Ateak itxi eguneroko diskriminazio egoerei

Iruñeko hainbat tabernatan ijitoei sarrera ukatzen dietela salatu dute, eta Iruñeko Udalak «arrazakeria olatuaren» aurkako adierazpen bat onartu du. Ijitoek diote gizartean «errotuta» daudela aurreiritziak.

Berria, Ane Eslava, 22-02-2018

Azken asteetan, hainbat ijitok salatu dute Iruñeko zenbait tabernatan sarrera ukatu dietela, ijito izate hutsagatik. Pertsona batzuek sare sozialen bitartez eman dute gertatutakoaren berri, eta horietako batek salaketa jarri du Nafarroako guardiako epaitegian. Esan dute Taberna horiek egiten duten identifikazioa «estereotipoetan eta parametro arrazistetan» oinarrituta dagoela. Gaz Kalo eta Nafarroako SOS Arrazakeria elkarteek Iruñeko Udalera jo dute, eta hango Presidentetza Batzordeak taberna horien aurkako neurriak hartzeko konpromisoa hartu du.

Gaz Kalok eta Nafarroako SOS Arrazakeriak informazioa eta testigantzak bildu dituzte, eta antzekotasunak aurkitu dituzte kasu guztien artean: «Taberna, prozedura eta ordu berdinak ziren, eta soslai bereko pertsonekin», adierazi du Beatriz Villahizan SOS Arrazakeriako kideak. Tabernetako atezainek ijitoei sarrera ukatzeko agindua zutela azpimarratu du. Villahizanek esandakoaren arabera, aspaldidanik jaso izan dituzte antzeko salaketak, baina azken hilabeteetan ugaritu egin dira; batez ere, Iruñeko Alde Zaharrean. Halere, arazoa ez da Nafarroakoa soilik: «Hemen ez da ikerketarik egin, baina, SOS Arrazakeriak 2015ean probak egin zituen Espainiako Estatuko hainbat tokitan, eta baieztatu zuen estatu osoko tabernetan gertatzen direla antzeko egoerak».

Behin datuak bilduta, SOS Arrazakeriak eta Gaz Kalok mozio bat aurkeztu zuten Iruñeko Udalean. Edozein arrazoirengatik edozeini sarrera ukatzen dioten tabernen kontrako zigorrak berrikusteko eta ezarrarazteko eskatu zuten. «Gure helburua zen arazoari ikusgaitasuna ematea, eta salaketa tokiko ordezkari publikoei helaraztea, haiek rol aktibo bat har dezaten», adierazi du Villahizanek. Udalaren prebentzio lana garrantzizkotzat jo du, egun «inpunitate espazio» anitz daudelako.

Azkar jaso dute udalaren erantzuna. Hilaren 12an, Presidentetza Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu zuen, aho batez, ijitoek pairatzen duten «diskriminazio eta arrazakeria olatuaren» aurkako neurriak hartzeko. Testuak dioenez, lokaletan egiten diren aisialdi ekintzetako sarbidea, egonaldia eta bertaratzea arautzen dituen dekretua berrikusiko dute. Bestalde, biktimen kalteak konpontzeko neurriak ezarriko dituzte, baita prebentziorako mekanismoak ere. Horrekin batera, bazterketa egoerak saihesteko «adi» egoteko konpromisoa erakutsi dute. Jasotako erantzunarengatik «pozik, baina datorrenaren zain» daudela esan du Villahizanek. «Ikusi beharko dugu zein erantzukizun hartzen dituen udalak, eta zein gaitasun dituen».

Edurne Egino Gizarte Ekintzako zinegotziak adierazi du «eskertuta» dagoela, elkarteek gertatutakoa udalari helarazi eta babesa eskatzeagatik. Udalaren helburu nagusiak informazioa eta prebentzioa direla esan du: «Lokal horietara joko dugu, eta jakinaraziko diegu egin dutena delitu bat dela». Jarrera «proaktibo» baten bitartez, diskriminazio egoerak saihestu nahi dituzte. Horrez gain, gertatutakoa Kultur Aniztasunaren Foroan landuko dutela esan du. Foro hori etnia eta kultura anitzeko 70 entitatek baino gehiagok osatzen dute, eta berdintasunaren alde lan egiten du.

Halako salaketa bat jaso duten lehen aldia izan dela jakinarazi du zinegotziak. Salaketei dagokionez, uste du kopurua handitzearen arrazoia izan daitekeela jendeak «geroz eta kontzientzia handiagoa eta beldur txikiagoa» duela salaketak jartzean: «Halako zerbait gertatzen den bakoitzean gizarteak erantzuten badu, horrek esan nahi du gizartea osasuntsu dagoela». Salaketak arazoak argitara ateratzeko baliagarriak direla esan du, eta jendea bultzatu du, arazoak dituenean, horiek jakinaraztera.

Eginok ez du ukatu Iruñean bizikidetza arazoak daudela. «Baina identifikatuta daude, ez dira larriak, eta, horiek konpontzeko, gizartean lan egiten ari gara». Auzoetako bizilagunekin batzarrak egiten dituztela, informazioa zabaltzen dutela eta zenbait auzotan bizikidetza proiektuak egiten ari direla jakinarazi du.

Arrazakeria, normalizatuta

Ricardo Jimenez Gaz Kaloko kidea da, eta lehenengo pertsonan ezagutzen ditu halako diskriminazio jarrerak. Biktimentzako «oso gogorrak» direla adierazi du: «Zure jatorri etnikoagatik toki bateko sarrera ukatzen dizutenean, baztertuta gelditzen zara, eta hori da gertatu ahal zaizun gauzarik okerrena». Jarrera arrazistak beste pertsonen aurrean gertatzen direnean, are mingarriagoa dela gaineratu du: «Batzuetan, disimulatu egiten dute: esaten dizute tokia beteta dagoela, edo jantzi zehatz batzuk eraman behar direla; oraingoan, ordea, oso modu gogorrean egin dute».

Tabernaren batean inoiz ijito batek arazoak eragiten baditu, jabeek hura identifikatzeko eta haren kontrako salaketa jartzeko eskatu du Jimenezek. «Horren ordez, ijito guztioi jartzen digute zigorra». Villahizanen ustez, gizarteak normalizatu egin ditu egunero gertatzen diren diskriminazio egoerak. Ondorioz, biktimek halakoak salatzeari uzten diote maiz. «Horrek ez du esan nahi ez direnik gertatzen, baizik eta kontrakoa: behera egiten ez dutenez, haietara ohitzen gara». Kasu honetan, ijitoek «barneratu dute» ez direla zenbait lokaletan sartuko.

Ideia berari heldu dio Jimenezek ere: «Arrazakeriak aurpegi anitz ditu, eta bizitzaren edozein alorretan dago, aurreiritziak eta estereotipoak gizartean errotuta daudelako, guztiz». Hainbat adibide jarri ditu: «Enplegatzaile batek antzeko bi curriculum baditu, eta, horietako bat ijito batena bada, beste pertsonarena aukeratuko du, beti; edo pertsona ijito bat supermerkatu batean sartzen den bakoitzean, zelatatua sentituko da».

Gizartea arrazakeriaren kontrako urratsak egiten ari dela uste du Gaz Kaloko kideak; baina aniztasunari dagokion balioa emateko lan handia egin behar dela dio. Horretarako, indarkeria matxistaren aurka eman diren pausoak diskriminazioaren eremuan txertatzea proposatu du. «Jarrera arrazistak onartzen ez dituen esparru legegile bat sortu behar dugu, baita gizartean aniztasuna txertatzeko politikak ere».

Bestalde, hezkuntzaren garrantzia azpimarratu du: «Ijitoak eta etorkinak baztertzen dituen hezkuntza eredu bat sortzen ari gara; eta horren ordez, lortu behar dugu gizartean existitzen den aniztasuna eskoletan islatuta egotea». Amaitzeko, gaineratu du diskriminazioaren aurkako «antidotoa» elkar ezagutzea dela; egun, ijitoak «ezezagun izugarria» direlako.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)