Leihatila x CRISTINA BERLANGA
Maiatzaren Lehena
Berria, 30-04-2006Maiatzaren Lehenerako, paperik gabeko etorkinei zigorrak ezartzearen aurkako mobilizazio nazionalera deitu dute AEBetan. Etorkinik gabeko eguna lelopean, AEBetako produktuei nazioartean boikota egitera deitu dute. Horrekin batera, lanuzteak egitera deitu dituzte prestakuntza eta soldatarik baxueneko lanak dituzten milioika gizon-emakume, paperik gabekoak erregulariza ditzaten eskatzeko.
Europako hainbat herrialdetan, mobilizazioak antolatu dituzte paperik gabeko etorkinen elkarteek, lan duina eta eskubideen aitortza eta duintasuna aldarrikatzeko. Adierazi dutenez, gobernuek langile merkeak behar dituztelako, lan baldintza duinik eskatuko ez dutenak, dituzte horiek egoera irregularrean eta, gainera, langile guztien lan baldintzek okerrera egitea ekarriko du horrek.
Izan ere, prekarietatea desberdintasun instituzionalizatu gisa hartu behar da hori, eskubideen aitortza, eskuratze eta erabilerari dagokionez ez dute etorkinek bakarrik pairatzen. Gizarteko gero eta sektore gehiagori eragiten die eta, hala eta guztiz ere, edo kosta egiten zaigu oraindik geure buruak egonkortasunik gabeko langiletzat jotzea, edo lan mundu egonkorragoa lortzeko behin-behineko egoera gisa hartzen dugu hori. Gizarteko beste hainbat alorrekin ikusten dugu hori, ordea; etorkinenean, besteak beste; horien lan baldintza lotsagarriak ez ditugu lotzen argi eta garbi gure lan eta gizarte eskubideen etengabeko murriztearekin; alegia, kapital etekinak handiagotzeko, gure bizi-baldintzak kaskartzeko estrategiarekin.
Europako Batasuneko estatuak hitzez hitz ari dira aplikatzen 2000. urtean Lisboan hitzartutako arauak, Europako ekonomia lehiakorragoa izatea zutenak helburu: gizarte kargen murriztea enpresaburuentzat, lanaren kostuaren merkatzea, zerbitzu publikoen pribatizazioa, prekarietatea, malgutasun eta langabezia masiboa. Gazte guztien lan baldintzei dagokienez ez auzoetako gazteenei bakarrik, Lehen Lan Kontratua atzerakada handia dela konturatu dira Frantziako ikasle, langile eta sindikatuak. Bien bitartean, 84.000 milioi euroko irabaziak izan dituzte Frantziako 40 enpresa nagusiek. Horien antzeko erreformak egingo dituzte Europako Batasuneko beste hainbat herrialdetan ere; lehen munduko ekonomiari eusteko, berriz ere gure eskubideei uko egin behar diegula sinetsarazi nahi digute.
Horren aurrean langileok oraindik ezertxo ere egin ez dugunez, ikusmin handia dute batzuek etorkinen aldarrikapen eta antolaketen inguruan. Maiatzaren Lehenak langile estatubatuar guztiak ez sektore esplotatuenak bakarrik kontzientziatzen has daitezen balioko duela uste dute AEBetako zenbait sektorek. Deialdiak arrakasta badu, lan baldintza kaskarrak dituzten bertako langileak identifikatzea, eta gizarte borroken inguruko aro berri bat hastea lor daitekeela uste dute.
Hala izango ahal da!, baina nolabaiteko lotsa ere ematen du beren eskubideen urraketa jasaten dutenek atera behar izateak gu geure lozorrotik, gure egoeraz eta elkarrekin borrokatzeko beharraz kontura gaitezen; alegia, eskubide horiek aldarrikatuta gehien arriskatzen direnek. Marxen hitzetan, «langileak, edo iraultzaileak edo ezer ez».