«Kohesio sozialaren alde jokatu behar da»
Komunikabideetako diskurtso xenofoboaren aurkako proposamenen liburua aurkeztu dute Valentziako Kazetarien Elkargoak eta CEAR elkarteak. Laura Julianek landu du, kazetariei aholkuak emateko.
Berria, , 26-01-2018Errefuxiatuekin lotutako hainbat elkarterekin eta proiektutan egin du lan Laura Julian Arguedasek (Puerto de Sagunto, Herrialde Katalanak, 1991). Levante-EMV egunkarian aritu zen kazetari, eta aitortu du aktibismoa bere bizitzan sartu zela, Greziako eta Serbiako errefuxiatu eremuetan egon eta gero.
Nola sortu da hedabideetako diskurtso xenofoboaren aurkako gidaliburua egiteko aukera?
Valentziako Kazetarien Elkargoaren eta CEAR elkartearen arteko elkarlanetik sortu zen, bi eragileetako ordezkariek ikusi baitzuten gabezia larriak daudela etorkinen eta errefuxiatuen inguruko informazioa emateko. Beka bat sortu zuten, kazetari bat bilatu eta proiektu bat sortzeko. Azkenean, diskurtso xenofoboaren aurkako proposamenak egiteko ideia sortu zen.
Valentziako Unibertsitateko Komunikazio Fakultatean aurkeztu duzue gidaliburua. Nola zabalduko duzue?
Oraingoz, gidaliburua Valentziako Kazetarien Elkargoko eta CEAR-PVko webguneetan irakur daiteke. Helburua da testua ez dadila izan paper errea, eta kazetariek kontzientzia har dezatela zer garrantzitsua den hizkera egoki bat erabiltzea, estereotipoak ez erreproduzitzea, immigrazioa ez kriminalizatzea eta zenbakiak ez sinplifikatzea.
Gidaliburuan zein aurkezpenean esan duzu beharrezkoa dela kazetaritza arduratsu bat lantzea xenofobiaren aurka. Nola lor daiteke hori?
Kazetaritza arduratsu bat lortzeko modu bakarra da gizaki guztien giza eskubideen militantea izatea. Ezberdinarekiko beldurrak markatzen du egungo mundua, eta kazetaritzak kohesio sozialaren alde jokatu eta borrokatu behar du. Gorroto mezuak erreproduzitzen eta erreportaje arrazistak egiten jarraitzen badugu, bazterkeria areagotu egingo da. Ardura kazetari bakoitzaren etikaren gain dago; komunikabideek hartzen duten jarrera ideologikoan ere bai.
Zeintzuk dira hedabideetan ikusten dituzun adibiderik kezkagarrienak?
Adibide argiena da Espainiako Estatuan jaio ez diren pertsonen nazionalitatea aipatzea tituluetan. Adibidez, lapurreta bat dagoenean, espainiarra bada «lapur batez» hitz egiten da. Aldiz, pertsona hori Marokokoa denean, hedabide batzuek esaten dute: «Marokoar batek lapurtu du». Mezu hori hedabide ezberdinetan errepikatuz gero, delinkuentzia beste herrialde batzuetako pertsonekin lotzea eta immigrazioa kriminalizatzea lortzen da. Drogekin eta bortxaketekin lotutako berrietan ere gertatzen da.
Errefuxiatuei dagokienez, gidaliburuan diozu zenbakiak humanizatu egin daitezkeela.
Beti iruditu izan zait datuak oso hotzak direla. Badirudi pertsona errefuxiatuez hitz egiten dugula ekonomia datuez hitz egiten den moduan, eta horrelako gai batek sentsibilitatea eskatzen du. Gehien hunkitzen nauten erreportajeak pertsona zehatzen inguruan hitz egiten dutenak dira, eta ez datuei buruz ari direnak. Pertsona bakoitzaren atzean bizitza bat dago, istorio bat, familia bat, ziur aski iragan zail bat.
Nola egin beharko litzateke lan erredakzioetan immigrazioarekin lotutako terminologian?
Egokiena litzateke immigrazioan espezializatutako kazetariak egotea. Alor teknikoan, erreportajeak idatzi aurretik informazioa bildu behar da, terminologian nahasketarik ez izateko.
Gidaliburuan honako titulu hau irakur daiteke: «Euskadin bizi diren adingabeen %15 atzerrikoak dira». Zer konnotazio zituen albisteak?
Adibide hori aukeratu nuen argazki oinean hau jartzen zuelako: «Etorkinen bikote bat, alabarekin, Bilboko kaleetan paseatzen». Ez dut uste argazkia aukeratu zuenak bikote horri galdetu zionik etorkinak ziren ala ez. Baina andreak nikaba zeraman, eta erlijioa immigrazioarekin lotu zuen. Gainera, jatorri ezberdineko haurrak ikastetxeetan egotea arazo gisa aurkezten zuen artikuluak.
Sare sozialetan iruzkin arrazistak ikusten dira. Zer iritzi duzu?
Adierazpen askatasunaren eta gorroto delituaren arteko haria fina da oso. Sare sozialetan, gutxiengoen taldeen eta ahulenen aurkako gorrotoa ageri da. Harritzen nau ikusteak zein erraz egiten den iseka eta mehatxu. Hausnartu beharko genuke ea zein neurritan garen gorrotoaren diskurtsoaren konplize.
(Puede haber caducado)