Gutxienez 6.700 rohingya hil dituzte Myanmarren, MSFren arabera
Etnia musulmanaren aurkako jazarpenaren lehen hilabeteko datuak dira. Orain arte izandako hildako kopururik handiena da zabaldutakoa. 655.000 rohingyak egin dute ihes Bangladeshera
Berria, , 15-12-2017Rohingya etnia musulmanaren aurkako jazarpenari buruzko datu berriak zabaldu dituzte MSF Mugarik Gabeko Medikuek: Myanmarko armadak gutxienez 6.700 rohingya hil zituen hilabetean —abuztuaren 25etik irailaren 24ra—, eta horietatik 730 5 urte baino gutxiagoko haurrak ziren. Orain arte emandako zifrarik handiena da erakundeak atzo zabaldutakoa, besteak beste Myanmarko Gobernuak zabaldutako kopuruarekin konparatuz gero asko aldatzen baita hildakoen zifra; Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel sariduna buru duen gobernuaren arabera, 400 dira hilabeteotan hildakoak. Kopurua, ordea, handiagoa izan daiteke, MSFko Mediku Zuzendari Sidney Wongek ohartarazi duenez. «Jakinarazi dugun zifra kontserbadorea da, ez baikara Bangladeshko errefuxiatu gune guztietan egon. Gainera, Myanmarren geratu diren rohyngyei buruz ez dugu daturik».
Abuztuaren 25ean gaiztotu zen egoera Myanmarko Rakhine eskualdean, ARSA Arakan Rohingya Askapen Armadak polizien eta militarren etxola bati eraso eta hamabi militar hil baitzituen. Harrezkeroztik, 655.000 rohyngyak egin dute ihes eskualde horretatik Bangladeshera, Nazio Batuen Erakundearen arabera. MSFk emandako datuak ondoren iritsitako iheslari kopuruari proportzioz kalkulatuz gero, 9.425-13.759 rohingya hil zituen Myanmarko armadak jazarpenaren lehen hilabetean, 5 urte baino gutxiagoko mila haur tartean.
Azaroan Cox’s Bazarreko errefuxiatu gunean egindako sei ikerketaren ondorio dira datuok. Aztertutako eremuan 608.108 pertsona zeuden une horretan, MSFk zabaldutako datuen arabera. Han elkarrizketatu zituen 2.434 familia, egoeraren berri izateko; haien testigantzen ondorioz jakinarazi dituzte zifrak. Besteak beste, erakundeak ondorioztatu du 4.623 rohingya tiroz hil zituztela, eta 603 beren etxea erreta hil zirela. NBEk eta AEBek «garbiketa etnikotzat» jo dute Myanmarko armadaren jazarpena, baina herrialde horretako gobernuak behin eta berriz ukatu du halakorik gertatu dela.
Myanmarrentzat, rohingyak «Bangladeshtik iritsitako immigrante ilegalak» dira, eta ez ditu herrialdeko etnia gisa aitortzen —135 ditu aitortuak—. Testuinguru horretan, Bangladeshko eta Myanmarko gobernuek rohingyen itzulera ahalbidetzeko akordioa egin zuten joan den azaroaren 23an, baina «gutxi» dira itzulerako bidea egin dutenak, Gurutze Gorriaren arabera.
«Bizia amaitu da»
Rakhine eskualdean 300.000 rohingya inguru daude. Jazarpena hasi zenetik, egunerokoa ez da normalera itzuli; «bizia amaitu da», Gurutze Gorriaren ustetan. Izan ere, eskualdeko komunitateen arteko tentsioak oztopo dira dendak eta merkatuak berriz irekitzeko, eta egoera horrek ondorioak ditu herritarrengan. Rakhine iparraldean egoera egonkortu egin da, talka gutxi daude, baina komunitateen arteko tentsioa «handia» da. «Landaguneetan bidaiatzean ohartzen gara gertatu denaz. Errepidearen bi aldeetan guztiz suntsituta dauden herriak ikusi ditugu», azaldu du Gurutze Gorriaren Operazioetarako Zuzendari Dominik Stillhartek.
Egoera hori aldatzeko eta eskualde horretan azpiegiturak garatzeko, Rakhinen Egoerari buruzko Batzordeak —Myanmarko Gobernuaren eta Kofi Annan fundazioaren artean osatua— zenbait gomendio eman zituen joan den abuztuan. Hain justu, Myanmarko Gobernuak aste honetan iragarri du hamar kidez osaturiko komite bat sortu duela, herrialdeko eta nazioarteko adituz osatua, batzordeak emandako gomendioak praktikan jartzeko. Hor daude, besteak beste, Hegoafrikako Defentsa ministro ohi Roelof Petrus Meyer, apartheid-a amaitzeko negoziazioetan parte hartu zuten politikarietako bat. Ez dago, ordea, Rakhineko ordezkaririk.
Bake negoziazioak
Bake negoziazioen hirugarren txanda datorren hilabetean egingo dute iazko abuztuan egin zuten lehena—. Hitzordu horri begira, UNFC Nazio Batuen Kontseilu Federalak hiruko bilera egiteko eskatu die Aung San Suu Kyiri eta Myanmarko armadako buru Min Aung Hlaingi; UNFC behin batzartu da Aung San Suu Kyirekin, joan den martxoan. Izan ere, bake negoziazioetan parte hartzeko baldintzetako bat da su-etena sinatzea, eta UNFCko taldeek ez dute pauso hori eman.
(Puede haber caducado)