Bakarrik iritsitako etorkin adingabeak
Txiki geratu da Bizkaia
Heldurik gabe dauden etorkin adingabeentzako zentroak gainezka daude Bizkaian. Azken bi urteetan, hirukoiztu egin da herrialdera iritsi direnen kopurua: ia 500 urrira bitartean. Zazpi egoitza berri ireki behar izan ditu diputazioak azken hilabeteetan. Sindikatuek prebisio falta egotzi diote.
Berria, , 27-12-2017Ez da lehen sutea izan, baina bai azkenaldiko larriena. Ez da sindikatu eta eragileek egin duten lehen salaketa izan, baina bai oihartzun zabalena lortu duena. Abenduaren 12an Zornotzako adingabeen zentroaren zati bat erre izanak azalera atera du Bizkaian 18 urtetik beherako etorkinei harrera egiteko dauden baliabideak gainezka daudela. «Iazko uztailean ohartarazi genion estreinakoz diputazioari», ekarri du gogora CCOO sindikatuko Roberto Alañak. Loiuko egoitzan egiten du behar, eta 27 urte darama gazte horiek hezten. Uste du Bizkaiko Gizarte Ekintza Sailak «denbora gehiegi» behar izan duela egoeraz jabetu eta neurriak hartzeko. BERRIA ahalegindu da arduradunekin hitz egiten, baina ez dute adierazpenik egin gura izan: erantzun dute adingabeen inguruko auziez ez dutela berbarik egiten, legeak eragozten diela argudiatuta.
Halere, arazoa egon badagoela aitortu du komunikazio bulegoak. Azaldu dute bi urtean hirukoiztu egin dela Bizkaira iritsi diren adingabeen kopurua. Eta diputazioak «ahalegin eskerga» egin duela, udatik hona baliabideak handituz. Dena den, ohartarazi du foru aldundiaren gaitasun ekonomikoak mugak dituela. Ez du argitu zer neurri hartu duten, ezin dutelakoan. Isabel Sanchez Robles Gizarte Ekintza diputatuak joan den urrian eman zituen azalpenak Bizkaiko Batzar Nagusietan. Ateak itxita egin zuen berba, «gaiak hala eskatuta». Dena den, filtrazio bidez jakin ziren hark kontatutakoak: 2017 hasieratik ordura arte, 486 adingabe iritsi ziren; 2015ean, 180 izan ziren, eta, iaz, 350. Era berean, udatik zazpi egoitza berri ireki direla ere azaldu zuen. Alañak esan du horiek ere dagoeneko gainezka daudela.
Duela hamarkada bat inguru izan zuen Bizkaiak gisa horretako etorkin adingabeen etorrera bat. Oraingoa hura baino handiagoa dela esan dute adituek. Gero «dezente» apaldu zen, eta diputazioak egoitzak itxi zituen. Hutsik geratu ziren asko. Bi egon dira zabalik urteotan: Zornotzakoa —lehen harrera egiteko da— eta Loiukoa —iraupen luzekoa—. Iazko uztailean itxita zegoen modulu bat ireki behar izan zuten Loiun, eta duela urtebete bigarrena. Zornotzakoak hasieran 30 gazterentzako lekua zuen; gero 40rentzat egokitu zuten. Baina, Alañaren arabera, sutea gertatu zenean 113 gazte bizi ziren egoitzan. Izan ere, aurtengo udazkenean iritsi dira gehienak. Haren ustez, hori gerta zitekeela aurreikusi behar zuen aldundiak. Zornotza zerratu ondoren, beste hiru egoitzetara eroan dituzte han zeuden adingabeak; tartean, Loiukora. CCOOko kidearen esanetan, harrezkero gazte batzuek koltxonetetan egiten dute lo, zoruan.
Harresiak Apurtuz koordinakundeko kide Aitor Oribe ere bat dator: haren arabera, diputazioa ez da garaiz iritsi. Baina, aldi berean, onartu du bat-batean ezin direla hainbeste egoitza ireki. Eta ohartarazi du helburua ezin dela izan aterpea ematea soilik; arreta ere eskaini behar zaiela azpimarratu du: «Argi dago aurrekontuak mugatuak direla. Berrehun euro badituzu hainbat adingaberi zerbitzu emateko, eta halako batean laguntza behar duen jende kopurua asko handitzen bazaizu, 200 euro horiekin ezin diezu behar besteko arreta eskaini. Hori ulertzeko gai bagara. Horregatik uste dut diputazioak laguntza eskatu behar zuela».
Oribek ontzat dauka Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dagoen gizarte zerbitzu eta laguntzen eredua. Administrazioak hirugarren sektorearekin elkarlanean egiten die aurre beharrei. Baina, baliabideez gain, koordinazioa falta dela iruditzen zaio. «Diputazioak esan zezakeen: ‘Baliabideak jarri ditut, baina ez da nahikoa. Laguntza behar dut’. Hirugarren sektoretik asko lagundu dezakegu. Eta herritarrek. Umeekin egiten den bezala, agian egongo dira nerabe hauek etxean hartzeko prest dauden bizkaitarrak». Uste du halako erronkei aurre egitea ez dela administrazioen lana bakarrik, gizarte osoarena baizik. «Denok dugu erantzukizuna. Ezin da erakunde publikoen gain utzi gizartearen beharrei erantzuteko ardura osoa». Argitu du Bizkaiko Diputazioak oro har zerbitzu ona ematen diela bere ustez, eta horren erakusgarri da adingabeek bereziki Bizkaira etorri nahi izatea penintsula osoko lurraldeen artean. «Itzelezko ahalegina egiten da gazte horiei prestakuntza emateko eta gizarteratzen laguntzeko».
Zerbitzuak erakarrita
Hain zuzen ere, Oribek uste du hori izan daitekeela bat-batean hainbeste etorkin adingabe etorri izana azaltzeko gakoetako bat. «Bizkaian gizarte zerbitzuak oso onak dira. Oro har, arreta ona ematen zaie. Eta, azkenean, ahoz aho, hori jakin egiten da. Guri eurek kontatzen digute aurretik hona etorritako herrikide edo senideren batek esana diela hemen oso ondo tratatzen ditugula». Horrez gainera, krisi ekonomikoaren urterik gogorrenak igaro izanak ere zerikusia izan dezakeela deritzo: «Herritarrok egunerokoan igarri ez arren, BPGa krisi aurreko egoerara itzuli da. Eta gazte horiek lan egingo luketen ofizioetan handitu egin da berriro langile eskaera: iturgin laguntzailea, sukaldeko laguntzailea… Askotan entzuten dugu enplegua lapurtzera datozela, baina ez da egia. Horietako bakar bat ere ez da izango mediku, hezitzaile edo irakasle».
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak aitortu du Ertzaintza ikertzen ari dela adingabeak Bizkaira ekartzeko talde antolaturik ote dagoen. Susmo hori agertu du Jose Carlos Cabrera Granadako Unibertsitateko Arabiar Ikerketen Zentroko ikertzaile eta Algecirasko (Andaluzia, Espaina) adingabeentzako harrera zentroko bitartekariak: «Ez daukat zalantzarik: Marokotik Andaluziara ekartzeko mafiak dauden moduan, Andaluziatik Bilbora eroateko ere badago». Azaldu du duela bi urtetik hona igarri dutela zuzenean Zornotzako zentrora etorri gura duten adingabeen presentzia gero eta handiagoa. Eta 24 orduan Bilbon egotea lortzen dutela. «Hori ez da lortzen laguntzen dien sare bat izan gabe».
Oriberi «gogorregia» iruditu zaio mafia izena. Aitortu du ez dakiela diru truke Bizkaira etortzen laguntzen dien sarerik dagoen. Badaki gazte batzuk penintsulara txalupetan etortzen direla, eta horregatik diru «asko» ordaintzen dutela. Baina erantsi du bera kide den Itaka-Escolapios elkartearen laguntza jasotzen duten gazte adingabeak euren kasa etorri direla. «Kontatu egiten digute: bata kamioi baten azpian etorri dela ferryan, bestea egun baterako bisarekin turista moduan sartu dela Espainian eta gero penintsulan barrena ibili dela… Halakoak izaten dira sartzeko ohiko moduak».
Ibilbide markatuak
Alañak Gipuzkoan eta Araban ipini du arreta: «Ez da normala Bizkaia ezinean ibiltzea eta beste bi probintziak, berriz, ia etorkin adingabe barik egotea». Horregatik, kupo bat eskatu dio diputazioari; Bizkaiak har ditzakeen gehieneko adingabe kopurua finka dezala, eta hortik gorakoak Arabara, Gipuzkoara edo beste autonomia erkidego batzuetara eroatea. Save The Children Euskadi gobernuz kanpoko erakundeak ere nerabe horien banaketa orekatuagoa eskatu du, Zornotzako sutearen harira zabaldutako mezuan. Andaluziak, Mediterraneoko erkidegoek eta Bizkaiak gehiegizko karga dutela ohartarazi du, eta koordinazioa eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Oribe, ordea, ez da halakoen aldekoa. «Pentsatu nik Alemaniara joan gura dudala beharrera; Alemaniara, Munichera. Nor da Alemaniako Gobernua niri esateko Munichera barik Frankfurt edo Berlinera joan behar dudala?». Bilboko Eskolapioen ikastetxean Batxilergoan bere ikasle direnei egindako galdera gogoratu du: «Nik itauntzen diet: pentsatu beste herrialde batera joan gura duzuela bizitzera? Zer beharko zenukete? Eta erantzuten didate pasaportea, etxea, lana, eta han gidari lanak egingo dizkien ezagunen bat, parrandara nora joan-eta esango dien laguna. Bada, hona datozen etorkinek ere horixe bera behar dute». Horregatik, adingabe edo adindun, migratzaileen ibilbidea eta proiektua errespetatu behar dela esan du, administrazioen behar numerikoak kontuan hartu beharrean.
Harrera sistemak berak ere gabeziak dituela uste du Oribek. Eta diputazioa bera ere ohartu dela esan du: «Azkenaldian gizarte zerbitzuak berregituratzen ari dira, buelta bat ematen. Kasu honetan, esaterako, ohartu dira esfortzu itzela egiten dutela gazteekin, baina 18 urte bete eta biharamunean kale gorrian geratzen dira. Zertarako haiekin egindako lana?». Alañak ere iritzi bera du: uste du diputazioak nolabaiteko akordioren bat lortu behar duela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, adindun bihurtzen direnean ere ikasten jarraitzeko aukera izan dezaten. Oribek azaldu du toki batzuetan udalek ahalegin berezia egiten dutela 18 urtetik gora dituztenean; Bilboko Udala nabarmendu du: «Batzuetan gainezka egoten dira han ere, baina esfortzu itzela egiten dute». Baina salatu du Eusko Jaurlaritzak onartutako Gizarte Zerbitzuen Katalogoaren arabera Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 20.000 biztanletik gorako herri guztiek izan behar luketela kalean geratzen direnentzako aterpea, eta asko direla oraindik halakorik ireki ez dutenak. Beraz, etorkin adingabeei sarri kalea beste aukerarik ez zaie geratzen adindun bihurtzean.
Era berean, ohartarazi du batzuk 17 urterekin etortzen direla, eta horiek arreta eskasagoa jaso ohi dutela. «Hilabete gutxiren buruan kalera joango dira; beraz, ez dira sartzen formakuntza ibilbidera. 1314 urterekin datozenek, ordea, hizkuntza ikas dezakete, eta ikasteko prest badaude, eskola publikora joan daitezke. Ahalegin handia egin behar izaten dute, baina oso aberatsa izaten da; bai eurentzat, bai eurekin lan egiten dugunontzat». Uste du adindun bihurtzear datozen horiei irtenbideren bat eman behar dietela administrazioek oro har.
Alañak berretsi du gazteen soslaia ere aldatu dela. Orain nagusiagoak dira, eta, haren arabera, lehen baino portzentaje handiagoan etortzen dira gazte «gatazkatsuak». «Horiekin zerbait egin behar da. Gainontzeko gazteen prozesuak oztopatzen dituzte. Ezin dira denak elkarrekin egon». Garai batean, Artxanda aldean zegoen jarrera arazoak dituzten gazteentzako zentroa, baina itxi egin zuten. Halako baten edo gehiagoren beharra dagoela ohartarazi du.
LABek ere bat egin du horretan. Oskar de los Bueis sindikatuaren Bizkaiko Arlo Soziokomunitarioko arduraduna da. «Kalean ezin direnez egon, zentroetan batzen dituzte denak. Baina horrela ezin da: gazteen soslaien arabera antolatu behar dira, batzuk zentro batzuetan eta besteak besteetan». Azaldu du gazteen soslaien arabera zaintzaile eta hezitzaile ratioak ere aldatzen direla: zenbat eta gatazkatsuagoak izan, orduan eta hezitzaile gehiago behar dituzte. Baina jarrera arazoak dituztenentzako zentrorik ez dagoenez, zentro arruntetako ratioekin moldatzen dira, adingabe gatazkatsuak egon zein ez.
Zentrootako langileen egoeraz ere gogoeta eskatu du LABeko ordezkariak: «Gainezka eginda daude. Egoeraren kontrola galduta daukate, eta horrek egundoko antsietatea sortzen die. Era berean, horrek berekin dakar hezitzaile lana ezin ondo betetzea».
(Puede haber caducado)