Txantxarreka gaztetxeko kideak Eneko Goiarekin bilduko dira bihar migratzaileen egoera aztertzeko

Gara, NAIZ, 05-09-2018

Antiguako Txantxarreka gaztetxeko kideek presazko bilera eskatu diote Donostiako alkateari, migratzaileen egoera «larriari irtenbide duina» emateko. Afrikar talde batek hilabete darama bertan, gaztetxeko kide eta auzokoen borondateari esker. Bihar arratsaldean bilduko dira.

Txantxarreka gaztetxeko kideek agerraldia egin dute gaur goizean Donostiako Udaletxearen atarian, migratzaileentzat harrera neurri eraginkorrak aldarrikatzeko. «Ilegala banaiz, alda zuen legea» zioen pankartaren atzean bildu dira gaztetxeko kide eta etorkinak.

Antiguako gaztetxe horretan hilabete darama afrikar etorkin talde batek. Une honetan hamasei daude, baina lau asteotan hamarnaka pasa dira, tartean haurrak, bertako kide eta auzokoen borondate eta lanari esker. Denbora horretan guztian Udalaren ordezkaririk ez da joan Txantxarrekara, agerraldian salatu dutenez. Hori dela eta, gaztetxeko bi kide Udaletxera sartu dira, Eneko Goia alkateari presazko bilera baterako eskaria egitera. Erantzuna iritsi da eta bihar arratsaldean bilduko dira.

Txantxarrekak, muga fisikoez gain, baliabide profesional eta ekonomiko urriak dituela jakitun direla esan dute, baina hala ere gaztetxeko, Harrera Sareko kide eta herritarren borondate onari esker 24 orduz txandakako lanean aritu dira errefuxiatuei «bizi duten egoera tamalgarria zertxobait arintzeko». Sendagile, gizarte hezitzaile, itzultzaile, psikologo, irakasle, abokatu eta begiraleak aritzen dira bertan, besteak beste.

«Gu hilabete batean hau guztia egiteko gai izan bagara, nola liteke instituzioek, haien esku dituzten kalitatezko baliabide guztiekin, fundamentuzko erantzunik ez eman izana?» galdetu dute.

Donostiara migratzaileak «trantsitoan» doazela diotenen aurrean, «errealitatea bestelakoa dela» erantzun diete. «Hauetako batzuek duinki bizi eta lan egin nahi dute hemen. Zuen ahotan aspalditik entzuten ari gara migratzaileei harrera egingo diezuela, baina zuen erantzuna hitz polit eta itxurakeria hutsa izaten ari da. Bada garaia egoeraren larritasunari merezi duen erantzuna emateko», aldarrikatu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)