Bermeon 3 gizon atzeman dituzte baimen barik lurra hartzen saiatu direnean
Berria, 29-04-2006IÑIGO BILBAO – BILBO
Euskal Herrian Espainiako agintarien baimenik gabe sartu nahi izan duten Marokoko hiru gizon atzeman eta Bermeora (Bizkaia) ekarri dituen itsasontzira itzuli dituzte poliziek. Hiru gizonek ezkutuko bidaiari gisa hartu zuten Casablancan (Maroko) Panamako bandera zeraman merkantzia – ontzia. Bermeon lan eske lurreratu zirenean, Espainiako poliziek atzeman eta sarbidea galarazi zieten.
Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzak Berriari esan dionez, hiru gizonak ontzira itzularazi dituzte. «Lurralde nazionalean sartzeko baimenik ez zeukatenez, legeak agindutakoa bete besterik ez dute egin Segurtasun Indarrek».Hirurak lan eske etorritakoak zirela azpimarratu dute iturriok, eta ez sorterritik ihesean asilo bila etorritakoak. «Hala ere, legeak agindu bezala, Gurutze Gorrikoak eurekin izan dira euren osasun egoera egiaztatzeko, eta abokatua ipini diegu edozein prozeduratan laguntzeko».Ontzia atzo arratsaldean itsasoratu zen berriro baimenik gabeko hiru bidaiariak barruan zeramatzala, eta gaur bertan helduko da Gipuzkoako porturen batera. «Han zer gertatuko den bertako agintariek erabakiko dute, guk gurea bete dugu».«Bitxia izan da benetan, eta horren inguruan gogoeta egin beharko genuke guztiok, Bermeora heldu aurretik ontzia Espainiako beste hainbat portutan izan baita ostegunean bertan Santanderren izan zen, eta Bizkaira heldu den arte hiru gizonak ez dira lehorreratu».Hori da Gobernuko iturrietatik esan dutena. Berriak beste iturri batzuen bidez jakin du merkantzia – ontziko kapitainak, itsaso zabalean hiru gizonak ontzian zituela ohartu zenean, Bermeora bidean ipini zuela ontzia, baimenik gabeko bidaiariak Poliziaren esku uzteko.Euren egoera aztertu ostean, baina, Espainiako agintariek atzera bota dituzte hiru gizonak eta ontziko kapitainaren beraren ardurapean utzi, honek sorterrira itzul ditzan.
(Puede haber caducado)