Sarkozy garaile Presidentetzarako lasterketan
VILLEPIN ETA SARKOZYREN ARTEKO LEHIA. Lehen aldiz, Villepinek iradoki du ez dela aurkeztuko Presidentetzarako bozetara; hori mesede litzateke Sarkozyrentzat
Berria, 03-05-2006a. e.
Frantziako Gobernuak gorabehera ugari jasan ditu azken hilabeteotan. Parisko auzo txiroetako herritarren protestak, ikasleen haserrea eta manifestazioak, eta orain, berriz, Clearstream auzia. Kontuan hartuta Jacques Chiracen Presidentetzaren azken urtea dela, eta Nicolas Sarkozy eta Dominique de Villepin direla haren hurrengo izateko hautagai nagusiak, ulertzekoa da biak ala biak gatazka horietaz baliatu izana. Hala ere, badirudi Villepin nekatu egin dela borrokatzeaz, lehen ministro kargua hartu zuenetik lehen aldiz Presidentetzarako bozetan ez dela aurkeztuko iradoki zuelako atzo. Hauteskundeetan gobernuburu gisa parte hartuko duela esan du, hautagai gisa egin beharrean: «Borondate osoz sostengatuko dut bozak irabazten dituen gehiengoa». Lehen ministroak 29 puntu galdu ditu lau hilabetean. Lehen %49ko sostengua bazuen, orain %29koa du.
Ez da, ordea, Villepinek amore emando duela iragarri duen lehen aldia. Gazteentzako lan kontratu berriaren auzian ere gauza bera egin zuen. Lege proiektua erretiratuz gero kargua utziko zuela iragarri zuen, baina ez zuen bete esandakoa.Chiracek, berriz, argi utzi du, behin baino gehiagotan, nahiago duela Villepin, Sarkozy baino. Frantziako presidenteak ez du oraindik ahaztu Barne ministroaren «traizioa». 1995eko bozetan Eduard Balladur lehen ministro ohiaren hautagaitza sostengatu zuen Sarkozyk, eta Chiracek gogoan du oraindik hori. Orain, baina, badirudi Clearstream auzia izan daitekeela Sarkozyren aukera, agintariek ez ezik komunikabideek ere Villepinen dimisioa eskatu dutelako eta Chirac bera ere auzian nahasita egon daitekeelako, nahiz eta bi buruzagiek halakorik onartu ez. Sarkozyk, berriz, iragarri du ez duela etsiko eskandaluaren erantzuleak aurkitu arte: «Istorio hau guztia asmatu zuen sasikoa aurkituko dut».
Jarrera desberdinak
Iazko irailean Chirac erietxera eraman zuten, bihotzeko bat zela eta. Bi buruzagien jarrerak gero eta urrunago zeudela ikusteko balio izan zuen horrek. UMP Herritarren Batasunerako Mugimenduko buru eta Barne ministro Sarkozyk ohartarazi zuen UMPren lana ez dela Gobernua sostengatzea, eta hautesleen konfiantza irabaztea zela bere helburua: «Ezerk eta inork ez dit eragotziko 2007ko hitzordura joatea».
Baina Sarkozyk ere jaso ditu kolpeak. Parisko auzo txiroetako herritarren protestak izan ziren lehenik, eta immigrazio legea orain. Barne ministroak atzo aurkeztu zuen legea; haren arabera, paperik gabeko etorkinak kanporatu egingo dituzte herrialdetik. Horrek ezkerreko alderdien eta erakunde humanitarioen kritikak eragin ditu.
(Puede haber caducado)