Trumpek mehatxu egin arren, Mexikon sartu da migratzaileen karabana

AEBetako presidenteak adierazi du armadari «larrialdi nazionalaren abisua» eman diola. Mexikok asiloa eskatzeko esan die migratzaileei

Berria, Karmele Uribesalgo Alzola, 23-10-2018

Hondurasko migratzaileen karabana aurrera doa, Ameriketako Estatu Batuetarako bidean. Duela hamar egun atera ziren segurtasunik ezetik eta miseriatik ihes egin nahian, eta jada 7.000 dira. Mexikon daude orain; igandean, Tapachula hirira heldu ziren, Chiapas estatura. Hori dela eta, Donald Trump AEBetako presidenteak handitu egin du Mexikoren gaineko presioa: «Dirudienez, Mexikoko Polizia eta militarrak ez dira karabana gelditzeko gai». Horrez gain, jakinarazi du armadari «larrialdi nazionalaren abisua» eman diola.

Urriaren 13an atera ziren migratzaileak San Pedro Sula hiritik (Honduras), eta Guatemala zeharkatu ostean iritsi dira Mexikora. Oaxaca ingurura joateko asmoa dute. Atzo, Trumpek Twitter bidez adierazi zuen «kriminalak eta Ekialde Hurbileko identifikatu gabeko herritarrak» daudela karabanan. Trumpen kanpainako mezu nagusietako bat izan zen immigrazioaren aurkakoa, eta, atzo, karabanaren aurka idatzi zituen mezuak datorren azaroaren 6ko kongresuko bozekin lotu zituen.

Nahiz eta Trumpek mehatxuak egin, Andres Manuel Lopez Obradorrek —Mexikoko presidentea izango da abenduaren 1etik aurrera— Chiapaseko estatuari eskatu dio karabana babesteko. Francisco Echavarria Migrazio Institutuko ordezkariak, berriz, karabanako kideei esan die errefuxiatu baimena eskatzeko: «Ezin dira modu irregularrean egon gehiago». Kasu horretan, babes politikoa lortuko ez luketenak herrialdetik bidali ahalko lituzke Mexikoko Gobernuak.

Joan den asteko mehatxuak ere berretsi ditu Trumpek Guatemalaren, Hondurasen eta El Salvadorren aurka. Diru laguntzak ematen dizkie AEBek herrialde horiei, eta adierazi du murrizketak egingo dituela. Trumpen ustez, ez dute eragotzi migratzaileen karabanak aurrera egitea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)