Jaurlaritzak 500 toki finkatu nahi ditu aurten iheslariak hartzeko

Ekainean abiatutako Auzolana programa pilotuaren barruan 62 lagunek hartu dute babesa

Berria, Jon Ander de la Hoz, 06-02-2018

Errefuxiatuei emandako babes neurriak egonkortu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak. Hala, haiei arreta emateko 500 toki finkatu nahi ditu. Mediterraneoko iheslarien krisia hasi zenetik 1.297 errefuxiatu jaso dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 418 arreta guneek. Atzo egin zuten 2017ko balantzea eta 2018ko aurreikuspena Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak eta Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak. Haien esanetan, hartutako 1.297 errefuxiatuetatik 167 bakarrik iritsi dira kokatze programaren Grezia eta Italiatik eta finkatze programaren bidez Libano eta Turkiatik Euskal Herrira; gainontzekoek beren kabuz egin dute bidea.

2018rako hiru lan ildo zehaztu ditu Jaurlaritzak: erakundeen arteko lankidetza, Espainiako Gobernuarekin zabalik dituen lerroak garatzea, eta programen hobekuntza kualitatibo eta kuantitatiboa. Iaz abiatutako ildoen artean, berriz, erakunde eta gizarte eragileekin osatutako mahaia azpimarratu du Hernandok. Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako udalek, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak eta beste zenbait eragilek osatzen dute mahaia, eta sei bilera egin dituzte orain artean. Espainiako Gobernuarekin izandako lankidetza harremana ere aipatu du Hernandok. Harreman horren barruan abiatu zuten Auzolana programa pilotua, iazko ekainean; zazpi herritako (Portugalete, Amurrio, Galdakao, Getxo, Laudio, Tolosa eta Zarautz) hamahiru etxetan 62 laguni egin diete harrera. «Programaren zeregina ondorioak ateratzea da, hobekuntzak harrera sistema guztira zabaltzeko», azaldu du Fernandezek.

Orain arteko esperientziarekin, bi hobekuntza nagusi hauteman ditu Jaurlaritzak. Fernandezen esanetan, aldez aurretiko informazioa dute orain erakundeek: «Espainiak GKE-en bidez banatzen zituen errefuxiatuak, eta hona iritsitakoan jakiten genuen guk. Aldez aurretik jakiteak prestakuntza lanak hobeto egitea ahalbidetzen du». Horrez gain, Fernandezek uste du erakundeen arteko koordinazioari ere mesede egin diola programa pilotuak, guztiak bat eginda ari direlako lanean. Eusko Jaurlaritzak zenbait diru laguntza ere eman zituen iaz. Horien artean, UNHCR, Unicef, Save The Children eta Itsas Salbamendu Humanitarioa GKE-ek jaso zuten dirua. Itsas Salbamendu Humanitarioak jasotako diruarekin, Libia eta Italia arteko itsasoan sorospen lanak egiteko ontzi bat erosi dute.

«Analisi kritikoa»

Europako Batasunak eta kide diren estatuek gaiari emandako erantzunaren «analisi kritikoa» egiten du Jaurlaritzak. «Ezin dugu pasiboki onartu eskumen nagusiak dituztenek ematen duten erantzun urria», esan du Fernandezek. Egoera konpontzeko neurriak hartzea galdegin du. Horien artean, ekintza prebentiboko eta humanitarioko ekintzak babestu eta sustatzeko beharra dagoela uste du. Bisa humanitarioen proposamena sustatzen jarraitzeko eskatu du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)