Immigrazioaren Lege egitasmoa onartu egin dute Batzordean

Frantziako Parlamentuak maiatzaren 2an ekinen dio lege egitasmoaren azterketari, zuzenketek Batzordean oinarrizko testua gogortu ondoren

Berria, 27-04-2006

Erredakzioa – BAIONA

Frantziako Parlamentuko Batzordeak onartu egin du Immigrazioaren Lege egitasmoa. Oinarrizko testua gogortu egin du Batzordeak eta Parlamentuak maiatzaren 2an ekinen dio lege egitasmoaren azterketari.

Thierry Marianik aurkeztuko du xedea. Nicolas Sarkozy Barne ministroaren ikuspegi politikoan kokatzen da, eta Batzordean bertan emendakinak egin dizkio oinarrizko testuari. PSF eta PCF alderdiek lege egitasmoaren aurka bozkatu dute. UMP taldeak xedearen alde eginen du nagusiki baina diputatu batzuek, Etienne Pinte eta Christine Boutin, bertzeak bertze, salatu egin dute eta ez dute bat eginen taldearen irizpidearekin.Immigrazioaren legeak etorkinak hartzeko baldintzak gogortuko ditu. Frantziako Gobernuaren helburua etorkinak «hautatzea» da, ez «pairatzea», UMPren iritziz orain artean indarrean egon den legearekin gertatu den bezala. Legea onartuz gero, etorkinak beren ezagutzen eta lanerako gaitasunaren arabera hautatuko dituzte. Agiri mailan ere, hiru urteko balioa ukanen dute, «hartutako jakintza ondoren haien herrira itzul dezaten». Sarkozyk hitz gogorrak baliatu ditu etorkinen haserreari ihardesteko. «Ez badute Frantzia maite, ez dezatela arazorik ukan erresuma hau utzi eta kanpora joateko».

Gizarte eragileak, haserre

Ezkerreko alderdiak bezala, gizarte eragile anitz lege egitasmoaren aurka agertu dira. 460 elkartek uko egin diote «hautuzko immigrazioari», ez dute onartu Sarkozyk egindako bilkura proposamena eta eztabaida abiatu aitzin lege egitasmoa gibelera bota dezala eskatzen diote.

«CPErekin bezala, solaserako gomita egiten digute eztabaida itxia eta egitasmoa Parlamentuan delarik» adierazi dute elkarteek. Etorkinak interesen arabera jaurtitzen dituen egitasmoa gaitzetsi dute.Familia eskubideak urratzen direla salatu dute. Izan ere, etorkinek prekarietate handiagoa ukanen dute; gobernuaren eta lan merkatuaren arabera hautatuko dituzte, bertzeen eskubideak urratuz. «Xenofobiaren makinaria martxan da dagoeneko Frantziako presidentziarako hauteskundeei begira», adierazi du Mouloud Aounitek elkarteen izenean. Egoera horrek legez kanpoko immigrazioa bultzatuko duela uste dute diputatu anitzek.Frantziako eliza kristauen kontseilua ere zuhur eta kezkatuta azaldu da. Onartzen du gobernuak legitimitate osoa duela erabakiak hartzerakoan, baina eraginen dituen kalteak kontuan hartzeko eskatzen dio. «Jendeen artean ezberdintasun handiak sortuko dira; batzuei bizia errezten zaie bertzeen kaltean».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)