan gabeziaren bilakaerari eta jendartearen iritziari lotua egon da historikoki.

Erran nahi duzu hauteskundeetako sondaketen arabera deliberatzen dutela legea gogortu edo ez?

Ez dago politika jarraikirik eta hori adierazgarria da. Jendartean xenofobiak gora egiten duelarik, gobernuek neurri zorrotzak hartzen dituzte. Gaur egungo egoerari so eginez, aski da ikustea eskuin muturraren tesiek lortzen duten arrakasta, ulertzeko Sarkozyren jarrera.

Zure iritziz, Sarkozyren proposamena xenofoboa da?

Sarkozyk «pairatzen» den immigrazioa baztertu nahi du, hautuzkoa bultzatzeko. Harrigarria da, beldurra ematen du hitzak berak. Ikusita gerra ondoren kolonietako jendea ekarri zutela Frantzia altxatzeko, hemen lana egiteko, zer pentsatu behar dugu? Zer erran nahi du pairatze horrek? Etorkin belaunaldi ugari bereganatu ditu Frantziak eta orain, ez dituelarik behar, mespretxua adierazten die.

Zer suposatzen du immigrazio politika hautaketaren bidez burutzeak?

Historiaren oinarria ukatzea da. Nonbaitetik edo egoera batetik ihesi joaten da jendea sorterritik, ez nahi duelako. Belaunaldiz belaunaldi jin den jendeari uko egin nahi dio Frantziak eta engoitik baliogabetu nahi ditu historia, ohiturak, kultura edo familia balioak. Jendetasunaren balioak baztertu eta errentagarritasun ekonomikoa izanen da engoitik irizpide bakarra etorkinak hautatzeko. Lehen etorkinek eskubideak zituzten. Engoitik eskubide hori irabazi egin beharko dute. Eta hori guztia Estatuaren interesak defenditzeko omen.

Ez ote da alde bakarreko legea, hots, Frantziari onura ekarri baina deus eskaintzen ez diena?

Historikoki Frantziak etorkinak, kolonietako jendeak baliatu ditu betidanik. Berrikuntza da eskubideak ukatzen direla oraingoan. Normala da medikuak behar baditu, adituak behar baditu, eskari hori ase nahi izatea. Baina egia da norabide bakarreko eskaintza dela eta Sarkozy gezurretan ari da aipatzen duelarik gero herrira itzultzean aberastasuna itzuliko diotela sorterriari. Egia da ikasteko aukerak eskainiko zaizkiela ikasleei; baina nola itzuliko dira gero sorterrira, han baliabiderik ez badute ikasitakoa erabiltzeko?

Beraz, garatu gabeko herrietako jende prestatuenaz jabetu nahi du Frantziak?

Argi dago lege horren bidez Frantziak bere egin nahi dituela herri pobreetako adituak. Baina ez adituak soilik, lanerako indarra ere bereganatu nahi du hori egitea deliberatuko duelarik.

Pairatutako immigrazioa ekidin nahi duela dio Sarkozyk. Zuk Hendaiako zentroan egiten duzu lan. Posible ikusten duzu hori?

Nola lortuko dute jendea ez etortzea? So egin Melilla eta Ceutan gertatutakoari, pateren errealitateari. Ikusi dugu zenbat jendek galdu duten bizia hesi batean zintzilikatuta edo itsasoan itota. Errepresioak ez dauka eraginkortasunik, mundu osoak ikus lezake hori. Ez dugu ezer ikasi? Ehunka hildako. Europaren errepresioaren biktimak dira, baina horretan segitzen dugu, ikasi gabe. Sarkozyk ez du immigrazio politikarik nahi, errepresio politika sendotzea baizik, ahulenak hiltzen dituena.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)