ATZEKOZ AURRERA. Laulad Ahmed Saleh. Aktorea
«'Déjà vu' antzeko bat izan nuen Khalilekin»
'Oreina' filmeko Khalil gorpuztu du Ahmedek berriki; curriculumean jarriko duen lehen aktore lana izango da, baina ez azkena: lanbidea gustatu zaionez, interpretazioa ikasteko asmotan da.
Berria, , 04-10-2018Euskaraz hitz egiten duen marokoar baten bila zebilen Koldo Almandoz Laulad Ahmed Salehrekin (Mendebaldeko Sahara, 1994) topo egin zuenean. Baina sahararra zenez, pertsonaiaren historia moldatu egin zuen zinemagileak. Taberna batean lan egitearekin batera, turismo ikasketak egiten ari da, baina badaki bukatzean zeri helduko dion: interpretazioa ikasteari.
Lehenengoz aritu zara aktore; lehenengoa eta azkena izango da?
Lehenengoa, baina ez azkena. Zeozer sortuko balitz, prest nengoke lanerako. Manager bat daukat, eta bestelako lanak proposatu dizkit: aukera sortzen bada, prest nago. Datorren urtean Madrilera joango naiz ikastera, teknika hobetzeko.
Castingak ere orain ezagutu dituzu. Zer moduz?
Lehenengoan, oso urduri nengoen: eskuetan neukan paperak dar-dar egiten zuen. Bigarrengoan, are gehiago: Koldo eta Kixi [Asier Altuna] zeudelako, grabatzen… Pentsatu nuen: «Non sartu naiz?». Errazago aritu nintzen, baina, aldi berean, urduriago nengoen.
Zer esan zizuten etxekoek kontatu zenienean?
Ondo hartu zuten. «Joan eta probatu; ez duzu ezer galduko», esan zidaten. Gurasoek beti esan izan didate zerbait egin nahi badut egiteko.
Filma ikusita, zer esan dizu inguruko jendeak?
Gehienek oso iritzi ona eman didate; agian, pixka bat motela dela filma, baina gogotsu zeuden ni pantailan ikusteko.
Zuri zeuri arraroa egin zaizu zeure burua pantaila handian ikustea?
Lehenengo aldian, butakan ezkutatu nintzen; pelikulak aurrera egin ahala galdu nuen lotsa.
Zer moduz moldatu zara testuak ikasten?
Erraz, egia esan: ohituta nago historia ikasten, biologia… Horien aldean erraza izan da.
Besteak beste, Ramon Agirrerekin eta Patxi Bisquertekin aritu zara lanean: zer moduzkoa izan da esperientzia?
Oso ona! Denbora gehiago pasatu nuen Patxirekin, eszena gehiago geneuzkalako elkarrekin. Ramon oso jatorra da: serioa, baina bromak egiten ditu konfiantza hartu ahala. Patxi basajaun bat da [barreak]. Hilabete eta erdiz egon gara elkarrekin, eta lagun egin gara: Whatsappez hitz egiten dugu, eta beti bidaltzen dizkit Sahararekin lotutako kontuak.
Zinemaldia barrutik ezagutu duzu.
Egia esan, Oreina-ren aurretik pelikula bakarra neukan ikusita Zinemaldian, eskolarekin joan ginelako. A monster calls ikustera eraman gintuen ingeleseko irakasleak: horrela ezagutu nuen Zinemaldia, baina orain konturatu naiz zeinen garrantzitsua den hor egotea.
6 urterekin etorri zinen Euskal Herrira. Zer topatu zenuen hemen?
Pixka bat arraroa iruditu zitzaidan, zeren nik ez nekien zer zen eskailerak igotzea, adibidez. Edo iturria ireki eta ura ateratzea. Oso arraroa zen dena, baina ohitu nintzen, pixkanaka.
Nolakoa izan zen zuretzat euskara ikastea?
Lehenago, Zaragozara joan nintzen, eta han gaztelania ikasten hasi nintzen, pixkanaka. Hona etorri nintzenean, Amara Berrin hasi nintzen ikasten: atzerritarrak gela berean geunden, euskara ikasteko. Batzuek hiru urte eman zituzten han: nik urtebete egin nuen, eta gero ikasgela arruntera pasatu nintzen. Oso azkar ikasi nuen.
Almandozek esan zuen ezagutu zintuenean konturatu zela Khalilen oso antzekoa zinela; hala iruditu zitzaizun zuri ere?
Egia esan, bai. Gidoia irakurri nuenean pentsatu nuen: «Hau ni naiz!». Bazirudien nigan pentsatuz idatzi zuela pertsonaia; déjà vu moduko bat izan nuen Khalilekin.
Zenbateraino eragin du filmak zure bizitzan?
Burbuila batean sartuta bezala nago; ez dut aldaketa handirik sumatu oraingoz.
(Puede haber caducado)