Bide seguruak

Berria, Ibai Maruri Bilbao, 14-01-2018

Europaren hegoaldeko ateak zaintzen dituzten gobernuburuak eta estatuburuak Erroman elkartu dira aste honetan. Eztabaidatzeko hainbat gai izan dituzte. Besteak beste, erabaki dute ate horiek are zorrotzago zaindu behar direla, eta horretarako dirua eskatu diote Europako Batasunari. Migratzaileen jatorrizko herrialdeetan eta kontinente zaharrera iristeko zeharkatzen dituztenetan ere inbertitu nahi dute, tokian tokiko gobernuek euren lurraldeak «hobeto» kontrolatu ditzaten. Zelan? Haiek ikusiko dute. Estatu horiek giza eskubideei dieten errespetu mailaz ez du inork berba erdirik esan. Turkia da aurrekaria. Helburua da ahalik eta migratzaile gutxien iristea, eta hor aurkitu dute modurik errazena. Baina horrela jokatuta, arazoari aurre egin ordez, lekuz aldatuko dute: Afrikara eta Ekialde Hurbilera.

Siria, Irak, Yemen, Afganistan, Hegoaldeko Sudan, Somalia… luzea da indarkeriak gogor astindu dituen herrialdeen zerrenda. Gainera, iaz, XXI. mendean estreinakoz, gosetea hazi egin zen munduan, NBEaren arabera. Afrikako adarrean lehorte latza dute, kasurako. Heriotzari aurre egin gura badiote, inguru horietan bizi direnetako askok ez dute ikusten ihes egitea beste biderik; baita horretarako salbatu gura duten bizitza hori bera arriskuan ipini behar badute ere. Datozen urteetan gero eta gehiago izango dira. Eraikitako muga fisikoek ez dute traba handirik egiten egoera horietan. Ceuta eta Melillako alanbrezko hesiek erakutsi diote hori Espainiari, eta Bilboko portuan eraikitako lau metroko hormak Euskal Herriari: eraiki denetik, ferryra sartzeko saioak gutxitu ordez, bikoiztu egin dira 2017ko azken bi hiletan.

Etorkin eta errefuxiatuei babesa ematen lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeek migraziorako bide seguruak eskatzen dituzte. Etxetik alde egitea beste irtenbiderik ikusi ez duena behar beste arriskatzeko prest dago helburua lortzeko. Horregatik, Europako gobernuen migrazio politikek, besteak beste, migrazio horretan egon daitezkeen arriskuak gutxitzen lagundu beharko lukete. Etortzekoak badira, datozela seguru. Baina hartzen dituzten neurri gehienekin kontrakoa lortzen dute.

Are gehiago, migrazio horretan laguntza ematen dieten giza eskubideen aldeko ekintzaileak gogor hartzen dituzte. Azken adibidea Helena Maleno espainiarra da. Eta ez da bakarra. Espainiako Itsas Salbamendura egindako telefono dei batzuengatik hura epaitzen ari dira Marokon, Espainiako Poliziak salatuta. Giza trafiko sare bateko kidea izatea leporatu diote, etorkinez betetako txalupak itsasoan noraezean daudela ohartarazteagatik. Espainiako justiziak errugabetzat jo du, baina Poliziak temati jarraitu du. Espainiako Itsas Salbamenduko zuzendariak esan du Maleno dela Gibraltarko itsasartean «bizitza gehien salbatu duena».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)