Errefuxiatuekin trafikatzea leporatuta, zazpi pertsona atxilo hartu dituzte
Errefuxiatuekin trafikatzea leporatuta, zazpi pertsona atxilo hartu dituzte
Berria, , 29-03-2018Herritar atzerritarren eskubideen kontrako delitua eta erakunde kriminal bateko kide izatea leporatu diete atzo atxilotutako zazpi pertsonari: lau Euskal Herrian atzeman zituzten, eta hiru Santanderren (Espainia). Guardia Zibilaren arabera, atxilotuek «Albaniako migratzaileak eta Irak, Siria, Afganistan eta Pakistango errefuxiatuak» ekartzen zituzten, legez kanpo. Euren bidaia osoaz arduratzen ziren: kanpalekuetatik Erresuma Batura arte. Santurtziko (Bizkaia) edo Santanderko portuetatik ateratzeko, hesia gainditzen lagundu, eta ferryetan aparkatuta zeuden ibilgailuetan sartzen zituzten, betiere aipatu iturrien arabera.
Atxiloketen ostean hiru etxe arakatu zituzten. Horietatik bi prest zeuden migratzaileak hartzeko. Ateak zenbatuta zeudela azaldu zuen Guardia Zibilak, eta gelak giltzarekin ixteko aukera zegoela. Halaber, banku txartelak eta diru transferentziak egiteko agiriak aurkitu zituzten, baita nortasun agiriak eta pasaporteak ere, pertsona eta herrialde askotarikoak.
Migratzaileen trafikoaren aurkako operazioa Bizkaitik kudeatu zuten. Santurtziko portuan sartzen saiatzen ziren migratzaileen «hazkundea» antzeman zuen Guardia Zibilak, eta horren zergatiak ikertu ostean egin zituzten atzoko atxiloketak. Europolek ere parte hartu du ikerketan.
Martxoaren 19an Guardia Zibilak beste sei pertsona atxilotu zituen Santanderren eta Bizkaian, atzo atxilo hartutakoei leporatutako delituengatik. Horiei ere egotzi zieten portuak baliatzea migratzaileekin trafikatzeko.
(Puede haber caducado)