25 lagun atxilotu dituzte prostituzio sare baten aurkako operazioan
Tuteran, Bilbon eta Ezkerraldean egin dute sarekada. Hamabost emakume atzeman eta «askatu» dituzte miatutako etxeetan
Berria, , 23-03-2018Guardia Zibilak 25 pertsona atxilotu ditu Bizkaian eta Nafarroan, legez kanpoko prostituzio sare bat antolatzea leporatuta. Denera hamalau etxe eta lokal miatu dituzte Tuteran (Nafarroa), Bilbon, Barakaldon, Santurtzin, Sestaon eta Portugaleten (Bizkaia); horietan, hamabost emakume antzeman dituzte. Guztiak adindunak eta nigeriar jatorrikoak dira; Poliziak azaldu duenez, atxilotuek euren prostituzio sarean aritzera behartzen zituzten, Europarako bidaian sortutako zorra aitzakiatzat hartuta. Hamabostak gobernuz kanpoko erakundeetara bideratu ditu Poliziak.
Prostituzio sarearen aurkako operazioa Europa mailakoa izan da: Euskal Herrian ez ezik, Herrialde Katalanetan, Espainian eta Erresuma Batuan ere egin dituzte miaketak, Europolek koordinatuta. Denera 89 pertsona atxilotu dituzte.
Ikerketa, hain zuzen ere, Torrevellako (Alacant, Herrialde Kalatanak) epaitegi batek abiatu zuen, saretik irtendako emakume adingabe batek emandako testigantzaren haritik. Hark azaldu zuenez, emakumeak migrazio sareen bidez joaten ziren Nigeriatik Italiara, eta bertatik, bizileku berrietara. Han, prostituzioan jardutera behartzen zituzten: emakumeek 5 eta 10 euro arteko soldatak jasotzen zituzten zerbitzu bakoitzagatik; sareko arduradunek, aldiz, astean 400 euroko etekina ateratzen zuten jarduera horietatik. Atxilotuen artean gizonak eta emakumeak daude: lehenbizikoak, oro har, sarearen arduradunak dira; bigarrenek prostituziorako erabilitako lokalak kontrolatzen zituzten.
Tuteran, «buruzagia»
«Antolakunde kriminala» osatzeaz gain, pertsonen salerosketa eta dirua zuritzea leporatzen diete atxilotuei; denera 300.000 euroren balioa duten aktiboak eta bankuko kontuak blokeatu dituzte. Sare osoak Eiye Confraternity deituriko elkartearen babesean jarduten zuela jakinarazi du Poliziak, eta hark, bestalde, luxuzko hotel eta etxebizitzetan inbertitzen zuela dirua. Sarearen «buruzagiak» Tuteratik jarduten zuen. «Europan nigeriar jatorriko pertsonen salerosketaren aurka egin den operazio handiena» da, Europolen arabera.
(Puede haber caducado)