'Mare Nostrum' balitz bezala
Italiak errefuxiatuen itsasbideak itxi eta mugak urruntzeko politikan sakondu nahi du. Libiak baztertu egin du zentro itxiak hegoaldean ezartzea. 'Lifeline' ontziak bost egun daramatza lehorreratu ezinik
Berria, , 26-06-2018Erromatarrek Mediterraneoko itsasbazter guztiak konkistatu zituzten. Inperioaren garaia zen, zibilizazio zaharrena, eta enperadoreek, euren burua bezala, den-dena izendatzen zuten. Itsasoari ere latinezko izena jarri zioten: Mare Nostrum (Gure Itsasoa). Benito Mussolinik ideia horri heldu zion II. Mundu Gerran. Faxistek Etiopia konkistatu berria zuten, eta munduko itsas armadarik handiena ezarri zuten Italiako Mare Nostrum-en. Lega Nordeko Matteo Salvini ere berea balitz bezala jokatzen ari da Mediterraneoan. Italiako Barne ministroak hermetikoki zigilatu nahi du itsasoa, errefuxiatuek erabiltzen dituzten itsasbideak itxiz, eta kostaldea hegoalderaino eramanez. Libiako kostaldea, neurri batean, haren esku dago, hango kostazainen konplizitatea baitu itsasoratu diren iheslariak berriz kostaldera bueltatzeko. Italiako portuetan, berriz, lehorreratzeko baimena ukatu die iheslariak erreskatatzen aritzen diren ontziei.
Salvinik, udal bozen bigarren itzulian izandako garaipenaren abaroan, beste urrats bat egin du. Libian pasatu zuen atzoko eguna. Ahmed Maitig lehen ministrordearekin eta Abdulsalam Axur Barne ministroarekin elkartu zen, eta, lehenik eta behin ,eskertu egin zien itsasoratutako iheslariak berriz ere lehorreratu izana: «Libiara 820 itzularazi dituzue egunotan, trafikatzaileen lana alferrikako eginez eta gobernuz kanpoko erakundeen ontzien esku hartze okerrak saihestuz».
Libiako kostaldea
Libiako kostazainek hainbat txalupa atzeman dituzte itsasoan asteburuan, eta haietan zihoazen mila bat errefuxiatu deportatu. Astebetean 2.000 iheslari lehorreratu dituzte. Libiako itsas armadak ohartarazi du «ikaragarri» handitu dela itsasoratzen ari direnen kopurua. Libiako kostaldea da, gaur-gaurkoz, errefuxiatuen itsas zeharkaldiaren abiapuntu nagusia. Italiak Libiarekin iaz egindako hitzarmenak, baina, dexente murriztu du kontinente zaharreraino iristea lortzen dutenen kopurua —%80 murriztu dira lehorreratzeak—. Salvinik, beraz, bide horretan sakondu nahi du, mugak urruntzeko politikak sustatzearekin batera.
Ahmed Meitig Libian dauden hiru gobernuetako baten ordezkaria da; Nazio Batuen Erakundeak babesten duena. Eta Salviniren proposamena baztertu egin duela iragarri zuen harekin elkartu ostean; herrialdearen hegoaldean zentro itxiak ezartzeko proposamena, alegia. Salvinik, baina, ezezkoarentzako erantzuna zuen: Niger, Mali eta Txaden kokatzea: «Italiak edo Libiak ez dute zertan ekonomikoki fenomeno honetaz arduratu. Ez da ulergarria».
Errefuxiatuen auziari irtenbidea ematea da Europak egun duen erronka handiena, eta, formula magikorik ezean, iheslarientzako zentro itxiak egitea da gaur-gaurkoz estatu kideak aztertzen ari diren aukeretako bat. Horiek non kokatu da eztabaida. Gune horietan errefuxiatuen estatusa aztertuko litzateke, asiloa onartzeko edo deportatzeko.
Ostegun eta ostiralean egitekoa duten goi bileraren ardatza izango da auzia. Asteburu honetan hamasei estatu kideetako ordezkariek egin duten bilera informalean ere horretaz aritu dira, eta, dirudienez, jarrerak gerturatu dituzte. Italiaren proposamenak badu nahikoa babes. Frantziak eta Espainiak gune horiek kontinente zaharrean ezartzearen alde egin dute. Ekialdeko herrialdeek, berriz, mugak urruntzeko plana babesten dute.
Badira, dena den, immigrazioaren jatorriari heltzeko garaia dela esaten hasi direnak. Federica Mogherini Europako Batasuneko Atzerri Politikarako goi arduradunak «gizatasunez» jokatu behar dela adierazi zuen atzo, eta, bide horretan, errefuxiatuen sorterrietan inbertitzearen alde egin zuen, errefuxiatuen zeharkaldiak saihestu aldera. Zehaztu zuen Europako Batzordea prest dagoela 145 milioi euro emateko, eta estatu kideei datorren urtearen amaierarako beste 500 milioi eskatu dizkie.
Noraezean
Gerratik, jazarpenetik eta miseriatik ihes egiten duten errefuxiatuek, bien bitartean, itsasoratzen jarraitzen dute. Oper Arms gobernuz kanpoko erakundeak atzo ohartarazi zuenez, igandean mila errefuxiatu zeramatzaten hainbat ontzi erreskatatzeko baimena ukatu zieten. Lifeline ontzia, berriz, noraezean dabil joan den ostiraletik. Italiak ukatu egin dio lehorreratzeko baimena 230 errefuxiatu daramatzan itsasontziari. Alexander Maersk ontzia ere lehorreratzeko zain dago, Pozzalon, Sizilian. Danimarkako ontzi horrek 113 iheslari daramatza.
Iaz 171.635 iheslarik zeharkatu zuten Mediterraneoa. OIM Migrazioen Mundu Erakundearen arabera, beste 3.116 hil ziren.
(Puede haber caducado)