Bilboko harrera sareak amaitu du bere lana, etorkinentzat aterpea eskatuz

Kale gorrian geratu diren migratzaileen egoera salatzeko, hiru eguneko elkarretaratzea egiten ari dira udaletxe parean, '72 ordu Bilbotik Baionara' lelopean

Berria, Uxue Gutierrez Lorenzo, 16-10-2018

Elkartasuna, desobedientzia eta autogestioa. Hiru dira 72 ordu Bilbotik Baionara lelopean egiten ari diren elkarretaratzearen oinarriak. Hiru, era berean, herritarrek Bilboko udaletxearen parean elkarretaraturik igaroko dituzten egunak. Igande arratsaldean hasi eta bihar arte migratzaileei harrera egin dieten auzoetako dozenaka bizilagun batu dira Bilboko Areatzako estalpeetan, aterperik gabe geratu direnekin batera. Izan ere, harrera sarearen egitekoa amaitutzat jo dute, auzoetako bizilagunentzat oso zaila baita azken hilabeteetan etorkinei eskainitako «arreta integrala» mantentzea. Instituzioen «koordinazio eta ardura falta» salatu dute, eta erakundeei gogoratu diete euren ardura dela kale gorrian geratu direnak hartzea.

Igande arratsaldean hasi zuten elkarretaratzea; handik ordu gutxira, ordea, udaltzainak bertaratu ziren. Arrazoia: kanpadendak jarri zituztela, lo egiteko. Udaltzainek eraman egin zituzten, eta alde egin behar izan zuten herritarrek. Hala ere, hurrengo goizean bertan ziren berriz, 72 orduko protestarekin jarraitzeko prest. Azaldu dute kontzentrazioa egiteko baimen guztiak eskatuak zituztela, baina udalak esan du kanpatzeko baimenik ez zutela.

Harrera auzoetako kideek Poliziaren eta administrazioaren jarduna salatu zuten atzo. «Lehen gaueko ekintza bertan behera utzi behar izan genuen, baina hemen gaude, jarraitzeko asmoz». Euren ustez, kanpadendak «ezinbestekoak» dira hiru eguneko bilkura egin ahal izateko, eta balio «sinboliko» handia dute, gainera. «Zubi azpian dauden bitartean ez dago arazorik, baina kanpadenda bat jartzean arazo bihurtzen dira».

Harrera sakabanatua

Atxuri, Bilbo Zaharra, Karmela, Bizinahi… Geraleku ugari izan dituzte Afrikatik Bilbora heldutako migratzaileek udan zehar. Txandaka antolatu dira orain arte harrera auzoak, eta hala, «zerbitzu integrala» eskaini diete errefuxiatuei. Etorkin kopuruak ere gora egin du: ekainean, 50 bat gizonezkok egin zuten lo Atxuriko saskibaloi pistan; joan den astean, hirukoitzak zeuden Deustuko Erriberako Bizinahi gunean. Azkenerako, lotarako tokiaz gain, afariak, gosariak, gaztelania klaseak edo arropa eskaini dizkiete harrera auzoek.

Sareak, ordea, «mugak» dituela ohartu dira, auzoentzat oso zaila baita sistema hori mantentzea. Hortaz, euren lana amaitutzat jo, eta «deszentralizazioaren» aldeko hautua egin dute: migratzaileak sakabanatu egin dituzte. 37 lagun CEAR Euskadik Oñatin (Gipuzkoa) duen aterpetxean daude jada; beste 60 inguru Bizkaiko hainbat herritan hartu dituzte herritarrek —Galdamesen, Bakion eta Ermuan, esaterako—. Beste batzuk, ordea, kale gorrian daude igandetik. Horiek hartzeko ardura administrazioaren gain jarri dute harrera auzoek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)