Esker onezko doinuak Oñatin
Martxan da Oñatiko lehen harrerako aterpetxea: aurreneko 37 migratzaileak iritsi ziren igande gauean, baina ehunentzako tokia du. Jaurlaritzarena da zentroa, eta CEAR-ek kudeatuko du. Asilo eskatzaileak hartuko dituzte bertan.
Berria, , 16-10-2018Bat-batean sortu zen giro berezia, inork planifikatu gabe. Oñatira (Gipuzkoa) heldu berri ziren 37 lagunei zerbait esan nahi al zuten galdetuta, batek hartu zuen hitza: abesti bat bazekiela euskaraz, eta kantatu nahi zuela. «Hegoak ebaki banizkio…» hasi zen, eta han zeudenek segituan egin zuten bat. Eta hala, Mikel Laboaren Txoria txori-ren doinuan uztartu ziren harrera ekitaldiko bi mezu nagusiak: bertakoek iritsi berriei egindako ongietorria, eta iritsi berriek bertakoei adierazitako esker ona. Igande gauetik martxan da asilo eskatzaileentzako zentro berria.
Irail erdialdetik prest zuten azpiegitura, eta orain hasiko dira migratzaileak bertara bideratzen: igande gauean iritsitakoak izango dira lehen harrerako aterpetxea erabiltzen aurrenekoak. Saharaz hegoaldeko 37 migratzaile heldu ziren, 20 eta 40 urte artekoak, denak gizonezkoak. Bilbon izan dira azken asteetan, hango herritarren harrera sareak artatuta. Asiloa eskatzeko hitzordua dute denek; prozesua abiatu arte izango dira Oñatiko egoitzan.
Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzarako Idazkaritzak ireki du zentroa, eta CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordearen esku utzi du kudeaketa. Izan ere, erakunde horren eskaera bati erantzun dio aterpetxeak: lehen harrerako zentro bat izanik, asiloa edo nazioarteko babesa eskatu dutenak hartuko ditu, beste bizitoki batera bideratu bitartean; hiru hilabeteko egonaldiak aurreikusi dituzte, baina luzatu ahalko dira. Halere, trantsituan daudenak ere jaso ahalko ditu, beharrik badago. Ehun lagunentzako tokia du, baina pertsona gehiago hartzeko aukera izango du salbuespenezko egoeretan.
Udalaren ekimenez
Oñatiko Udalak berak proposatu zien Jaurlaritzari eta CEAR-i zentroa bertan kokatzea, Mikel Biain alkateak (EH Bildu) azaldu duenez: «Duela hiru urte jarri ginen haiekin harremanetan, errefuxiatuen gaia gori-gori jarri zenean, herrian geneukan baliabide publiko bat eskaintzeko. Uztailean erantzun zigun Jaurlaritzak, ea aterpetxe bat ireki genezakeen hor». Azkar joan dira prestaketa lanak, baina herrian ondo hartu dute egitasmoa: «Bilera informatibo bat egin genuen, eta bilkuretarako aretoa bete egin zen. Jarrera ona adierazi zuten; herria lasai dago».
Igande gauean Hotz Oñati plataformak antolatutako ongietorri ekitaldia izan zen jarrera horren adierazlea. Ekitaldi «xumea» egin nahi zutela esan du alkateak, eta naturaltasunez sortu zela giro berezi hura: 200 herritar bildu ziren migratzaileei babesa adieraztera, eta aurreskua ere dantzatu zieten. Hortik aurrera, eguneroko lana geratuko dela nabarmendu du alkateak, eta hori CEAR-en esku dagoela: «Haiek hor daudela jakitea berme bat da: espazio fisikoaz gain, lantalde bat ere badago. Ondo aterako da».
(Puede haber caducado)