Volta lakuan 110 desagertu, ontzi bat hondoratuta
Dudzome eta Abotoase portuen artean gertatu da ezbeharra, lurralde batetik uxatu zituzten lagunen artean; ontzian gehiegi ziren
Berria, 11-04-2006agentziak – AKKRA
Volta aintziran joan den larunbatean gertatu zen hondoratzearen ondorioz gutxienez 110 lagun desagertuta zeuden atzo eta itoak direlako ustea dute agintariek. Lurralde batetik haizatu zituzten abeltzainak dira biktima gehienak. Euren abereekin batera ontzira igotzera behartu zituzten; ontzia sobera zamatuta zegoen.
Hondoratzea larunbatean gertatu zen arren, 30 eta 40 lagun bitartean baino ez zituzten Volta lakuaren uretatik bizirik atera atzo. Hiru haurren gorpuak ere jaso zituzten sorospen taldeek. Ontzian, aldiz, 150 bidaiari inguru zeudelarik, desagertuta daudenak 110 eta 120 bitartean dira. Hauek bizirik aurkitzeko itxaropen gutxi dagoela adierazi zuen atzo Akkra hiriburutik 180 kilometro ipar – mendebaldera dagoen Volta lakuaren eskualdeko Poliziaren eledun Kwesi Oforik. Agintariek emandako argibideen arabera, ontzia Dudzomeko portutik abiatu zen, Abotoasekora joateko. Daily Graphic egunkariaren Internet gunean atzo zabaldu ziren informazioen arabera, aintzirako urek zeramaten zuhaitz zuztar batekin talka egin zuen ontziak eta hau nahikoa izan zen hondoratzea eragiteko. Haatik, lekuko batzuek aipatu dute joan den larunbatean Volta aintziran olatu handiak zeudela.
Bidaiari gehiegi
Kwesi Ofori Poliziaren bozeramaileak berak zehaztu zuen, haatik, bidaiari gehiegi zeudela ontzian eta, ziur aski, gainzama zuela. Izan ere, 70 lagun soilik har zitzakeen arren, bidaiariak bi bider gehiago ziren. Jendeaz gain, abere andana ere bazegoen ontzian.
Daily Graphic egunkariak zioenez, Dudzomeko eskualdeko eremu gerizatu batean orain dela zenbait denbora baimenik gabe jarri ziren abeltzain ibiltari multzoa eta euren abereak ontzira igotzera behartu zituen Poliziak, eskualde hartako agintariek hala manaturik. Abeltzain hauek Togorekiko mugatik hurbilekoak ziren eta, beraz, etxeratzera behartu nahi zituzten.Bere 8.400 kilometro karratuko zabalerarekin, munduko laku artifizialik handiena da Volta aintzira. Akosomboko presatik, Ghanaren hego – ekialdean, 520 kilometro iparraldean dagoen Yapei hiriraino zabaltzen da. Luxenburgoko herrialdeak baino hiru bider zabalagoa du bere eremua. Argindarra ekoizteko eta gaiak garraiatzeko baliatzen dute, baita ureztatzerako eta arrain hazkuntzarako. Akosomboko polizia arduradun batek atzo zehaztu zuenez, Volta aintziran gertatzen diren hondoratzeak ontzien gainzamari eta urek daramatzaten zuhaitz zuztar ugariekiko talka egiteen ondorioak dira. Azken lau urteotan, istripu hauek 300 lagun baino gehiagoren heriotzak eragin dituztela zehaztu zuen polizia arduradunak.
(Puede haber caducado)