«Ijitoa»
Berria, 26-04-2006amagoia iban
Hasierako teletipoak «ijito» hitza erabili zuen. Poliziarekin liskarra eduki zuela, eta tiroz hil zela azkenean, bide bazterrean. Ijito bati buruan tiro jotzea erraz digeritzen dugu, antza. «Kontzientzientzako aringarri ote da biktimaren arraza?», galde dezake mezu tekno-faxistak txertatzen dizkiguten telesail parapolizialetako edozein pertsonaiak. Teletipoak zuzendu behar izan zituzten, ordea: ez zela ijitoa, Jose Atanes zuela izena. Eta heldu da epaiketa, eta aringarri moduan: ETAren mehatxua. Pistoladuna ertzain mehatxatua zelako, eta Jose Atanes «bahiketa bat edo atentatu bat» egiten ari zela pentsatu zuelako. Atanes mehatxatua sentitu ote zen polizia bat pistola eskuan builaka hurbiltzen ikusi zuenean, hori beste kontu bat da. Eta ertzainaren abokatuak, atzo: gertatutakoa ez zuen bere bezeroak eragin; gertatutakoa ezin zen saihestu; «agenteak bere bizia jarri zuen jokoan». Baina Jose Atanes hil, aizue! Eta fiskalak bi urteko kartzelaldia eskatu du ertzainarentzat, lau urtekoa akusazio partikularrak. Jose Atanes ez zen polizia, ez. Ustezko terrorista izatetik ijito izatera heldu zen, eta titulu hori ere teletipo batean eman eta hurrengoan kendu zioten.
(Puede haber caducado)