Migratzaileen kanpalekua eraitsi dute, laugarrenez
Zierbenan, kanpadendak kendu dizkie Bilboko Portuak. Migratzaile denak identifikatu ditu Poliziak. Adingabe bat Bizkaiko Diputazioaren esku geratu da
Berria, , 03-03-2018Bilboko Portu Agintaritzak migratzaileen kanpalekua hustu du Zierbenan (Bizkaia). Iazko udatik laugarrenez bidali ditu beharginak kanpadendak kentzera. Atzo, Espainiako Poliziak goizean goiz agertu ziren, portuko segurtasun langileek eta ertzainek lagunduta. Migratzaileei ondasun guztiak kendu zizkieten —tartean asteazkeneko elurteari aurre egiteko emandako mantak— eta kanpadenda guztiak desegin zituzten hondeamakinekin. Espainiako Poliziaren Bilboko Bulego Nagusiak han izan direla baino ez du baieztatu. «Hainbat pertsona Espainian lege barruan daudela ziurtatzera joan gara, beste batzuetan legez». Komunikazio arduradunak ez du zehaztasun gehiago eman.
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak salatu du identifikatzeko eskatu zietela kanpalekuan aurkitu dituzten migratzaile guztiei. Ez dakite zehatz zenbat zeuden orduan, baina badakite sei Bilbora eroan zituztela, Espainiako Poliziaren Bizkaiko Immigrazio eta Muga Zaintza Bulegora. Beste bat, adingabea, Bizkaiko Diputazioaren zaintzapean geratu zen, eta adingabeen zentro batera sartu zuten atzo bertan.
«Gazte horiek turista bisa dute; pasaportea eskatzen al diete portu horretara bertara ferryetan eta transatlantikoetan iristen diren milaka eta milaka turistei? Ez, ezta? Orduan, hauei zergatik bai? Legez daude hemen», salatu du Merce Puigek. Inguruko bizilaguna da, eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea. 09:00 inguruan jaso zuen migratzaileetako batzuen mezua sakelakoan, Polizia joan zela esanez. «Goizean goiz agertu dira, herrira joan aurretik denak harrapatu ahal izateko».
Bilboko Portu Agintaritzak hartu du kanpalekua husteko erabakia. «Gaur goizean, portuko Poliziak, Espainiako Poliziak lagunduta, bere lurretan ezarri duten legez kanpoko kanpalekua uztera gonbidatu ditu migratzaileak. Eta orubea garbitzeko lanak egin ditu. «Ez da halakorik egin dugun lehen aldia, eta, legez kanpo kanpalekuak atontzen jarraitzen duten bitartean, hori egingo dugu», argudiatu du Portu Agintaritzako komunikazio arduradunak. Lursail horiek «ekonomiarako estrategikoa den azpiegitura» batenak direla ohartarazi du, eta, hori horrela, «segurtasuna bermatu behar» dutela. «Beste ezeren gainetik, Bilboko Portu Agintaritzak portuko langileen, bisitarien eta bidaiarien segurtasuna bermatu behar du». Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak jeltzaleen aurkako kritikak egin ditu sare sozialetan: gogoratu dute Espainiako Segurtasun Legeari ipini dioten helegite bakarrean oinarrizko azpiegituren aurka egiten duten etorkinak kanporatzeko eskatu dutela.
Portuko komunikazio arduradunak «osasunari» lotutako arrazoiak ere aipatu ditu: «Kanpalekuak ez ditu gutxieneko higiene neurriak betetzen». Argudio horiek «sutu» egin dute Puig. «Aitzakia hutsak dira. Noiz edo noiz zikinkeria pilatu izan da kanpalekuan, baina eurek garbitu izan dute, eta kilometroak egin dituzte zaborra edukiontzietara botatzeko. Higieneaz kezkatuta baldin badaude, portuak ingurua garbi edukitzen lagundu dezake, orubean edukiontziak jarrita, adibidez». Puigen arabera, kanpalekua azkenekoz hustu zutenean, «ondo zeuden kanpadendak eroan eta apurtuta zeudenak botata utzi» zituzten. «Hura bai izan zela zikinkeria!».
Laguntzaren ordez, horma
Puigek egotzi die itsasontzietan garraiatzen diren salgaien segurtasunaz «soilik» kezkatzea. «300.000 euroko inbertsioa egin dute lau metro garai den horma bat eraikitzen, baina zentimo bat ere ez gazte hauen bizi baldintzak bermatzeko». Giza eskubideak «urratzen» direla ohartarazi du. Nazio Batuen Erakundearen adierazpena aipatu du; 13. artikulua, zehatzago: «Esaten du guztiok dugula leku batetik bestera aske mugitzeko eskubidea, edozein estatura sartu edo handik irtetekoa, eta gura dugun lekuan bizitzekoa. Hauek ez al dira pertsonak?».
Ohartarazi du aurtengoa negu bereziki gogorra izan dela Zierbenako kanpalekuan. Hotzak eta euriak bizi baldintzak okertu dizkiete behin-behinean han bizi direnei. Puigek asteazkeneko elurtea gogoratu du. «Gaur [atzo] dena kentzera etorri diren horiek gogoratu ere ez ziren egin hemen hotza pasatzen ari ziren gaixo hauetaz. Gurutze Gorrikoak etorri ziren, Santurtziko Udaleko batek deituta, berak kezka sentitu zuelako; ez zen udala bera izan». Salatu du bakar-bakarrik utzi zituztela, kafe beroa, gailetak eta «papar aldea tapatuz gero oinak ageriak uzten dituzten manta horietakoak» banatu ondoren. Ongi Etorri plataformako kideek soilik eman zieten aterpe; hamazazpik Bilboko Miribilla auzoko elizan pasatu zuten gaua.
(Puede haber caducado)