Mediterraneoan 34 iheslari hil dira itota hondoratze batean, OIMren arabera
Salvini ministro denetik, egunean zortzi hil dira. Atxilotu egin dute iheslarien harreraren aldeko Italiako alkate ezagunena, immigrazio ilegala egotzita
Berria, , 03-10-2018Maroko eta Espainia arteko tartean gertatu da oraingoan ezbeharra: 36 ordu laguntza eske igaro arren, inor ez zen agertu ontzi batean zeuden 60 migratzaileei laguntzera, eta igandean horietako 34 itota hil ziren Mediterraneoan, OIM Migrazioen Nazioarteko Erakundeak salatu duenez. Gainontzeko 26ak bizirik atera zituzten herenegun goizean, OIMren eledun Joel Millmanek atzo jakinarazi zuenez. Koalizioa osatu ostean, eskuin muturreko Lega alderdia eta M5S 5 Izar Mugimendua duela lau hilabete iritsi ziren boterera, eta epe horretan Legaren buruzagi eta Italiako Barne ministro Matteo Salvinik bultzaturiko neurriek eragin zuzena izan dute herrialdean sartu diren migratzaileen kopuruan, nabarmen murriztu baita hango kostaldera iritsi direnena; hala, egun, Italiara joan beharrean, askok Espainiarako bidea lehenesten dute.
Libiako agintariekin adosturiko akordioek edota gobernuz kanpoko erakundeei Italian porturatzeko debekuak eragin zuzena izan dute joera horretan, eta «Salviniren lau hilabeteko politiken ondorioz hildakoen eta desagertuen kopurua areagotu egin da», Italiako ISPI think tank-ak ezagutarazi duen txosten baten arabera. Joera horren atzean errealitate gordin bat dago: ekainaz geroztik, Italian gobernu berria boterean dagoenetik, egunero zortzi migratzaile hil dira Mediterraneoan. Hala ere, ISPIk ohartarazi du Italiara geroz eta migratzaile gutxiago iristea ez dela «soilik» egungo Barne ministroaren neurrien eragina, hori karguan haren aurreko Marco Minnitiren neurrien ondorio ere bai baita.
Italiako Barne Ministerioaren informazioaren arabera, aurten 21.401 migratzaile porturatu dira herrialdean, iaz epe berean baino %80,1 gutxiago; horietako 12.389 Libiatik atera ziren, duela gutxira arte garrantzitsuena zen itsasbidea zeharkatzeko. OIMren datuen arabera, berriz, 117 migratzaile iritsi ziren egunero Italiara Minniti Barne ministro zenean —2017ko uztailetik 2018ko ekainera arte—, eta, Salvini ministro denetik, kopurua 61era jaitsi da.
Domenico Lucano
Italia hegoaldean dagoen Riace herria ezagun bihurtu da urteotan migrazioarekin erakutsi duen jarrera irekiarengatik eta iheslarien harreraren alde egiteagatik. Ospe hori Domenico Lucano alkatearen jarrerari eta lanari esker lortu du herriak, nazioartean sona handia izateraino. Bada, immigrazioaren babesleek kolpe handia jaso zuten atzo, Lucano atxilotu egin baitzuten immigrazio ilegala egotzita.
Locriko fiskalak jakinarazi zuenez, neurri hori ikerketa baten ostean hartu dute: «Barne Ministerioaren eta Reggio Calabriako Gobernuaren Ordezkaritzaren funtsen kudeaketa aztertu dugu». Ordea, zehaztu zuen funts horien kudeaketan ez dela «ezer ilegalik egin», ezta dirua «bidegabe erabili» ere; hala, atxiloketaren oinarria migratzaileei dokumentuak eskuratzeko ustez jarritako erraztasunetan jarri du, lege batzuei muzin eginez.
(Puede haber caducado)