Eusko Legebiltzarrean ez dute aski adostasunik Bilboko portuko murruaren aurka
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek defendatutako zuzenketa batek ez du babesik lortu. Beste taldeek «segurtasun» arazoez abisatu dute
Berria, , 15-12-201728 boto alde; 46 aurka. Horrela amaitu zen atzo EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean defendatu zuten erdibideko zuzenketa baten gaineko bozketa: babesik gabe. Bilboko portutik Erresuma Batura doazen —Plymouth hiriarekin da lotura— ferryetara sartu nahi duten migranteen mugimenduak eragozte aldera kaian eraikitako murruari buruzkoa zen zuzenketa, eta agerian utzi zituen ikuskera ezberdinak. Testuaren aldekoek azaldu zuten harresiaren bidez ez dela taxuz bideratuko horren atzeko arazoa, eta itsasontzietan sartu nahian dabiltzanen «kriminalizazioa» dakarrela. «Uste duzue harresiak arazoa konponduko duela?», itaundu zuen EH Bilduko legebiltzarkide Jasone Agirrek. Podemosen izenean, Tinixara Guanchek lehendik mundu zabalean jendeari bidea eragozteko jarri izan diren harresiak zerrendatu zituen, kritiko: «Zertarako balio izan dute?».
Migrazio prozesuetan dabiltzan gizon eta emakumeen eskubideak defendatzen dituztela adierazi arren, «segurtasun» arrazoiak nabarmendu zituzten gainerako talde politikoetako ordezkariek. Funtsean harresiaren kontrako motiboak aintzat hartu arren, portu barruko funtzionamendu ona bermatu behar dela adierazi zuen PSEko ordezkari Eneko Anduezak: «Tentuz jokatu behar da». Zuzenketaren alde ez egiteko ziotzat «forma akatsak» jo zituen, edukizkoak bainoago.
Hesitutako eremu bat
EAJk eta PPk, berriz, nabarmendu zuten babestu beharreko eremu bat dela portua, bestela ere hesitua, eta han mugimenduak kontrolatzeko neurriak hartzea zilegi dela. «Ze giza eskubide urratzen dira esparru kritiko batean sarrera galarazita?», galdera egin zuen Joseba Zorrila jeltzaleak. Nabarmendu zuen, gainera, erakunde arteko mahai bat martxan jarrita dagoela migrazio prozesu horietan daudenak artatzeko: «Utz diezaiogun mahai horri lan egiten. Kasu honetan, bi aldagai hartu behar dira kontuan; legea bete behar da, eta gizatasunez ere jokatu behar da». Hain zuzen ere, bien arteko orekari eusten ari direla azaldu zuen. PPko ordezkari Antonio Damboreneak kritika egin zien testua aurkeztu zuten taldeei; «errefuxiatuez» aritzea egotzi zien, eta bestelako soslai bat duten pertsonak direla esan zuen; bisarekin iritsitakoak direla, Erresuma Batura iristea beste helbururik ez dutela, eta baliabideak dituztela: «Dirua dute, eta eskuko telefonoak dituzte». Aldiz, itsasontzietan sartuta merkantziak hondatzen dituztela esan zuen, eta itsasontzi konpainiaren interesen alde egin behar dela.
EH Bilduk eta Podemosek onartu zuten segurtasun neurriak aintzat hartu behar direla, eta zaildu egiten duela horrek auzi honen irtenbidea. Onartu zuten, halaber, hainbat ahalegin egin direla Bilboko portuaren inguruan dabiltzan etorkin horiei laguntza emateko. Ez dute deus positiborik ikusten, ordea, harresi horren eraikuntzan. Guanche: «Onartzen dugu zaila dela, baina harresia ez da konponbidea».
(Puede haber caducado)