Alina Blanco. Zubideiak egitasmoko parte hartzailea

«Zubideiak egitasmoan integrazio tresna gisara erabiliko dugu euskara»

Zubideiak egitasmoaren bigarren topaketa egingo dute gaur Donostian. Gizarte elkarrizketaren bidez, euskara, aniztasuna eta elkarbizitza landuko dituzte. Emigrados Sin Fronteras erakundeko kidea da Blanco.

Berria, Karmele Uribesalgo Alzola, 20-10-2018

Zubideiak egitasmoaren bigarren aldia egingo dute gaur Donostiako Miramar jauregian. Gizarte elkarrizketaren bidez, kulturen arteko zubiak eraiki nahi dituzte. Euskara, aniztasuna eta elkarbizitza izango dute ardatz. Lelo hau aukeratu dute: Bizi euskara zure erara. Zuk nola bizi duzu? Euskal hiztunentzat zein euskaraz ez dakitenentzat da gaurko jardunaldia.

Egitasmoa 21 eragileren artean jarri dute martxan, eta horien artean dago Emigrados Sin Fronteras elkartea. Taldearen helburua da migratzaileek lotura berezia izatea iritsi diren herrialdearekin. Alina Blanco Kolonbian jaioa da, eta elkarte horretan parte hartzen du. Miramar jauregian egongo da gaur, egitasmoan parte hartzen.

Zer da Zubideiak?

Elkarrizketa irekia ardatz duen egitasmoa da. Hainbat nazionalitatetako jendea bilduko gara gainontzekoen bizipenak eta pertzepzioak ezagutzeko. Euskararekin lotura zuzena duen egitasmoa bada ere, ez da beharrezkoa euskalduna izatea. Denok batera hausnarketa bat egingo dugu aniztasunari, elkarbizitzari eta hizkuntzari berari buruz. Migratzaileontzat oso interesgarria da egitasmoa; harreman berriak egiteko aukera emango digu, baita gai ugari lantzekoa ere. Horrez gain, euskal gizartearentzat ere oso aberasgarria izango da, kanpotik etorritakoek eskainitako aniztasunaz gozatzeko aukera izango baitute.

Aipatu duzun bezala, ez da beharrezkoa euskaraz jakitea.

Lortu nahi dena ez da euskaraz hitz egiten ez dugunok hizkuntza ikastea, gerturatzea baizik. Hori dela eta, euskaraz hitz egiten ez dugunok itzultzaileak izango ditugu, helburua euskara eta euskal kultura hobeto ezagutzea da eta. Azken finean, integrazio tresna gisara erabiliko dugu euskara.

Zeintzuk dira landuko dituzuen gaiak?

Ez daukagu zehaztuta gaitegia; topaketara joan, eta han ikusiko dugu zertaz hitz egin nahi dugun. Parte hartzaile guztien iritziak eta ikuspuntuak ezagutu nahi ditugu, bakoitzak bere analisia egin eta ideia propioak garatzeko. Jardunaldian parte hartuko dugun guztiontzat izango da aberasgarria, denok baitaukagu asko ikasteko. Guretzat nahiko zaila izaten da euskara ikastea, beste lehentasun batzuk ditugulako; adibidez, lana. Hala ere, zenbait migratzailek arazorik gabe ikasi ahal izan dute. Horren adibide da zenbait herri euskaldunetan gaztelaniaz baino lehenago ikasten dutela euskaraz hitz egiten.

Zergatik deritzozu beharrezkoa dela kulturen arteko zubiak eraikitzeari?

Zubiak eraikitzeak gerturatu egiten gaitu. Migratzaileok euskararen garrantzia ezagutu nahi dugu, horrekin lotuta baitago euskal nortasuna. Izaera politikoak eta nazio sentimenduak ere lotura zuzena dute hizkuntzarekin. Guk ere egingo dugu gure ekarpena, eta euskaldunentzat interesgarria izan daiteke. Migrazio prozesu bati egin diogu aurre, eta komunitate berri batekin lotura egin nahian gabiltza. Horrez gain, azaldu dezakegu guretzat euskara nolako erronka den: zeintzuk diren gure arazoak, beldurrak edo jakin-minak. Puntu horretatik abiatuta, kulturen arteko loturak sor daitezkeela esango nuke.

Nabari duzu gero eta lotura sendoagoak egiten ari zaretela? Areagotu egin dira zubiak?

Zubien funtzioa beste aldera igarotzea da, baina denok bide bakar bat izatera behartzen gaituzte. Norberaren erabakia da zubia zeharkatu eta beste aldekoengana gerturatzea. Gure eginbeharra ez da zubi bakar bat eraikitzea; helburua da bakoitzak bere analisia egin eta gizarte kritiko bat sortzea. Bakoitzak mundu ikuskera bat dauka; bere bizitzeko era eta egoera aztertzeko modua. Hori dela eta, garrantzitsua da autoanalisia egitea, horrek gerturatuko baikaitu gainontzekoengana.

Zaila al da autoanalisia egin eta bestearen egoera ulertzea? Zaila egiten zaio euskal gizarteari zuengana gerturatzea?

Ez bereziki, baina egia da, kasu gehienetan behintzat, ez dutela horrelako egoerarik bizi izan. Bizipenik izan gabe, zailagoa da bestearen tokian jartzea. Horregatik da hain garrantzitsua Zubideiak eta horrelako egitasmoak martxan jartzea, besteengana hurbiltzen laguntzen digutelako.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)