Gasteiz «eskola segregazioaren paradigma» dela dio EH Bilduk

Koalizioak legez besteko proposamen bat aurkeztu du «arazoari» aurre egiteko neurriekin. Aferari heltzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

Berria, Aitor Biain, 19-01-2018

Eskola segregazioa hezkuntzak egun duen «arazo handienetariko bat» da, EH Bilduren arabera, eta, afera orokorra bada ere, ohartarazi du Gasteizen «bereziki gordina» dela. Arabako hiriburua «eskola segregazioaren paradigma» dela adierazi du Rebeka Ubera legebiltzarkideak. Nabarmendu duenez, baina, «ez da ez kasualitatea, ezta kasu bakarra ere». Izan ere, jatorri atzerritarra duten haurren %83 sare publikoko ikastetxeetan pilatzen dira Arabako hiriburuan. Horrek, hiriaren benetako aniztasuna eta errealitatea ez islatzeaz gain, zentroen estigmatizazioa ere badakarrela salatu du Uberak.

Hain zuzen, eskola segregazioaren arazoari aurre egiteko hainbat proposamen aurkeztu zituen EH Bilduk atzo Eusko Legebiltzarrean. Bi aste barru aurrematrikulazio kanpaina hasiko dela-eta «une egokia» delakoan, legez besteko proposamena aurkeztu zuen atzo Uberak, Miren Larrion legebiltzarkide eta zinegotziarekin batera.

«Segregazioaren fenomenoak oinarri sozioekonomikoak ditu, eta lotuta agertzen da, baina ez beti eta ez bakarrik, immigrazioarekin. Hau da, immigrazioa ez da arazoa, aniztasuna ez da arazoa; hemen benetan arazo dena gizarte arrakala eta pobrezia dira. Gakoa kudeaketa da», adierazi du Uberak. Oso kritiko azaldu da Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin; izan ere, EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, ez du jakin arazori aurre egiten, eta «albo batera uzten ari da». Bada, Uberak azpimarratu du «ulertezina» dela matrikulazio irizpide berriak «inolako kontsentsu eta adostasunik gabe» abian jartzea, eta urtarrilean onartutako dekretua bertan behera uzteko eskatu dio Jaurlaritzari.

Horrez gain, aniztasun handia dagoen ikastetxeetan ikasle-irakasle ratioak egokitzea eta tokian tokiko eskolatze bulegoak irekitzea ere proposatu du EH Bilduk, ohiko eta epez kanpoko matrikulazioak kudeatzeko. Hezkuntza Sailari eskatu dio, bidenabar, aintzat har ditzala Hezkuntza eta Aniztasun Mahaiak Gasteizen adostutako neurriak, «baliagarriak» izan daitezkeelako antzeko kasuetarako. Derrigorrezko hezkuntzan itunpeko ikastetxeen doakotasuna bermatzeko ere eskatu dio.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)