Hiru lagun atxilotu ditu Ertzaintzak Gasteizen, andreen salerosketagatik

Etxeko lanak egitera datozela esanda, lau emakume ekarri dituzte Euskal Herrira, baina iritsitakoan prostituzioan jardutera behartu dituzte

Berria, Ibai Maruri Bilbao, 28-03-2018

Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu Gasteizen, sexu esplotaziorako giza salerosketa egotzita. Arabako hiriburuko bi etxebizitzatan lau emakume prostituzioan aritzera behartzea leporatu diete. Atxiloketak martxoaren 13an egin zituzten, baina atzo eman zituen ezagutzera Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.

Aste eta erdian Euskal Herrian jakinarazi den tankera horretako bigarren polizia operazioa da. Joan den astean eman zuten bestearen berri: Guardia Zibilak 25 lagun atxilotu zituen, Europako beste Polizia batzuekin, sexu esplotazioari lotutako salerosketa sare bat desegin zuenean. Tuteran, Bilbon, Barakaldon, Santurtzin, Portugaleten eta Sestaon (Bizkaia) jarduten zuten.

Gasteizko biktimak Latinoamerikakoak ziren. Euren herrialdeetan zaintza lanak egiteko iragarkiak jartzen zituzten. Sareko kideek zeregin horietan jarduteko enplegua eskaintzen zieten Euskal Herrian. Behin iritsitakoan, Europara etortzen laguntzeagatik zorra zutela esaten zieten, eta hura kitatzeko prostituzioan jardutera derrigortzen zituzten. Uko eginez gero, Latinoamerikako senideei kalte egitearekin mehatxatzen zituzten. Alkohola eta droga kontsumitzera ere behartzen zituzten.

Joan den martxoaren 11n bahituta zeuden emakumetatik hiruk ihes egitea erabaki zuten, etxean bakarrik geratu zirela aprobetxatuta. Aldean zutenarekin joan ziren, baina euretako bat bere gauzen bila itzuli zen. Une horretan salerosketa sareko kideak aurkitu zituen etxean. Jipoitu egin zuten, eta atxiki egin zuten. Eraso horren ondorioz izan zuen Ertzaintzak sarearen berri. Etxe hartara joan zirenean, emakumeak bahituta zeuzkan andrea atxilotu zuten. Hilaren 13an izan zen.

Egun berean, haren bikotekidearen bila hasi ziren. Gasteizko erdiguneko kale batean harrapatu zuten, sareak zeukan bigarren etxe baterako bidean. Han aurkitu zituzten beste etxetik ihes egin zuten beste bi andreak, berriro ere bahituta. Laugarren biktima Gipuzkoan aurkitu zuten, sareak zeukan hirugarren etxe batetik ihes egitea lortu zuelako.

Bikoteaz gain, hirugarren bat ere atxilotu zuen Ertzaintzak hurrengo egunetan, bahitutako emakumeen berri zuelako eta batzuetan haien zaintzaz arduratzen zelako. Hiru atxilotuak behin-behinean aske geratu ziren, epailearen aurrean deklaratu ostean.

Atxilotu bat, Bilbon

Atzo gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Bilbon, genero indarkeria egotzita. 21 urte ditu. Segurtasun Sailaren arabera, bikotekide ohiari eraso egiten ahalegindu zen, emakumea lagun batekin auto batean zegoenean. Ibilgailuaren aurreko kristala ere hautsi zuen. Ertzainak iritsi zirenean, eskua odoletan zeukala aurkitu zuten atxilotua, eta ospitalera eroan zuten, berak eragindako zauriak sendatzera.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)