DSBEari 3,7 milioiko iruzurra ustez egin dion taldea desegin dute
Espainiako Poliziak 186 lagun atxilotu ditu, horietatik 163 Gipuzkoan. Lanbidek DSBEa jasotzen duten pakistandar guztien espedienteak ikertuko ditu, hangoak baitira ustezko iruzurgileak
Berria, , 16-12-2017Gipuzkoan DSBE diru sarrerak bermatzeko errentari 3,7 milioi euro arteko iruzurra ustez egin dion talde bat desegin du Espainiako Poliziak. 186 lagun atxilotu dituzte, horietatik 163 Gipuzkoan bertan, eta batzuk Bilboko, Madrilgo eta Bartzelonako aireportuetan. Beste 59 lagunen bila dabiltza. Gehienak eskubiderik gabe oinarrizko errenta jaso zuten pertsonak dira, baina sareko ustezko burua ere harrapatu dutela dio Poliziak, agiri faltsuz betetako poltsa batekin. Lanbidek iragarri du Pakistango herritartasuna duten DSBEaren jasotzaile guztien espedienteak banan-banan ikertuko dituela, hangoak baitira ustezko iruzurgileak.
Poliziaburuek eta Javier de Andres Espainiako Gobernuko ordezkariak eman zuten atzo operazioaren berri, Donostian. Jose Manuel Portela atzerritarren brigadako Donostiako arduradunak azaldu zuenez, ikerketa 2016ko abuztuan hasi zen, «jatorri pakistandarreko herritarren migrazio mugimendu klandestino bat» antzeman zutenean. Pakistango Gobernuari galdetuta, hark baieztatu zuen pertsona horiek agiri faltsuak erabiltzen ari zirela.
Lanbideko zuzendari Borja Belandiak baieztatu zuen enplegu zerbitzuek hasieratik izan zutela operazioaren berri eta «aktiboki» elkarlanean aritu direla Espainiako Poliziarekin. Belandiak zehaztutakoaren arabera, paper susmagarriak ikusiz gero, poliziei jakinarazten diete, iker ditzaten.
Portelak esan zuenez, iruzur kasu gehienak Azkoitian, Azpeitian, Eibarren eta Elgoibarren egin ziren arren, sareak Beasaingo etxe batetik egiten zuen lan. Hara jotzen zuten pakistandar jatorriko herritarrek agiri faltsu bila —pasaporteak, errolda edo lan agiriak—, eta 350 edo 400 euro ordaintzen zituzten haien truke. Paper horiekin DSBEa edo Gipuzkoako Aldundiaren DSBL diru sarrerak bermatzeko laguntza eskuratu zituzten. Guztira, 331 agiri faltsu aurkitu dituzte, eta kalkulatu dute iruzurra 3,7 milioi euroraino irits daitekeela.
Oinarrizko errenta eskatzen zuten ustezko iruzurgileetako asko ez ziren Gipuzkoan bizi, Europako edo Asiako beste leku batzuetan baizik. Kasu batzuetan, Lanbidek edo Gipuzkoako Aldundiak banatutako laguntzak «egun berean» Pakistanera desbideratzen ziren, mintzategien bitartez edo jasotzaileak hara joaten zirelako.
Aurtengo martxoan, Arabako Auzitegiak lau urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zien Pakistango bost laguni, DSBEari 180.000 euroko iruzurra egiteagatik.
Lanbideko buru Belandiak nabarmendu zuen «ahalegin» handia egiten ari direla gizarte laguntzen kontrola zorrozteko, eta hatz-marka digitalaren bitartez «eraginkorrago» izango direla. Hori bai, nabarmendu zuen «jarrera puntualek» ezin dutela auzitan jarri Lanbideren zerbitzuaren kalitatea.
Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuak azaldu zuen atxilotuetako inork ez duela gaur egun DSBLa jasotzen. Bilduren garaian sortu zuten laguntza hori, erreforma batek DSBErik gabe utzi zuenean hiru urteko erroldatzerik ez zutenei. Iaz, hiru urteko epean DSBLa kenduko zuela iragarri zuen oraingo diputazioak, EAJ-PSEren esku.
Etorkinak DSBEaren iruzurrarekin lotzeko kanpaina egin ondoren, operazioa baliatu du PPk esateko Lanbidek «nabarmen huts» egiten duela. Laura Garridoren esanetan, «premiazkoa» da erreforma.
(Puede haber caducado)