Etorkinak «hautatzeko» lege xedea aztertzen ari da Frantziako Asanblea
Ahalmenaren arabera hautatu nahi dituzte etorkinak eta hitzarmen bat izenpetu beharko dute
Berria, 03-05-2006Erredakzioa – BAIONA
Gori – gorian abiatu da Frantziako Parlamentuan Immigrazioari buruzko lege egitasmoaren eztabaida. Nicolas Sarkozy Frantziako Barne ministroak aurkeztu du lege egitasmoa eta azaldu hautatuko emigrazioa lortzea dela helburua, egitasmoa «orekatua, irmoa eta zuzena» dela erranez. Eztabaida eta gero lortuko den emaitzak Frantziaren ondorengo 30 urteotako ildo nagusia finkatuko duela azaldu du.
«Frantziak eskubide osoa dauka hartzen dituen etorkinak hautatzeko, Elizak gobernuari eska diezaiokeen bezala bere egoitzak okupatzen dituzten etorkinak kanporatzeko». Sarkozyk ezkerreko alderdien kritikak gaitzetsi ditu, frantziar gehienen asmoei ihardesten diela erranez. Gogora ekarri ditu joan zen urteko udazkenean bazter auzoetan izandako gatazkak. «Integrazioa aldarrikatzen duen immigrazio eredu zaharrak porrot egin du».Legearen xedeak immigrazioa kritikatzen duten bi muturrak ekidin nahi dituela azaldu du. Batetik ez du onartzen «zero etorkin» aldarrikatzen duen eskuin muturreko eredua, eta bertze aldetik baztertu egiten ditu «etorkin guztiak onartzea» eskatzen duten ezker muturreko aldarriak. Bi muturrek orain aurkeztu duen egitasmoaren aurka egotea da, Sarkozyren iritziz, testuaren orekaren bermerik handiena.Sarkozyk 2003an aurkeztu zuen immigrazioa gogortzeko lehen egitasmoa. Azaroaren 26an indarrean ezarri zen eta biziki gogortzen zituen baldintzak. «Lege hori lehen urratsa izan zen immigrazio politikaren aldaketan, eta gaur eredu berria zehaztu behar dugu».
Hautuzko immigrazioa
Lege egitasmoak 84 artikulu ditu eta ekidin nahi du «pairatutako immigrazioa», horren ordez hautuzkoa ezartzeko indarrean. 2005ean banatutako agiriei so eginez, baimena eskuratu duten bi pertsonatik batek kasu horri erantzuten diola azaldu du.
Hautuzko immigrazioa lortzeko Parlamentuarengan ezartzen du erabakitzeko ahala. Parlamentuak urtero zehaztuko du behar duen immigrante kopurua eta horren arabera onartuko dira eskariak. Horren harira, Frantzian bizitzeko agirien iraupena hiru urtera mugatuko dute. Gainera, agiria lortu ahal izateko bi ardatz nagusi egonen dira, «etorkinaren trebetasuna eta gaitasuna».Etorkin guztiak egonen dira lege egitasmoaren jomugan. Orain artean, etorkin batek agiriak lor zitzakeen frogatuz gero 10 urtez bizi izan dela Frantziako Estatuan, nahiz eta legez kanpo egon. Neurri hori indargabetu nahi dute orain. Familiak elkartzeko zailtasunak ere areagotuko dira. Adibidez, etorkinak gutxieneko soldata irabazi beharko du, familia ekarri ahal izateko. Frantziar hiritartasuna lortzeko baldintzak ere gogortuko ditu, etorkinekin ezkontzen diren pertsonen kasuak hurbiletik aztertuz.Lehen aldiz Frantziara sartu nahi duten etorkinentzako baldintzak erabat aldatuko dira. Joan aitzin etorkinek hitzarmen bat izenpetu beharko dute. Hitzarmenean integratzeko baldintzak zehaztuko dira eta erresidentzia agiriak lortzeko beharrezkoa izanen da. Bertzeak bertze, gutxieneko soldata irabazteaz gain, frantsesa ikastea eskatuko zaie eta proba bat eginen diete, maila egokia lortu dutela bermatzeko.Frantziako Presidentetzarako hauteskundeak egiteko urtebete falta da eta dagoeneko Sarkozyk bere egin ditu eskuin muturreko Fronte Nazionalaren hainbat puntu. Frantzia, maite duzu edo alde egiten duzu zioen FNren leloak. «Nahi ez badu, nehor ez da Frantzian bizitzera behartua eta lasai joan daiteke», erran du Sarkozyk, leloa aldatuz baina sakoneko erranahia atxikiz.Bertze lau egunez luzatuko da eztabaida Frantziako Asanblean, ostirala arte. Anartean testua aberasteko ideiak onar daitezkeela nabarmendu du Sarkozyk. Ildo horretan Immigrazioaren eta Integrazioaren Kontseilua sortzearen alde azaldu da. Kontseilu horretan gizarte eragileak eta arduradun politikoak bilduko lirateke «immigrazioaren estatistikak alderdikeriarik gabe osatzeko».
Sozialistak epel
Immigrazioa ez da sozialisten gustuko gaia eta, Sarkozyren egitasmoaren aurka badaude ere, ez dute zuzen jotzen sakoneko ideiak eztabaidatzera. Testua soberan dagoela dio PSFk. «Baztertu xedea, Askapenetik hona errepublikar ituna gehien urratuko duena delako», erran du Bernard Roman PSFko diputatuak. «Frantziako Errepublikarentzat lotsagarria da, gure historia eta ohiturak iraintzen ditu, bihotzez maite dugun Frantziaren balioei zauria eragiten die».
Komunistek gogor deitoratu dute Sarkozyren egitasmoa. «Barne ministroak bere merkatutxoa antolatu du, etorkinen merkatua», erran du Alain Bocquet talde komunistako presidenteak. Askatasuna urratzea eta zangopilatzea leporatzen dio lege egitasmoari. «Totalitarismoaren kutsu nabarmena dauka eta horren kontra borrokatuko gara buru – belarri», azaldu du.Francois Sauvadet UDFko diputatua ere ez da immigrazio xedearen alde agertu. «Zuhurtzia handiz jokatu dugu testu honen aitzinean, funtsean hauteskundeetatik hurbilegi dagoelako eta ez dutelako indarrean ezarriko horren epe laburrean».Dagoeneko 400 emendakin inguru aurkeztu dizkiote Sarkozyren immigrazio xedeari. Eztabaidak aste osoa hartuko du, maiatzaren 9an bozkatu aitzin. Gero Frantziako Senatuak aztertuko du ekainean, Parlamentura itzuli aitzin.Gizarte eragileek gogor deitoratu dute immigrazioaren xedea. Joan den larunbatean 5.000 pertsona inguru elkarretaratu ziren Parisen Sarkozyri eskatzeko bertan behera utz dezan xedea. 460 elkartek bat egin dute eskariarekin. «Ez du geldituko legez kontrako immigrazioa, etorkinak klandestinitatean bizitzera behartuko ditu», adierazi du Mouloud Aunit MRAPko eledunak.Giza eskubideen aldeko Ligak eztabaida publikoa eginen du Baionan maiatzaren 10ean, 20:30ean Saint Ursule gelan.
(Puede haber caducado)