Paperak, gero eta garestiago

Espainiak hilean 800 euroko irabaziak eskatzen dizkie kaleko saltzaileei bizitzeko baimena luzatzeko. Baina ez dira iristen. Gainera, salatu dute hori Bilbon baino ez dela betearazten.

Berria, , 29-05-2018

«Ez duzula lortuko jakin badakien zerbait eskatzen dizunak kalte egin nahi dizu». Khadim Sambek argi dauka zergatik hasi zaizkien hileko 800 euroko kotizazio oinarria eskatzen kalean saltzen duten migratzaileei paperak berritu ahal izateko: «Kanporatu egin nahi gaituzte». Joan den otsailetik, hileroko azken ostegunetan elkartzen dira Espainiako Gobernuak Bilbon duen Immigrazio Bulegoaren atarian. Izan ere, Espainiako Immigrazio Legearen azken erreformak baldintza hori jasotzen duen arren, Bizkaiko kaleko saltzaileen arabera, bulego horretako beharginek baino ez dute zorrotz betetzen. «Esaten hasi dira Immigrazio Legeak gutxieneko soldataren pareko kotizazio oinarria eskatzen duela. Baina legea iguala izango da Espainia osoan, ezta? Edo Bilbok bere legea dauka? Lagunak ditugu beste probintzia batzuetan, eta haiei ez diete horrelako trabarik jartzen». Beste 60 edo 70 saltzaile egoera bertsuan daude Bizkaian. Gehienak senegaldarrak dira.

Bizitzeko baimena lehenengoz eskatzean, administrazioak urtebeterako ematen du, onartuz gero. Berritzean, bi urterako izaten da. Baba Mbaybek arazo barik gainditu ditu lehen pauso bi horiek. Baina aurten, beste bi urterako luzatzeko eskatu duenean, ukatu egin diote. Onartu izan baliote, bost urte egingo lituzke baimenarekin bizitzen, eta mugarik gabeko baimena lortzeko eskubidea izango luke bi urte barru. Izan ere, mugagabeko baimena ematen diete bost urte jarraian baimenarekin bizi izan direnei, tarte horretan Poliziarekin arazorik izan ez badute. «Onartzen dute urte batzuetan hemen egotea, baina ez dute nahi gero hemen jarraitzea», salatu du.

2009an, Senegal utzi, eta Valentziara (Herrialde Katalanak) joan zen bizitzera. Han urtebete egindakoan, Euskal Herrira etortzea erabaki zuen. Harrezkero, Bilbon bizi da. 35 urte ditu. «Ezinezkoa da hilero gutxienez 800 euroko kotizazio oinarria edukitzea. Hilabete on batean 250 edo 300 euro irabazten ditugu. Kalean saltzea ez da erraza. Neguan, eguraldiagatik, ia ez dugu saltzen. Batzuetan hornidura arazoak ere izaten ditugu. Urtean zortzi hilabete oso txarrak dira guretzat». Hiru urte egin ditu gizarte segurantzan kotizatzen, autonomo gisa. «Hilabetero erakutsi behar diot Ogasunari zenbat irabazi dudan. Eta hiru hilean behin BEZari dagozkion agiriak eraman behar izaten ditut». Baina, orain, ez duenez hilero 800 euroko kotizazio oinarririk, kendu egin dizkiote paperak. Kotizatutako hori «zaborretara botatako dirua» dela iruditzen zaio. «Zertarako ibili naiz ordaintzen, orain ezin badut legez hemen bizi?». Sinetsita zegoen hiru urtez kotizatzen ibili ondoren ez ziotela baimena berritzeari uko egingo. «Iaz hilean 200 euro irabaztearekin nahikoa bazen, zergatik ez du balio aurten?».

Sambek 32 urte ditu, eta Senegalgoa da bera ere. Duela sei urte etorri zen Bilbora, etorkizun hobe baten bila. «Etorri aurretik jakin izan banu kalean saltzen bukatuko nuela, ez nintzen etorriko». Iritzi berekoa da Mame Mor Mbaye ere. «Modu duin batean bizitzera etorri gara. Ezin duzue irudikatu zein umiliagarria den Poliziaren aurretik korrika ibili behar izatea». 2004ko urte bukaeran iritsi zen Valentziara; 23 urte zituen. 2009tik bizi da Bilbon. Ez du bizitzeko baimenik eduki inoiz. Berandu harrapatu zuen Espainiako Gobernuak 2005ean egin zuen etorkinen erregulazio orokorrak: «Urte hartako martxoa baino lehen, sei hilabeteko errolda epea eskatzen zuten, eta nik ez nuen hainbeste; geroago iritsi nintzen. Hala ere, eskatu egin nituen, baina ukatu egin zizkidaten paperak». Hego Euskal Herrian, 21.239 baimen eskaera egin zituzten, eta gobernuak 18.044 onartu zituen.

Horrela, bada, Mame Mor Mbaye Valentzian bizitzeko baimenik gabe zegoen, baina gainontzeko herritarren beharrizan berak zituen: jan egin behar zuen, jantzi, bizitzeko lekua lortu. Hala, legez kanpo lanean hasi zen. Hasieran, kaleko saltzaile ibili zen, eta arazoak izan dituen Poliziarekin. Valentziako enpresari batek beharra eskaini zion, nekazaritzan, jornalero. Baina harrapatu egin zituzten. Horrek larritu egin zuen egoera. Epaiketa ere izan zuen. Salatu du aurrekari horiek iraungita daudela dagoeneko, harrezkero bost urte igaro baitira, baina Espainiako Poliziak txostena zarratu gabe duela. Horregatik ez dizkiote paperak onartzen. Abokatuaren bitartez egin dio eskaera Poliziari, eta uste du aurrerantzean bere egoerak hobera egin dezakeela.

Klandestinitatean

«Diskriminazioa» salatu dute hirurek. «Guk hemen bizi nahi dugu, lan egin duintasunez, beste guztiek bezala. Baina ez digute horretarako aukerarik ematen», ohartarazi du Mame Mor Mbayek. Bizitzeko baimenarekin hiru urte betetakoan, lanerako baimena eska dezakete. Baina, epe horretan legez kanpo lan egin dutenez, harrapatu dituztenek aurrekariak dituzte, eta ezin dute baimena eskatu. «Bada jendea duela hamabi urtetik bizi dena hemen, baina oraindik behin ere ez duena lortu baimenik ez bizitzeko ez lan egiteko. Urte horiek modu klandestinoan igaro dituzte. Ezkutuan. Ez dago eskubiderik. Normaltasunez bizi nahi dugu, besterik ez».

Senegalen gidabaimena zuen: autoa gidatzekoa, baita kamioia gidatzekoa ere. Gustuko zuen kamioilari aritzea, eta atseginez egingo luke arlo horretan behar Euskal Herrian. «Ez dut aparteko enplegurik eskatzen: ni bizitzeko eta familiari bidaltzeko behar beste diru emango didan zerbait». Baina lanerako baimena faltatzeaz gain, sorterriko gidabaimenak ez du legezko baliorik Euskal Herrian. «Dena da traba guretzat».

Bizitzeko baimena lortu ostean, hiru urte eskatzen dizkiete lanerako baimena eskuratu aurretik. «Eta tarte horretan nola biziko gara? Legez kanpo lan egitera behartzen gaituzte», salatu du Baba Mbayek. Poliziak harrapatuz gero, posible da Madrilera eroatea, atzerritarrak atxikitzeko zentrora, edo euren sorterrira kanporatzeko erabakia hartzea. «Beldurrez bizi gara etengabe», aitortu du Sambek. Ohikoa izaten da kalean saltzen ari direnean bat-batean dena jaso eta korrika alde egiten ikustea. «Harrapatuz gero, daramaguna kendu egiten digute, eta txostena irekitzen digute. Guk salgai horiek erosi egin ditugu. Dirua galtzen dugu harrapatzen bagaituzte», azaldu du Baba Mbayek. Lehen, 400 euro baino gutxiago balio duten salgaiekin harrapatuz gero, arau haustea leporatzen zieten. Baina salatu dute delitu bihurtu dela Espainiako Zigor Kodea aldatu zenetik. Beraz, Poliziak salaketa ipini, eta epaiketa ere izan dezakete.

Etengabe presiopean

Lanean barik, kaletik joan-etorrian zebiltzala, behin baino gehiagotan gelditu dituzte paperak eskatzeko. Azaldu dute Espainiako Poliziako kideak kaleko jantzita ibiltzen direla Bilboko kaleetan, paperik gabeko etorkinen bila. Binaka joaten dira. «Ez da bidezkoa. Beste inori eskatzen al diote dokumentaziorik kaletik dabilenean? Guri zergatik bai? Zergatik uste dute beltzak garelako legez kanpo egon behar dugula ezinbestean?», haserretu da Mame Mor Mbaye. «Baimenaren txartela aldean badaramazu, zorteko zaude. Bestela, eurekin eroango zaituzte atxilotuta, polizia etxera».

Aitortu dute etengabe tentsioan egoteak eragin handia duela aldartean. Gutxi gorabehera badakite nor diren polizia horiek, eta tentuz ibiltzen dira urrunetik etortzen ikusteko. Sambek esan du egun eta ordu bertsuetan leku igualetatik ibiltzen direla, normalean. «Toki horietatik ezin dugu pasatu handik ibiliko direla dakigunean. Zergatik ezin dugu lasai ibili Bilbon, gainontzeko guztiek bezala?». Eta arazoa ez dute soilik Espainiako Poliziarekin, baita Bilboko Udaltzaingoarekin ere.

Bizkaiko SOS Arrazakeriak sarri salatu du udaltzainek motxilak miatzen dizkietela etorkinei, kalean geldituta. «Beltzak garelako egiten dute. Beste inori ez diote begiratzen motxilan zer daraman. Joan zaitez gimnasio baten inguruetara, eta seguru beltzoi bakarrik begiratzen digutela. Eta pentsa zenbat jende ibiliko den handik kirola egiteko arropa motxilan sartuta daramala».

Uste dute Euskal Herria atzerritarrekin abegikorra dela oro har. Baina Espainiako Gobernuari traba horiek kentzeko exijitzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Kezkaz gogoratu dute Espainiako Gobernuak erabaki zuela osasun txartela kentzea baimenik gabeko atzerritarrei. «Hemen guk badugu, baina leku guztietan izan beharko luke horrela. Izan ere, etorkin bat gaixotu eta mediku arretarik ez jasotzea azkenean oso garestia izan daiteke gobernuarentzat, gaixotasun hori beste batzuei kutsatu eta hedatu egin baitaiteke».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)