Errepublikanoak eta demokratak ez dira adostu immigrazioaren legean

AEBetan bost urtetik gora daramatzaten immigranteei paperak ematea proposatu dute demokratek; egitasmoa «mozorrotutako amnistia» dela diote errepublikano kontserbadoreenek

Berria, 08-04-2006

Immigrazioaren inguruko legea eztabaidatzen ari dira AEBetako Senatuan. Errepublikanoek eta demokratek elkarlanean egin dute proposamena, hura, ordea, ez da denen gustukoa. Hamabi milioi etorkin daude Estatu Batuetan paperik gabe.

Hiru taldetan banatu dituzte etorkinak: AEBetan bost urtetik gora daramatzatenak, bi eta bost urte artean daramatzatenak eta 2004az geroztik iritsitakoak. Lehenengoek zazpi milioi inguru, paperak lortu ahal izango dituzte eta aldiro berritu ahal izango duten lan baimena eskuratuko dute. 11 urteren ostean, lana baldin badute, ingelesa ikasi badute, atzeratutako zergak ordaintzen badituzte eta 2.000 dolar inguruko isuna ordaintzen badute herritartasuna eskatu ahal izango dute, inoiz deliturik egin ez badute. Bi eta hiru urte artean daramatzatenak hiru milioi pertsona inguru denbora batez herrialdetik atera beharko dute. Berriz itzuli ahal izango dute, baina alde baterako langile gisa. Orduan abiatu ahal izango dute herritartasuna lortzeko prozesua. Azkenik, AEBetara 2004az geroztik iritsi direnek milioi bat eta bi milioi pertsona artean beren herrialdeetara itzuli beharko dute, eta han Estatu Batuetan aldi baterako langile gisa sartzeko bisatua eskatu beharko dute. Chuck Hagel eta Mel Martinez senatari errepublikanoek bultzatu dute proposamena, eta demokraten nahiz errepublikanoen sostengua jaso dute. Herenegun erabaki behar zuten egitasmoa eztabaidatzen jarraitu edo bozkatu. Proposamena sostengatu zutenek hura onartzea nahi zuten, baina ez zuten lortu. Gauza bera gertatu zen atzo ere. Ondorioz, Aste Santuko oporren ostera arte atzeratu dute eztabaida.

«Mozorrotutako amnistia»

Errepublikano kontserbadoreenak dira proposamenaren aurkari nagusiak. «Mozorrotutako amnistia» dela diote. Iowako senatari Steve Kingen esanetan, «amnistiaren alde» bozkatzen duen edonor A gorrimin batekin markatu behar da. Antzina lapur eta hiltzaileei egiten zieten hori. Californiako senatari Dana Rohrabacherrek, berriz, uztak bilketa etorkinek egin beharrean, presoek egitea proposatu du.

AEBetako sindikatu nagusiak, AFL – CIOk, ere kritikatu egin du erreforma. Erakundeko presidente John Sweeneyren ustez, horrek milioika etorkinen lan baldintzak okerragotzea eragingo du, eta langile estatubatuarren soldatak ere kaltetuko ditu. Era berean, Immigraziorako Koalizio Nazionaleko buru Jaime Contrerasen esanetan, herrialdean bost urte baino gehiago daramatenek ez dute izena emango bermerik eskaintzen ez dien programa batean, esplotatuak izatera arriskatzen direlako.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)