Errefuxiatuen tragedia

Libiako itsasertzean 64 errefuxiatu hil dira asteburuan. Iaz 3.116 lagun ito ziren Mediterraneoan; 2016an 5.143 izan ziren. Italiara iristen da errefuxiatu gehien

Berria, Kristina Berasain Tristan, 09-01-2018

Cataniara zortzi hilotz porturatu zituzten atzo. Libiako itsasertzetik gertu larunbatean itotako errefuxiatuen gorpuak ziren; ontzi berean zihoazen beste 56 lagun itsasoan hondoratu ziren. Erreskatatu zituzten beste 86 lagun eraman zituzten Italiara, zortzi gorpuekin batera, eta horien artean hiru urteko neskato bat, itsasoan ama nola hondoratzen zen ikusi zuena. Enzo Bianco Cataniako alkateak kontatu zuen neskarena, bizirik ateratako osaba batekin zegoela zehaztuta.

Mediterraneoan hondoratu diren azken errefuxiatuak dira. IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak atzo eman zuen azken tragediaren berri; olatuak bezala, tragediak bata bestearen atzetik datoz itsasotik. 2017an 3.116 lagun hil ziren Mediterraneoan —abenduaren 21era arteko datua da—. Aurreko urtearen epe beraren aldean kopurua apalagoa bada ere, zenbakia itzela da, tragediaren neurria ematen duena. Urterik latzena izan zen 2016koa. Egeotik eta Afrikatik itsasoratutako 5.143 lagun ito ziren zeharkaldian, hamalau lagun eguneko, bi orduan behin bat; 4.967 abenduaren 21era bitartean. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, itsasoratzen diren 42 lagunetik bat itotzen da.

Mendebaldeko zeharkaldia

Mediterraneo mendebaldeko tartea izan zen iaz gehien hazi zen ibilbidea; Gibraltarko itsasartetik penintsulara sartzen diren errefuxiatuen kopurua hirukoiztu egin zen: orotara, 26.941 immigrante. Afrika eta Espainia banatzen dituen itsasartean hildakoak ere bikoiztu egin ziren, 128tik 223ra. Mediterraneo osotik, berriz, 181.543 lagun sartu ziren 2017an Europara. Aurreko urtean, 2016an, 387.895 izan ziren.

Mediterraneo ekialdeko bidean, berriz, dezente murriztu ziren irteerak. Greziatik 37.900 lagun itsasoratu ziren, aurreko urtean baino %79 gutxiago. Europako Batasunak eta Turkiak 2016ko martxoan egindako hitzarmenak eragin du aldaketa; Ankarari 3.000 milioi euro hitzeman zioten uharteetara iritsitako errefuxiatuak jasotzearen truke. Egeoko bidea, beraz, blokeatuta geratu zen, eta uharteetan ia 12.000 lagun geratu ziren ez atzera ez aurrera, linbo moduko batean.

Mediterraneo zentralarena izan da, beraz, gehien erabilitako ibilbidea beste urte batez. Italiara 119.310 errefuxiatu iritsi ziren iaz, eta ahalegin horretan 2.832 hil ziren. Libia da itsasbidearen abiapuntua iheslari askorentzat. Handik Italia baita bide zuzenena. Zeharkaldi hau, baina, dezente murriztu da azken hilabeteotan, gobernuz kanpoko erakundeek gizagabetzat jotako memorandumaren ondorioz. Italiak Libiako kostazainak trebatu eta finantzatu ditu errefuxiatuen irteera eragotz dezaten. Kostazainak, baina, mafien eskuetan daude, eta indarkeria baliatzen dute uretan, noraezean dauden ontzien bidea trabatzeko, baita erreskate lanetan ari diren ontzien aurrean ere. Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak berak salatu du jokaera hori, zehaztuta estatu kideak errefuxiatuen kontra egiten diren abusuen konplize direla.

Libian dauden errefuxiatuen egoeraz ere ari zen AI. Europako estatuak kritikatu zituen «migratzaileen esplotazioa sustatzen duen sistema bat» babesteagatik.

Libian, izan ere, esklabo merkatuak daude. CNN telebista kateak zabaldutako irudietan ikusi zen nola nigeriar bat saltzen zuten 800 dolarren truke. Tripoli kanpoaldean grabatutako irudietan, immigranteak kateatuta ikusten dira, enkantean saltzeko prest. Libian etorkinentzako atxilotze guneak daudela ere agerian geratu zen, eta horietan torturak eta gehiegikeriak egiten dituztela.

Konpromisorik eza

Europako estatu kideek, bien bitartean, ez dituzte euren konpromisoak bete; 2015ean erabaki zuten Italiara eta Greziara iritsi ziren 1,4 milioi iheslarietatik 160.000 banatzea. Kuotak ezarri zituzten horretarako, baina plana betetzeko epea amaitzean, 2017ko irailean, konpromiso horretatik urrun geratu ziren. Soilik 30.000 errefuxiaturi egin zieten harrera, hau da, hartu beharreko bost lagunetik bakarra hartu zuten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)