«Sos batzuen truke» Jaurlaritzak jarrera aldatu izana salatu du ELAk
Mikel Novalek lege egitasmoa txarretsi du, eta funtsean aldaketarik ez duela izan azpimarratu
Berria, 03-05-2006iñigo bilbao – BILBO
ELA sindikatuak gogor kritikatu du Espainiako Gobernuak aurkeztu berri duen Mendekotasun Lege Egitasmoa. Bere garaian, zirriborro zenean, atzeman zizkion huts berberak dituela esan du Mikel Novalek, ELAko gizarte gaietarako arduradunak. «Agintariek propaganda saio bikaina egin duten arren, araudian ez dute eskubideetan sakondu».
Novalekin batera, agerraldia egin dute Alazne Alonsok, Julene Gabiolak eta Itziar Gabikagojeaskoak, ELAk araudiaz egin duen azterketaren berri emateko. Gogor kritikatu dute Eusko Jaurlaritzak auzi honetan izan duen iritzi aldaketa: «Ezin dugu ulertu Jaurlaritzak, sos gutxi batzuen truke, hasiera batean egin zituen zentzuzko kritika haiek guztiak ahaztu eta halako utzikeria egitea dagozkion eskuduntzetan».Sindikatu abertzaleak uste du zirriborro zenetik Espainiako agintariek ezer gutxi aldatu dutela orain aurkeztu duten araudia. Ez bide da ezer aurreratu gizarte eskubideen aitortzan eta, diotenez, legeak ez du premian diren herritar guztientzako zerbitzu publikoa bermatzen.«Proposamenean adierazpen asko egiten duten arren, ez dute ezer zehaztu oinarrizkoak diren gaietan. Ez dituzte menpekotasun mailak mugatu, ez dute zehaztu zeintzuk diren, eta partekatu beharreko ordainketa nola egingo den ere ez dute argitu».Funtsezkoak diren erabaki horiek guztiak, gainera, Espainian hartuko dituztela ohartarazi du ELAk, eta EAEko zein Nafarroako agintariak horiek betetzera behartuta egongo direla.Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua adostu diren hitzarmena baldintzatuta egon dela esan du Novalek, bileran albora ezinak izan zituztelako Lan eta Gizarte Gaietarako ministro espainiarrak IU-ICV eta ERC alderdiekin adostutako neurriak.Diru laguntzetan lekuko agintariek zeresanik izango ez duten bezala, Foru Aldundiek eta Udalek eskaini beharreko zerbitzuetan ere ezin izango dutela Espainian ipinitako mugetatik haratago joan azaldu du ELAk.
Langile atzerritarrak ahaztu
Sinatutako hitzarmenean hiru urte arteko umeak ere sartu badituzte ere, ELAren ustez, adin horretan laguntzak jasotzeko ipini dituzten baldintzak hain dira zurrunak, egiatan ez duela ezer aldatzen legean umeak aipatu izanak. Halaber, «langile etorkinak ez dituzte aintzat hartu eta, ondorioz, eskubide barik utzi dituzte».
Gogora ekarri dituzte, gainera, Espainiako Gobernuak gai honetan dituen asmoen inguruan egindako iragarpenak: 2015. urterako Barne Produktu Gordinaren %1 legean jasotako zerbitzuak betetzeko erabiliko dutela. «Argi erakusten du horrek legeak ez duela ezertarako balio izango, diru horrekin ezer gutxi egin ahal izango dute-eta».Novali ulertezina egiten zaio Jaurlaritzak auzi honetan hartu duen norabidea: «ELAko kideok argi utzi nahi dugu Gasteizko agintarien jarduera hori bateraezina dela gizarte ongizatea hobetzeko ustez dituzten asmoekin, eta oraindik gutxiago Euskal Herriaren burujabetza sustatzeko egitasmoarekin».