ATZEKOZ AURRERA. Sonia Parella. Ikerlaria eta unibertsitateko irakaslea

«Ez da nahikoa sektorea arautzea; politika sozialak behar dira»

Parellaren ustez, emakumeak lan merkatuan sartzeak «zaintza lanen globalizazioa» eragin du: emakume etorkinak dira egun etxe barruko langileak, eta «erregulatu gabeko egoeran daude, babesik gabe».

Berria, Izaro Zinkunegi Barandiaran, 06-10-2018

Sonia Parella (Aiguafreda, Herrialde Katalanak, 1973) soziologoa eta irakaslea da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Migrazioa eta zaintza lanak ditu ikergai; haren arabera, emakume etorkinek egiten dituzte egun zaintza lanak, eta «babesik gabe» daude. Estatuaren parte hartzea ezinbestekoa ikusten du arazoa konpontzeko. Horri buruz aritu zen herenegun Bilbon, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak antolatutako Migrazioak eta generoa Euskadin eta bere ingurunean jardunaldietan.

Migrazioa eta zaintza lanak dituzu ikergai. Nola uztartzen dira?

Lotura oso estua dute azken hamarkadetako joeraren eraginez. Zenbait zaintza lan merkatu globalean sartu dira, eta, nagusiki, emakume etorkinek egiten dituzte. Euren herrialdetik joatea erabaki duten emakumeak dira, diru sarrerarik ez dutelako, ezta eurak eta euren familia ekonomikoki mantentzeko aukerarik ere. Merkatu global horretan, enplegua aurkitzen dute zenbait herrialdetan, Europan, AEBetan eta [Persiar] golkoko herrialdeetan, nagusiki. Ikusezin bihurtutako eta erregulatu gabeko lanak egiten dituzte; zaurgarritasun handiko egoerak jasaten dituzte, baita gehiegikeriak eta esplotazioa ere.

Zaintza lanaren globalizazioaz ari zara. Zer da zehazki?

Familiak egitura patriarkalaren arabera antolatu izan dira; eredu horretan, emakumeei soilik egozten zitzaizkien zaintza eta erreprodukzio lanak. Hori jasanezina bihurtu da, egun osoan horretaz arduratzen zen emakumea desagertu egin baita lan merkatura sartzean. Era berean, zahartze demografikoaren ondorioz, zaintza lanaren eskaria handitu egin da. Eskari horri ezin zaio eredu tradizionalarekin erantzun, eta merkatu globalak hartu du haren lekukoa. Merkatu horrek beste herrialdeetako emakumeak errekrutatzen ditu.

Zertan aldatu dira zaintza lanak azken urteotan?

Beti egon izan dira etxe barruko langileak; garai batean, familia dirudunek kontratatzen zituzten, eta landa inguruko neska gazteak ziren; haiek ezkondu edo familia osatu bezain laster uzten zuten lan hori. Egun, eskaria oso ezberdina da: ez dago gaitasun ekonomiko handiko familiei lotuta, klase ertaineko eta langile klaseko jendeak du behar hori; eurek erantzun ezin dieten zaintza lanak bete nahi dituzte

Etxe barruko langile gehienak etorkinak dira. Zein da haien egoera?

Bestelako etxeko lanetan profil ezberdinetako emakumeak daude; baina, etxe barrukoen kasuan, emakume etorkinak dira ia denak. Erregulatu gabeko egoeran daude, ez dute bizitoki baimenik eta paperik; euren lana eremu pribatuan egiten dute, eta babesik gabe daude. Gizarte Segurantzan izena ematean ez dituzte beste enplegu batzuetako eskubide berak; langabezia saria, esaterako.

Nolakoa da zaintza zerbitzua jasotzen duten familien jarrera?

Ezin da orokortu, baina, sektorea erregulatu gabe dagoenez, dena familiaren enpatiaren eta jokabidearen esku uzten dugu. Nola aldarrikatuko dituzu zure eskubideak sektorea arautu gabe badago? Langileak eurak ere askotan erregulatu gabeko egoeran daude, eta babesgabeak dira.

Nolakoa da erakundeen jarrera?

Gure ongizate ereduaren ondorioz, erakundeek parte hartze txikia dute finantzaketan. Badugu menpekotasun legea, baina ez da lortu sektorea erregulatzerik. Kasu askotan, familiei emandako zaintza lanetarako laguntza ekonomikoak emakume etorkinengana doaz zuzenean; haiek lan kontraturik gabe egiten dituzte zaintza lan horiek. Ezkutuko ekonomia ere areagotzen ari da; estatuak ez badu parte hartzen finantzaketan, zaintza lanen kostua familien gain erortzen da. Eta familia askok ezin dute soldata duin bat ordaindu.

Zein da irtenbidea?

Ez da nahikoa sektorea arautzea; politika sozialak behar dira. Profesionalizazioa eta langileek eskubide duinak izatea nahi badugu, horren kostua ezin da familien gain erori. Zaintzaren antolaketa sozial egokia jarri behar da martxan, eta hori estatuak ordaindu behar du. Europa iparraldeko herrialdeetan ia ez dago familiak zuzenean kontratatutako emakume etorkinik etxe barruko lanetan; zerbitzu sozialen bidez kontratatzen dituzte.

Irakaslea zara. Zer ekarpen egin dezake hezkuntzak?

Aurrerapauso handia izan da migrazioari eta zaintzari lotutako gaietan genero ikuspegia sartzea. Migrazioak, lan merkatuak eta globalizazioa ulertzeko beharrezkoa da ikuspegi hori, baita zaintza lanak ulertzeko ere. Horrek erakusten digu ez garela ari arazo konkretuei buruz, auzi globalei buruz baizik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)