«Erakundeen diru laguntzak miseria gorrira kateatzen du ijitoa betiko»

Ijitoen eta gainerako herritarren arteko harremanetan batzuek eta besteek zer ikasia badutela uste du Gasteizen ijitoen defentsan diharduen elkarteko buruak.

Berria, 20-04-2006

iñigo bilbao – GASTEIZ

Euskal herritar izateko gero eta modu gehiago dagoen honetan, ijitoek ertzean segitzen duen gizataldea osatzen dute. Aurreiritziak eta marjinazioa gainditzeko, Gao Lacho Drom elkartea sortu zuten Gasteizen aspaldi. Bartolome Jimenez, 61 urteko aitona dute elkarteko buru. Urteetan enkofratzaile jardun du lanean, eta gertutik ezagutu ditu bere jendearen arazoak.

Zer adierazten du Gao Lacho Drom elkartearen izenak?

Bide onetik doan herria esan nahi du. Izena elkartea sortu aurretik bizileku genuen eremu sozialetik hartu genuen. Gasteizera aldatu ginenean, 1989an, izenari eutsi genion elkartea sortzerakoan. Bidea egiten ari ginen eta egoki iruditu zitzaigun.

Elkarteak zein arlo lantzen ditu ijito herriaren mesedetan?

Bizitzaren arlo guztiak lantzen ditugu, guztietan eragitea beharrezkoa zaigulako. Baina, jakina, etxebizitza, hezkuntza eta lana lehentasunezko gaiak ditugu, gainerako herritarrei gertatzen zaien modu berean.

Etxebizitza traba bihurtu da herritar askorentzat. Zein neurritan da arazo berezia ijitoentzat?

Etxebizitza eskuratzea da daukagun arazorik handiena. Alokatzeko arazoak ditugu ijito izateagatik bakarrik. Langile ijitoari ate guztiak ixten dizkiete etxea alokatu nahian dabilenean. Eta erostea ia – ia ezinezkoa zaigu, gainerako guztiei bezala. Edozein herritarrek ez ditu 40 edo 50 milioi pezeta etxea erosteko. Ez dakit Jaurlaritzari dagokion, edo Udalari, baina baten batek 30 edo 40 mila pezetatan alokatzeko moduko etxeak sustatu beharko lituzke. Gazteentzat hori litzateke onena. Bestela, ezin izango dute inoiz gurasoen etxetik atera.

Lana ere aipatu duzu. Merkatuetan saltzen ikusi ohi ditugu ijitoak. Zein neurritan egon da zuon jendea langintza zehatz bati lotuta?

Merkatuetan saltzen ijito batzuk ibiltzen dira, gehienak Bizkaian. Hemen Gasteizen ijitook eraikuntza lanetan jardun izan dugu, batez ere. Kontuan izan behar da hemen ez dela merkatuak ipintzeko ohiturarik izan, Cuerda alkate izan zen garaietan leku bat egin ziguten arte. Gure elkartea ibili zen horren atzetik, eta horri esker, gaur gure gazte askok aterabidea izan dute.

Jendearen iritziz ijito asko erakundeen pentsura bizi dira, diru laguntzei esker. Ez dira aurreiritziak?

Aurreiritziak dira, jakina! Badira, noski, laguntzak eskuratzen dituzten gutxi batzuk, baina gizarteko gainerako taldeetan gertatzen den maila bertsuan. Pobrezia gainditu beharra daukagu. Beti esan dut nik INEMek lotu egiten zaituela azkenean. Ez dizu aterabiderik eskaintzen eta miseria gorrira kateatzen zaitu betiko. Premian bizi denarentzat laguntzak beharko direla ez dut ukatuko. Baina ijitook gure lanetik bizi nahi dugu.

Hezkuntzaren gaineko ardura aspaldikoa da. Eskolatuta daude gaur egun neska eta mutil ijitoak?

Apurka izan bada ere, arlo horretan urrats handiak egin ditugu aspaldion. Elkartekideon ustez, ezinbestean egin beharreko bidea zen hori, gure neska – mutilen etorkizuna heziketan oinarrituko delako. Etxebizitza edo lana edukitzeak baino garrantzia handiagoa du horrek, gaur ikasketa barik ez doazelako inora.

Eskolatuak bai, baina asko eta asko A ereduko eskoletan ikusi ditugu. Ez da hori bizi duten marjinazioa betikotzeko modua?

Argi dago gure umeek euskara ikasi beharko dutela. Guk ez genuen ikasi, gure adineko askori gertatu zitzaien bezala, debekatuta egon zelako edo aukerarik izan ez genuelako. Hemen, Gasteizen, gure garaian ganadu azokara Gipuzkoa edo Bizkaitik baten bat etortzen zenean baino ez genuen euskara entzuten.Baina dudarik ez dago gure umeek ikasiko dutela. Eta euskara bakarrik ez, baita ingelesa eta beharko diren gainerako hizkuntzak ere. Eta ez dut uste diozun hori zuzena denik. Ijitoak ez daude A ereduan bakarrik eskolatuta. Asko eta asko B ereduan ari dira, hizkuntza bietan.

Asko goraipatu da ijitoen kultura. Zelan egin daiteke zapuztu barik tradizioarekin aurrera egiteko?

Historiak erakutsi digu bizitza amaierarik gabeko bilakaera dela, ohiturak baztertu eta berriak hartu behar izaten direla. Guk ere ahalegin hori egin beharko dugu. Merezi duten ohiturak baztertu barik, irauteko beharrezkoak izango ditugun berriak hartu beharko ditugu. Zaila da, gazteentzat batez ere. Eurek ez zuten frankismoa ezagutu eta libreago bizi dira.

Kultura aldetik zer du ikasteko ijitoak euskal kulturatik eta, alderantziz, zer euskaldunak zuon kulturatik?

Antzinako herria da gurea, eta gugandik ikasteko asko daukate gainerako herritarrek. Gizarteak galduak dituen balio asko dauzkagu, familiaren ingurukoak batez ere. Familia izan da euskarri eta akuilu, eta hori galduta daukate herritar askok eta askok. Eta ikasiz beti hobetzen joateko payoek daukazuen gogo bizi hori ikas dezakegu guk, duda barik. Gizarteak orokorrean ziztu bizian egin du aurrera eta gutako askok analfabeto izaten jarraitzen dugu. Ijitook ezin gara atzean geratu, eta argi dago ahalegin horretan gizartearen laguntza behar – beharrezkoa izango dugula, bere esku dagoelako laguntza hori ematea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)