Bakarrik iritsitako etorkin adingabeak. Gaizka Rodriguez. Adingabeen zentro bateko arduraduna
«Harrera sistema aspaldikoa da, eta aldaketak behar ditu»
Bizkaiak, zentroak irekitzeaz gainera, ezer gutxi egin dezake, Rodriguezek dioenez. Haren ustez, aldundiek, Jaurlaritzarekin batera, immigrazio politikak aldatzea proposatu behar dute Madrilen.
Berria, , 27-12-2017Gaizka Rodriguezek (Irun, Gipuzkoa, 1978) argi dauka: «Ez dago sistemarik Bizkaiak bat-batean hartu duen etorkin adingabeen kopuruari erantzun egokia eman diezaiokeenik. Normala da olatuak bete-betean harrapatu izana». Ohartarazi du zentroak zabaltzea ez dela erraza, ez dela egun batetik bestera egiten. Eta bereziki azpimarratu du Bizkaiak azken hilabeteetan egin duen ahalegina, zazpi egoitza irekita. Gipuzkoako zentro bateko zuzendari da Rodriguez; hamabost urte daramatza adingabeekin beharrean.
Bizkaian gainezka daude zentroak. Zelan zaudete beste lurraldeetan?
Azkenean Bilbora jotzen dute gazteek gehien, baina Gipuzkoan ere azken bi urteetan igo egin da bakarrik datozen adingabeen kopurua. Araban ere sumatu da aurten igoera garrantzitsu bat. Nafarroan egoera ez da hain larria; han normalean oso gutxi egoten dira, eta orain iristen ari dira normalean baino gehiago. Heldurik gabe datozen adingabe horiek beti izaten dute migraziorako ibilbide bat. Eta haientzat Euskal Herria pasagune aproposa izan da Europarantz. Baina, azken urteotako atentatu jihadistak direla eta, estatu arteko mugetan gauzak okertu zaizkie. Ni Hendaian [Lapurdi] bizi naiz, neuk ikusten dut nola handitzen diren kontrolak mugan, alerta bosgarren mailara igotzen denean. Oso zaila da orain penintsulatik Europa erdialdera eta iparraldera igarotzea. Tapoia egiten da hemen eta Katalunian. Han ere egoera larria dute.
Beraz, adingabeen joan-etorria beti antzekoa izan da, baina orain hemen geratzen dira. Hori da azken bi urteotako arazoa?
Biak. Migrazioa beti egon da, baina orain handitu egin da. Normalean udan egoten zen gorakada bat; ramadanaren ostean ere, beste bat. Lehen, azaro, abendu eta urtarril aldera motelaldia egoten zen, baia aurten, ez: iristen jarraitu dute. Esan didatenez, Andaluzia eta Maroko arteko itsasoaren ezohiko egoera onak eragina izan du horretan.
Nola azaltzen duzu ezohiko mugimendu hori? Zergatik datoz orain lehen baino gehiago?
Guk batez ere magrebtarrak hartzen ditugu, eta, batzuetan, Saharaz hegoaldekoak. Galizian orain Saharaz hegoaldeko asko hartzen ari dira. Migratzaileek badakite joango diren lekuan zein jatorritako pertsonak topatuko dituzten, eta euren herrialdekoak daudenera joaten dira. Mediterraneoaren beste aldean dagoen errefuxiatu jarioak oztopatzen die handik pasatzea; alde hura gainezka dago. Afrika goitik behera bi zatitan banatzen baduzu, ezkerrera geratzen diren herrialdeetakoak Iberiar penintsulatik saiatuko dira Europan sartzen; eskuinera geratzen direnak, Grezia eta Italiatik. Argi dago harresiak handitzea eta mugak zorroztea ez dela nahikoa etorrera oztopatzeko. Jendea etorriko da, ez duelako beste irtenbiderik ikusten bere herrian. Eta arazoa ez dugu guk soilik; Europa osoaren arazoa da. Areagotu egingo da, gainera. Grezia, Italia eta Espainia dira gehien igartzen dutenak, baina Europa osoa dute helmuga. Eta nola hartuko ditugun pentsatu behar dugu, zer behar dituzten.
Kasu honetan, bakarrik datozen adingabeak dira. Haien jagoletza Hego Euskal Herrian hiru diputazioek eta Nafarroako Gobernuak daukate. Aparteko ardura bat ematen die horrek.
Pentsatu behar dugu gizarte modura zer erantzun ematen diegun: hezkuntza, osasuna, etxebizitza, enplegua… Eta horrek une honetan gainditu egiten gaitu. Egia da 18 urte baino gutxiago dituztenak hartu behar ditugula. Baina zer gertatuko da haiekin adindun direnean? Kalera joango dira. Badira gizarteratze programak, baina ez denentzat. Ez dauka zentzurik gazte bat urtebete zentro batean eduki eta gero kalera botatzeak. Egia da foru aldundien lehen arazoa aterpea edo babesa ematea dela, baina Eusko Jaurlaritzak ere zeresana dauka. Eta, batez ere, Espainiako Gobernuak.
Espainia aldean hainbat erkidegok eta Bizkaian eragile batzuek aipatu dute lurralde bakoitzarentzako gehienezko adingabe muga jartzea. Esan dute, adibidez, Bizkaira datozenak Araba eta Gipuzkoara ere banatu beharko liratekeela. Beste bi lurraldeetan lekurik al dago?
Gipuzkoan, Donostian dugu harrera egoitza. Orain 35 gazte daude. Gero babes sarera sartzen dira handik. Egia da ez direla zenbaki hain handiak. Baina egoitza horrek 22 lagunentzako lekua du. Dagoen tokiaren gainetik gabiltza 2015eko azarotik. Ordutik ez da egon egun bakar bat ere 22 gazte izan dituguna: beti goitik. Diputazioak neurriak hartu ditu. Eta martxo hasieran programa bat ipiniko dugu martxan egoerari aurre egiteko. Baina ez aterpe arazoa konpontzeko soilik.
Nork erantzun behar dio lurralde batzuek euren karga arintzeko egin duten eskaera horri? Espainiako Gobernuak? Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako diputazioekin negoziatuta konpon daiteke, irtenbide hori adingabe horientzat ona dela erabakitzen bada?
Joan den astean, horri buruzko bilera bat izan zen Madrilen. Baina kupoa jartzea ez da legezkoa. Erakunde batek adingabe baten zaindaritza hartzen duenean, legeak ez du uzten beste erakunde baten esku uztea gero. Kupoak jartzeak badu logika, baina adingabeekin ezin da hori egin. Andaluziara iristen direnean, askotan Juntak ez du haien zaindaritza hartzen. Orduan penintsulan gora egiten dute, hona iritsi arte. Eta hemen diputazioak haien kargu egiten dira. Egia da, bai: erkidego batzuek beste alde batera begiratzen dute auzi honetan.
Beraz, Bizkaiak ezin du egoitza berriak ireki besterik egin, iaztik duen adingabe etorreraren gorakadari aurre egiteko?
Ez. Hiru diputazioak eseri egin behar dute, proposamen bat adostu Jaurlaritzarekin, eta Madrilera eraman. Egia da Jaurlaritzak gehiago egin dezakeela. Harrera sistema hau aspaldikoa da, eta aldaketak behar ditu. Adibidez, gazteak gaztelania ez dakitela etortzen dira. Egoitzatik ateratzen direnean ez dute gaztelania maila nahikorik prestakuntza akademikoa hasteko. Helduen hezkuntzara baino ezin dira joan. Beraz, inoiz ez dute izango lan merkatura sartzeko gutxieneko formakuntzarik; edo tranpak egin beharko dituzte. Eta bada gehiago. Etxebizitza: ez da logikoa 19 urterekin denak pisuetara sartzea, oraindik denak ez baitira gai bizitza autonomo bat edukitzeko; agian, 21 urterekin, bai. Malgutasuna behar da hor. Osasunean ere arazo asko daude. Baina berriro diot: Madril eta Brusela estu hartu behar dituzte euskal erakundeek. Espainiak eta Europako Batasunak immigrazio politikak aldatu behar dituzte.
(Puede haber caducado)