Giza salerosketatik 45 biktima «askatu» dituzte 15 urteotan

Ertzaintzak plan bat jarri du abian sexu esplotaziorako emakumeen salerosketari aurre egiteko. « Prostituzioaren mapa bat» gauzatu nahi du, ikerketetan laguntzeko

Berria, Aitor Biain, 15-12-2017

Sexu esplotaziorako pertsonen salerosketari lotuta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak eman ditu argitara Ertzaintzak: azken hamabost urteetan, 45 biktima «askatu» eta 47 pertsona atxilotu edo ikertu ditu. Bada, auziari aurrea hartu nahi dio, eta ekintza plan berezi bat jarri du martxan horretarako. Beste urrats bat egin nahi izan du Nazio Batuen Erakundeak 2013an onartutako ebazpenari jarraituz, emakume salerosketaren biktimengana hurbildu, diagnostiko zehatza egin eta biktima izan daitezkeenei babesa emateko.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak aurkeztu zuen plana atzo, Gasteizen. Arabako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuaren buru Iñaki Arteaga, Bilboko ertzain etxeko buru Patricia Martinez de Musitu eta pertsonen aurkako delituen ataleko arduradun Hugo Prieto izan zituen alboan, egitasmoa aurkezten. Emakunderen, instituzio publikoen, elkarteen eta gobernuz kanpoko erakundeen lankidetza izan du plana garatzeko.

Sexu esplotazioak eta giza salerosketak «izaera estrategikoa» dute Ertzaintzarentzat, Beltran de Herediak adierazi duenez. «Emakume salerosketa egun nazioarteak aurre egin behar dion arazorik larrienetarikoa da». Planak «prebentzioa» du oinarri, sailburuaren esanetan, eta udalerri guztietara zabalduko da.

Prostituziora hurbildu

Giza salerosketaren «azken geltokia» izaten dira sarri Araba, Bizkai eta Gipuzkoa, Prietoren arabera: sexu esplotaziorako erabiltzen dituzte hala ekarritako emakumeak eta haurrak. Hori horrela, «prostituzioaren mapa bat» gauzatu nahi du Ertzaintzak, errealitatea «sakon» aztertzeko. «Ez ditugu prostituzioan dihardutenak kontrolatuko. Babestu, informazioa eman, eta beharrik izanez gero laguntza eskainiko diegu», adierazi du Arteagak. «Biktima babestea da gure planaren oinarria, ikerketaren helburuaren gainetik», erantsi du Prietok.

Kaletik klubetara lekualdatu da prostituzioa lehenik, eta etxebizitzetara ondoren, Ertzaintzaren arabera; horrek «zaildu» egin du ikertzea. Nolanahi ere, prostituzioan dihardutenengana hurbildu, eta hainbat hizkuntzatara itzulitako eskuorriak banatuko diete, informazioa eman eta laguntza eskaintzeko. Urteko egun eta ordu guztietan eskuragarri egongo den telefono zenbaki bat ere ireki dute horretarako.

Ekintza plana, berez, iaz jarri zuen martxan Ertzaintzak, Irunen (Gipuzkoa) lehendabizi, eta Gasteizen, Errenterian (Gipuzkoa) eta Muskizen (Bizkaia) ondoren. Orotara, 372 pertsonengana hurbildu zen (209 Gasteizen, 102 Irunen, 37 Errenterian eta 24 Muskizen). Gehienak (%94) atzerritarrak ziren, eta emakumeak; zortzi ziren transexualak, eta hiru besterik ez gizonezkoak. Lau gune horietan bildutako datuekin ondorioztatu dute 10.000 pertsonatik ia zazpik dihardutela prostituzioan EAEn.

Ertzaintzak urteak daramatza andreen salerosketaren aurka lanean, Segurtasun sailburuak nabarmendu duenez; batez ere, ikerketan murgildu da orain arte. Hain zuzen, 24 ikerketa abiatu ditu azken hamabost urteotan: hamazortzi Bizkaian, zortzi Araban eta bakarra Gipuzkoan. Ikerketa horien arabera, nigeriarrak dira EAEra iristen diren emakume gehienak (%46), hegoamerikarren (%44), errumaniarren eta txinatarren aurretik. Biktimaren eta arduradunaren arteko herritartasuna bat etorri ohi da.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)