Bide guztiek Bruselara daramate

Salvinik eta Le Penek abian jarri dute «Askatasunaren Frontea», maiatzeko bozei begira. Bannonek kontinente zaharreko eskuin muturra batu nahi du Mugimendua taldean

Berria, Ander Perez Zala, 09-10-2018

Europako eskuin muturreko pertsona ezagunenak, Italiako Barne ministro Matteo Salvini eta Frantziako BN Batasun Nazionala alderdiko presidente Marine Le Pen, prest daude Europako Batasuneko erakundeak hartzeko. Eskuin muturrak hasia du hauteskunde kanpaina: «eliteak» jomugan, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea eta Pierre Moscovici Ekonomia eta Finantza komisarioa etsai, eta langileriaren botoaren bila, datorren maiatzera bitarteko ekintza eta erabaki guztiak hil horretako hauteskundeei begira interpretatu beharko dira, bide guztiek Bruselara daramatelako. «Bere balioak saldu dituen ezkerraren oinordetza soziala jasotzen ari gara Le Pen eta biok», ohartarazi zuen atzo Salvinik, datorren borroka politikoari eta ideologikoari hasiera emateko.

Urteotan Europan hazkunde gutxi izan dela, herritarrak gero eta pobreagoak direla eta langabezia handitzen ari dela; ideia horietan oinarrituko da eskuin muturra Europako Parlamenturako hauteskundeetan langileriaren botoa lortzeko, Le Penek iradoki zuenez. Bi buruzagi ultraeskuindarrek «Askatasunaren Frontea» aurkeztu zuten atzo Erroman, eta maiatzeko bozetarako estrategiaren lehen ideiak plazaratu zituzten: globalizazioaren kontrako jarrera, mugak ixtea, lana eta Bruselako «bunkerraren aurkako» borroka. Hori guztia, beldurra estrategia gisa erabiliz, lehenik bakoitzak etxean «bere garaipena ospatzeko», eta, gero, denak «Bruselan elkartzeko»; alegia, ez dutela zerrenda bakarra izango —agian hautagai bateratuak—, baizik eta alderdi eta herrialde bakoitzak bereak osatuko dituela. Etxeko garaipenak, urteotan urriak izan ez direnak, Bruselan batuko dituzte, indar erakustaldia emateko.

Maiatzean elkartzen direnerako, Salvinik jakinarazi du prest egongo liratekeela Europako eskuinarekin negoziatzeko, EAP Europako Alderdi Popularrari erreferentzia eginez, baina, hori gertatu aurretik, EAPri eskatu dio bere jarrera zehatz dezala datorren hilabetearen 7an eta 8an Helsinkin egingo duen kongresuan. Italiako Barne ministroak jarrera aldatu du, eta atzo ez zuen euroa kritikatu, eta haren aurka ere ez zuen egin —eskuina erakartzeko—, baina akordio komertzialen aurkako jarrera argia erakutsi zuen, Le Penek bezala: «27 gara, eta denak desberdinak. Ez ditugu gure nekazariak suntsitu nahi».

EBko agintera iristea dute helburu ultraeskuindarrek, baina badakite babesa falta zaiela. Hain justu, EAPn dute aliatu bat: Viktor Orban, Hungariako lehen ministro autoritarioa. Salvinik eskuin muturraren taldera ekarri nahi du, baina, oraingoz, agintari hungariarrak ez du begi onez ikusten aldaketa. Harekin ez ezik, Italiako Barne ministroa Austriako Gobernuan dagoen FPO alderdiaren buruzagi Heinz-Christian Stracherekin, AFD Alemaniarentzako Alternatibarekin eta Suedian joan den irailean emaitza onak lortu zituen SD Suediako Demokratak alderdiarekin ere elkartu da, fronte berrira batu daitezen.

Egun, EBko 28 parlamentuetako 17tan daude ordezkatuta eskuin muturraren ideiak, duen indarraren erakusgarri. 2017ko parlamenturako bozetan, FPOk botoen %20,5 lortu zituen; Italian, aurtengo hauteskunde orokorretan, Salviniren Legak babesen %17,35 lortu zituen; Polonian, PiS Legea eta Justiziak botoen %37,6 lortu zituen duela hiru urteko hauteskunde orokorretan; Frantziako iazko presidentetzarako bozetan, Le Penek botoen %21,7 jaso zituen lehen itzulian; eta SDk botoen %17,6 jaso zituen joan den hilabeteko hauteskunde orokorretan, esaterako. Adibideen zerrendak joera berean jarraitzen du, Europan zein munduan, eskuin muturraren babesa hazten ari baita urteak pasatu ahala. Horregatik, olatua baliatzeko prest daude Salvini eta Le Pen, are gehiago Brasilen herenegun Jair Bolsonarok botoen ia erdiak eskuratu dituela jakinik, eta Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako, munduko lehen potentziako, presidentea dela baliatuta.

Euroeszeptikoei begira

Itsasoaren beste aldeko aliatu bat izango dute eskuin muturrekoek: Steve Bannon Trumpen estrategia buru ohia Europan da, eskuin muturra batzeko, eta, gero, mundu mailarako jauzia egiteko; xede horretan, harentzat ere giltzarri izango dira datorren maiatzeko Europako Parlamenturako hauteskundeak, sortu berri duen Mugimendua taldea sendotzeko. Salvinik begi onez ikusten du jokaldia; ez, ordea, Le Penek, eta atzo muga bat ezarri zion Bannoni: «Amerikarra da, ez europarra. Haren laguntza ongi etorria da, baina muga bateraino».

Benjamin Harnwell Dignitatis Humanae Institutu ultrakatolikoaren zuzendariarekin batera, Bannonek «unibertsitate» moduko bat irekiko du Italian, buruan duten estrategiak babes eta oinarri ideologikoak izan ditzan. Erromatik 130 bat kilometrora dagoen mendi batean, Collepardo herriko Trisulti monasterioan, zehaztuko du Bannonek datozen urteetarako estrategia.

Mugimendua, euroeszeptikoentzako talde berria, fundazio bat da, eta helburutzat du, besteak beste, eskuin muturreko eta establishment-aren aurkako indarrak babestea, inkestak, datu bilketak eta ikerketak eskainiz; oraingoz, Bannonek berak eta Europako diru emaile gutxi batzuek finantzatzen dute taldea, baina, Mischael Modrikamen abokatu belgikarrak adierazi duenez, pixkanaka hazten hasiko dira datozen hilabeteotan. Haren bide orria argia da: taldeak behar adina kide dituenean, euroeszeptikoak batzeko gune gisa erabiltzea, batez ere Europar Kontseiluaren bileren aurretik. Horrekin batera, euroeszeptikoen goi bilera bat antolatzearen alde agertu da, «azarorako edo urtarrilerako».

Eta, bide horretan, Le Penen zalantzak ez dira oztopo izango, Bannonek arreta Marion Marechal-Le Penengan jarriko duelako, Marine Le Penen ilobarengan. Espainiara begira, Modrikamenek argi du balizko aliatua: «[PPko] Pablo Casado, adibidez, ez dago gure ideietatik urruti».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)