Ez kontsumitu
Berria, 03-05-2006Aitzpea Leizaola
Maiatzaren Lehena ospatzen ez den Estatu Batuetan, lanaren ingurukoak izan ziren albiste nagusi. Etorkinik gabeko eguna goiburupean milaka eta milaka izan ziren azken hilabeteetan Estatu Batuetako Gobernuak indarrean jarri nahi duen migrazio legediaren aurka protesta egin zutenak. Protestak azken urte hauetan errotu den egutegi laikoari keinu egiten dio: autorik gabeko eguna edo telebistarik gabeko astea bezala, etorkinik gabeko eguna izendatu dute. Etorkinen pisua eta eragina ekonomian agerian jartzea zen protestaren helburua.
Legez kanpoko egoeran dauden etorkinak hamaika milioitik gora omen dira Estatu Batuetan, gehienak mexikarrak, kopuru zehatzik jakiterik ez bada ere. Paperak izaki hiritartasunari loturiko betebehar eta eskubideak aitorturik ez dituztenak kontuan hartu gabe. Paperik gabe dena ez da existitzen estatistika ofizialen begietara. Gehiengo nagusia Ameriketatik bertatik Estatu Batuetara joandakoa. Hori gogorarazi nahian astindu dituzte «We are America» eta «We are all American» kartelak hiri nagusietan. Amerikartasuna aldarri izan dute zuriz jantzitako azal iluneko milaka eta milaka lagunek. Diskurtsoaren ñabardura soil dirudienak baditu berekin aldaketa nabarmenak. Amerikartasunaren monopolioa Estatu Batuen eskuetan badago ere oraindik ere kontinente osoaren izendapena bereganatua dute aspaldidanik, estatubatuarrak izendatzeko amerikarrak hitzaren erabilerak erakusten digunez, azken aste hauetako protestek hizkuntz erabileraren oihartzuna dakarkigute, beste aldarrikapen batzuekin batera.
Langile kontzientzia gain behera dagoen garaian, etorkinen protestaldiak zer pentsa ematen du. Legez kanpoko emigrazioak lan merkatuan berean duen eragina begi-bistakoa. Aspaldikoak dira beltzean lan egiten dutenen esplotazio berriak. Sekulako abantaila ematen baitie enpresei egoerak. Hilabetez lanean egon ondorenean migrazio agenteei deitu eta langile guztiak autobusean atzera bueltan bidali dituen lantegirik izan da. Hilabeteko saria ordaindu gabe, jakina. Beste autobuskada bat etorriko dela jakinda. Business is business, inongo etikaren gainetik.
Baina bada beste alor bat herenegungo protestak haizatu zuena: legez kanpoko egoeran dauden etorkinak, beltzean lan egin eta inongo eskubiderik gabe bizi direnak kontsumitzaile izan badira ere. Manifestaldi eta protestarako deialdia zabaltzearekin batera maiatzaren 1ean ez kontsumitzeko deia luzatu zuten. Izan ere, soldataren zati handi bat etxera bueltan bidaltzen badute ere, etorkinek Estatu Batuetan ere gastatu, kontsumitu egiten dute. Grebaz haraindi, honelako protestek min egiten duen tokian jotzen dute, agidanean.