«Errefuxiatu dira, ezin direlako etxera itzuli»
Sareek sexu esplotaziorako salerosten dituzten Saharaz hegoaldeko andreengan ipini du arreta CEAR Euskadik. Salatu du erakunde publikoek eta gizarteak, oro har, ez dietela errefuxiatu izaera aitortzen.
Berria, , 09-05-2018Erraz onartzen dugu Siriako emakume bat errefuxiatua dela, baina Saharaz hegoaldeko emakume bat kale kantoian ikustean ez dugu lotura hori egiten». Andre horiek ere errefuxiatuak direla ohartarazi du CEAR Euskadiko zuzendari Patricia Barcenak, euren herrialdetik indarkeriari edo pobreziari ihesi etorri direlako. Europara legez iristeko bide segururik ez dutenez, sexu esplotaziorako salerosketa sareek harrapatzen dituztela azpimarratu du. Gizartean errealitate horretaz kontzientzia sortzeko Bizitzeko ihes egin. Emakume errefuxiatuak dira izeneko kanpaina ipini du martxan erakundeak. «Ezin dira euren herrialdeetara itzuli; beraz, errefuxiatuak dira».
Herritarrek bezala, estatuek ere ez dituzte halakotzat hartzen. Hori salatu du CEAR Euskadik. Batzordeko Intzidentzia taldeko kide Ane Garaik eman du datua: 2014tik 2016ra bitartean, Espainiak hemeretzi andreri eta lau neska adingaberi baino ez die asiloa onartu; gehienak, 2016ko azken seihilekoan. Esan du ez dagoela jakiterik zenbat izan daitezkeen. «Zaila da egoera horretan dauden emakumeak identifikatzea». Gogoratu du Melillara (Espainia) joan zirela 2014an. «Ikusi genuen han ez dagoela emakume horiek detektatzeko bulegorik. Eta penintsulara iristen direnean ere oso zaila izaten da identifikatzea».
Barcenak azaldu du bulegoetara joaten zaizkienek kontatutakoaren arabera susmoak izaten dituztela. «Ez da erraza emakume horien testigantzak edukitzea. Beraz, nola iritsi diren kontatzen digutenean, kontakizunean aztarnak bilatzen ditugu». 2016an eta 2017an, CEAR Euskadik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bulegoetan sexu esplotaziorako salerosketaren biktima izan daitezkeen 68 kasu detektatu zituen.
Garaik salatu du sexu esplotaziorako salerosketaren muinean hiru zapalkuntza sistema daudela: arrazakeria, heteropatriarkatua eta kapitalismoa. «Hiru horien uztarketaren ondorio da arazo gordin hori. Emakumeen gorputzak merkantilizatzearen adierazpen larriena da, eta sistema kapitalistak sustatzen du merkantilizazio hori».
Ohartarazi du ez dela kasualitatea biktimak emakumeak, atzerritarrak eta egoera ekonomiko pobretuetatik etorritakoak izatea. Hego Euskal Herrian egoera horretan dauden andre gehienak Nigeriatik etorriak direla zehaztu dute. Baina badira Errumaniatik eta Paraguaitik etorritakoak ere. Neurri apalagoan iristen dira Ekuatore Gineatik, Nikaraguatik eta Brasildik. Bizi duten egoera gainditzeko andre horiek erakusten duten indarra azpimarratu nahi izan dute.
(Puede haber caducado)