Biriatu eta Hendaia artean 41 saharar atxilotu dituzte, «iruzur» egitea leporatuta

Biriatu eta Hendaia artean 41 saharar atxilotu dituzte, «iruzur» egitea leporatuta

Berria, Nora Arbelbide Lete, 06-06-2018

Frantziako Aire eta Mugetako Poliziak 41 saharar atxilotu zituen astelehen goizean Lapurdin, Biriatu eta Hendaia artean. Haietako hamabi oraindik atxiloturik atxikitzen zituzten atzo arratsean, Marc Marie Baionako prokuradoreak jakinarazi zuenez. Immigrazio eta Integrazio Erakunde Frantsesari «iruzur» egitea leporatzen die ministerio publikoak. Espainiako Estatuan «estatutu erregulatua» dutela adierazi zuen prokuradoreak. Eta Frantzian asilo eskaera egin zutela. «Zergatik? Frantziako legeak permititzen baitu eskaera aztertzeko denboran laguntzak eskuratzea hilabetero. Baina errefuxiatu estatutu bat izateko, ezin da izan Europako beste herrialde batean estatutu erregulatu bat. Ez du zentzurik bestela».

Kargurik gabe aske utzi dituztenak Espainiak «berriz onartu» dituela azaldu du Mariek: «Asilo eskaera egitekotan ziren, baina ez zuten oraino egina. Legea gogorarazi zaie». Beste batzuek abenduan auzia ukanen dutela gaineratu zuen, «kalteak eragiteagatik». Eta oraino «kalte gehiago» eragin dituztenen «lauzpabost» bihar bertan dira Baionako auzitegiaren aitzinean pasatzekoak. «Antolaketaren bizkarrezurra izan direnentzat epailearen ikerketa bat» zabaldu du prokuradoreak. Ez du zehaztu zenbat diren horiek. Prokuradoreak gaineratu du 2017ko urtarriletik ezagutzen dutela «fenomeno hori», eta izan direla beste auzipetu batzuk. Orotara «ehunka mila euroko» kontua dela.

Fronte Polisarioaren bitartez egoeraren berri izaten saiatu da BERRIA, baina ez da posible izan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)