Libiako itsas barruan 90 errefuxiatu desagertu dira ontzi bat hondoratu ostean
Zuwarako hondartzan hamar lagunen gorpuak agertu dira. Aurten jada 246 lagun ito dira Mediterraneoan; iaz epe berean 254 izan ziren
Berria, , 03-02-2018Libiako itsasertzera hamar gorpu iritsi ziren atzo. Zuwarako hondartzan aurkitu zituzten, goizaldean, aurretik ere hainbat errefuxiaturen gorpuak topatu dituzten hondartzan. Itsaso barruan tragedia handiagoa zen. IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak jakinarazi zuenez, 90 errefuxiatu zeramatzan ontzi bat hondoratu eta bertan zihoazenak desagertuta zeuden. Hiru lagun atera ziren onik, bik hondartzaraino igeri egin ostean, eta besteak arrantzale batek erreskatatu ostean.
Olivia Headon IOMeko bozeramaileak zehaztu zuen hondartzara iritsitako hamar lagunetatik zortzi pakistandarrak zirela, eta beste biak, libiarrak. Ontzian zihoazen iheslari gehienak ere pakistandarrak zirelakoan daude erakundeko ordezkariak. Gero eta gehiago dira herrialde horretatik abiatu eta itsasoa zeharkatzen saiatzen direnak. Headonek azaldu zuenez, urtarrilean jada 240 pakistandarrek egin dute ibilaldia, iazko epe berean bederatzi baino ez zirenean izan. 2017an orotara 3.138 pakistandar iritsi ziren Libiatik Italiara. Europako herrialde horretara iritsitako iheslarien jatorriari erreparatuta hamahirugarren postuan zegoen Pakistan. Aurten, baina, zerrendako hirugarrena da.
Orotara 119.369 immigrante iritsi ziren iaz Italiara. Aurten jada 4.239 dira, kontinente zaharrera iritsi direnen %64. Libia eta Italia arteko zeharkaldia da errefuxiatuek gehien erabiltzen dutena, baina, badira beste itsasbideak: Espainiara 1.258 errefuxiatu iritsi dira aurten, eta Greziara 1.059. Guztira 6.624 lagun iritsi dira kontinentera urtarrilean, iaz hilabete berean baino 641 gehiago.
Libiako kostaldean atzo hildakoen kopurua egiaztatuz gero, urtea hasi denetik gertatutako hondoratze larriena litzateke. Hala ere, iragan hilean hondoratze anitz eta handiak gertatu ziren Mediterraneoan. IOMek jakinarazi zuenez, urtarrilaren 6an gutxienez 64 lagun hil ziren hondoratze batean. Nigeriako herritarrak ziren gehienak.
Mediterraneoko zeharkaldia oraindik ere oso arriskutsua da. Aurten jada 246 dira gurutzatzeko ahaleginean hil diren errefuxiatuak, iazko urtarrilean baino zortzi gutxiago. Mundu osoan, berriz, 493 dira zeharkaldietan aurten hil diren immigranteak. 2017an 6.002 izan ziren; 2016an 7.932; 2015ean 6.281 eta 2014an 5.285. IOMek atzo bertan eman zituen urteko lehen datuak, egun bakar batean dozenaka hildako gertatzen direla ohartaraziz eta datu horien atzean pertsonak daudela zehaztuz.
Deportazioak
Zuwarako azken tragedia data esanguratsuan gertatu da, uretako kontrola areagotzea xehe duen operazio berria abian jarritako egunean hain zuzen; Frontexek Themis operatiboa jarri du martxan, 2014an abian jarritako Triton operazioari lekukoa hartu diona.
Frontexen neurriak, baina, ez dira nahikoa izan zeharkaldian heriotzak murrizteko. Ezta Italiak eta Libiak duela urtebete egindako hitzarmenak immigranteen ihesa eteteko ere. Gobernuz kanpoko erakundeek akordio hori bertan behera uzteko eskatu dute giza eskubideak urratzen dituela iritzita. Libiako kostazainak trebatu ostean euren esku utzi dute uretako tarte baten kontrola, horietako batzuek trafikatzaile sareekin harremana dutela egiaztatu bada ere. Iheslariak herrialdera bueltaraztera behartzen dituzte, han egoera ankerrean daudela jakina bada ere; bahiketen, jazarpenaren, esklabo merkatuen eta bortxaketen biktima dira. Europako Batasunak, kritika horiek zabaldu ostean, iheslariak jatorrizko herrialdeetara itzularazteko akordioak egin zituen hainbat estaturekin; urtarrilaren erdialderako 20.000 deportatzea zen asmoa. Abenduan 13.000 deportatu zituzten.
(Puede haber caducado)