Bederatzi lagun atxilotu dituzte Bilbon, andreen salerosketagatik

Poliziak hamabi andre askatu ditu. Nigeriatik ekarri zituzten, engainatuta. Operazioko beste atxiloketa bat,Tuteran; beste lau, Benidormen

Berria, Iosu Alberdi, 27-01-2018

Poliziak hamalau pertsona atxilotu ditu emakumeen salerosketaren aurkako operazio batean. Atxiloketa gehienak Bilbon egin dituzte: bederatzi. Beste lau lagun atxilotu dituzte Benidormen (Herrialde Katalanak), eta beste bat Tuteran (Nafarroa). Atxilotuei nazioarteko sare bateko kide izatea egozten diete, eta Nigeriatik Europara engainatuta ekartzea emakumeak, ondoren prostituzioan jardutera behartzeko.

Nazioarteko polizia operazio baten barruan egin dira atxiloketak, 2015ean Bruselako Poliziak hasitako ikerketa bati esker. Atxiloketak egiteaz gain, hamabi emakume askatu dituzte, horietako hamar Bilbon. Lan eskaintza faltsuekin erakartzen zituzten emakume horiek, eta prostituitzera behartzen zituzten, 30.000 euroko zor bat kitatzeko.

Sarea lau erakundek osatzen zuten, baina guztiek pertsona beraren bitartez zuritzen zuten dirua, eta Europara iristeko bide bera erabiltzen zuten. Emakumeak Nigeriatik Marokora edo Libiara eramaten zituzten, ondoren pateretan edo ibilgailuetan ezkutatuta Italiara eta Espainiara sartzeko.

Indarkeriagatik atxilotuak

Bestalde, aste honetan Nafarroako Poliziak bederatzi gizon atxilotu ditu emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako delituengatik. Horietako bi, adingabeei sexu abusuak egiteagatik. Horien artean 16 urteko gazte bat dago, 17 urteko emakume bati sexu erasoa egiteagatik, eta adin bereko beste bati jazartzeagatik. Urtea hasi denetik, 31 dira emakumeen aurkako indarkeriagatik Nafarroan atxilotu dituzten gizonezkoak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)