Gasteizko sare publikoak ikasle atzerritarren %92 hartzen ditu

«Segregazioa» konpontzeko neurriak hartzeko eskatu diote Uriarteri. Banaketa hezkuntzako ziklo guztietara heda daitekeela ohartarazi dute

Berria, Jon Rejado, 27-02-2018

Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak ohartarazi du «eskola segregazioa» egonkortzen ari dela. Azken bi urteetan egoera «enkistatu» egin dela nabarmendu du. Ikasturte honetan, Haur eta Lehen Hezkuntzan, migratzaile atzerritarren seme-alaben %92 sare publikoan daude. Gainera, «segregazioa» ikasleen jatorriaz harago doala salatu du plataformak: maila sozioekonomikoaren araberakoa ere badela esan du. «Familia pobreetako haurrak bakarrik beste familia pobreetako haurrekin erlazionatzera kondenatzen dituen gizarte bat eraikitzen ari gara», salatu du Maite Huarte plataformako kideak.

Taldearen iritziz , Gasteizen ez ezik, beste leku batzuetan ere gertatzen ari da, nahiz eta «datu ezberdinak» dauden. Gasteizko egoerari helduz, Haur Hezkuntzan gertatzen den banaketa nabarmendu du: hamahiru eskola publikotan, ikasleen %30 baino gehiago atzerrian jaiotakoak dira. Lehen Hezkuntzan, sei ikastetxe publikotan gainditu dute muga hori. Itunpeko sarean, berriz, ikastetxe bakar batean dira %10 baino gehiago. «Eskolen segregazioa ez dago lotuta hirigintza banaketarekin; berdin dio zein auzotan, gertatzen da», zehaztu du Huartek.

Gaineratu du datu horietan atzerriko herritartasuna duten haurrak baino ez direla kontuan hartu. «Guraso atzerritarrak baina espainiar herritartasuna duten haurren datuak agertuko balira, metaketa handiagoa litzateke».

Zabaltzeko arriskua

Haur Hezkuntzan gertatzen ari den ikasleen banaketaren egoeraz ohartarazi du plataformak. Hezkuntza sisteman aurrera egin ahala orokortzeko arriskua dagoela nabarmendu du. DBHko A ereduko ikastetxe batzuetan egoera bertsua antzematen hasi direla azaldu du Huartek: «Urte gutxiren buruan, hasierako etapetan gertatzen den klase sozial, jatorri eta erlijioaren araberako banaketa DBHra zabalduko da».

ISEK indize sozioekonomiko eta kulturalari ere erreferentzia egin dio taldeak. 2013koak dira azken datuak. Ordea, duela bost urte antzemandako joerak jarraipena izango duela uste dute. 2009tik 2013ra, %40 jaitsi zen haurrak sare publikora eraman zituzten familien ISEKa. Horrek ezbaian jarri du eskolak gizarte kohesioa sustatzeko duen eginkizuna, Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformaren iritziz: «Jaurlaritzaren kudeaketa kaskarrak arazo larri eta erloju bonba bihurtu du aberastasuna eta aukera bat dena».

Plataformak Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari eskatu dio egoera zuzentzeko: «arazo larria» dagoela aitortzeko, eta neurriak abiarazteko. Eskola publikoaren aldeko konpromisoa bere gain har dezan galdegin dio, eta itunpeko sarearen finantzaketari buruzko hausnarketa ere egin dezala. Diru publikoa jasotzen duten ikastetxeei «gizarte erantzukizuna» eskatu behar zaiela adierazi du Huartek: «Egitasmo elitista eta diskriminatzaileen finantzaketa publikoa amai dadila exijitzen dugu». Ildo horretan, plataformak babesa adierazi dio eskola inklusiboaren aldeko herri ekinbide legegileari. Gaiaz eztabaidatu eta lan ildoak zehazteko, batzar irekia egingo dute etzi, 18:00etan, Landatxon.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)